1.- Euskal preso eta iheslari politikoak gatazka politikoaren ondorio eta adierazle dira.
• Gatazka politiko horren jatorrian Euskal Herriak bere etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko duen eskubidearen ukazioa dago. Francoren ondoren eratu zen 78ko Erregimenak ez zion arazo politiko horri erantzun demokratikorik eman; ez zuen aurreko erregimenarekin hautsi. Eta horrek, gure herriaren etorkizuna kolokan jartzeaz gain, gatazkaren luzamendua ekarri du, alde anitzeko sufrimendua, milaka euskaldunen espetxeratzea.
• Bestalde, hamarkada hauetan espetxean, ihesean eta deportazioan egon diren militanteei aplikatu zaizkien neurri guztiak kolektiboak eta politikoak izan dira, helburu zehatz batekin: independentismoa kaltetzea. Horregatik ez daude oraindik etxean, ETAk borroka armatua utzi zuenetik dagoeneko hamar urte igaro diren arren.
2.- Azken hamarkadan, gatazka bideratzeko urrats erabakigarriak egin dituzte ezker abertzaleak eta euskal jendarteak. Hortaz, baldintza eta adostasun nahikoak eraiki dira Espainiako Estatuak ere, orain arte ez bezala, konponbideari hel diezaion.
3.- Arazo politikoei konponbide politikoak eman behar zaizkie. Espainiako Estatuak ezin du beste aldera begiratu. Euskal Herriarekin eta Kataluniarekin duen arazoari eta, oro har, lurralde auzia deitu izan zaion horri, konponbide demokratikoa eman behar diola barneratu behar du behingoz.
4.- Preso eta iheslari politikoen auziaren konponbideari dagokionez, azkenaldi honetan eskubide urraketa lazgarri batzuk gainditzeko urratsak egiten hasi dira. Orain, jauzi bat eman behar da, euskal preso eta iheslari politiko guztiak etxera ekartzeko. Elkarbizitza demokratikoak preso politikoen askatasuna eskatzen du eta horretarako, orain arte bezala, adostasun zabalak eta mobilizazio soziala funtsezkoak izango dira. Soilik euskal jendartearen aktibazioak berma dezake ireki den aukera bururaino eramango dugula.
5.- Horregatik, SORTUk apirilaren 17an, Preso Politikoen Nazioarteko Egunean, ‘Askatasuna!’ lelopean Iruñean, Bilbon, Donostian eta Gasteizen antolatu dituen mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatzen die herritar guztiei. Euskal Herriak bere etorkizuna demokrazian, bakean eta askatasunean eraiki behar duelako. Euskal preso eta iheslari politiko guztiak etxean behar ditugulako.