Gatazka politikoaren biktima berri bati negar egin beharrean gaude gaur. Antton indarrean dirauen espetxe politika krudel eta ankerrarren ondorioz hil delako. ETAren biolentzia desagertu zen, baina estatuarenak presente dirau. Espetxe politika kriminal horrek sufrimendua eta heriotza eragiten jarraitzen duelako hemen eta orain.
Euskal gizarteak aurrera egin nahi du; bakea eta elkarbizitza nahi ditu. Eta nekez egingo du aurrera, nekez lortuko ditu bakea eta elkarbizitza hemen eta orain sufrimendua eta biktimak eragiten jarraitzen duen espetxe politika horrek indarrean diraueino. Hamarkadak pasa ditugu entzunez legea bete beharra dagoela; legea betetzeko dagoela. Bada, bete dezatela legea, bete dezatela beren legea: aska ditzatela larriki gaixorik diren presoak; ezaba dezatela behingoz salbuespen neurri oro; utz diezaietela presoei askatasuneranzko bidea urratzen, inolako oztopo eta trabarik gabe.
Biktima guztiak aitortu eta erreparatzeko garaia da, ez biktima eta sufrimendu gehiago eragitekoa. Espetxeak husteko garaia da, ez haiek betetzen segitzekoa. Oraingoan bai, Antton azkena izan dadin nahi dugulako; Antton azkena izan dadin behar dugulako.
Gaur dolu eguna da ezker abertzalearentzat. Baina gaur bakearekiko eta elkarbizitzarekiko gure konpromisoa atzo baino tinkoagoa da. Ez dugu etsiko herri honen bakea eta askatasuna lortu arte.