ALBISTEA


bakea eta bizikidetza

Altxa dezagun esperantza aktiboaren bandera!

2022-09-25

Irailaren 27 urteurrenaren harira, Sortuk ekitaldia egin du Tolosan. Egoera makurraren aurrean, itxaropen aktiboaren bandera astintzeko eta erakunde zein kaleetan borrokatzeko dei egin du.

"Herri-gogoak mantendu du Euskal Herria bizirik, askatasun egarriz, aurkakotasun guztien aurrean".

Arkaitz Rodriguez Sorturen idazkari nagusiak nabarmendu du ziurgabetasun garai honetan ezinbestekoa dela itxaropen aktiboaren bandera jasotzea parez pare ditugun erronkei aurre egiteko, eta esperantza hori borrokak ematen digula. Horregatik askapen nazional eta sozialaren alde borrokan jarraitzeko deia egin die gaur eguerdian Tolosan bildutako militanteei. Irailaren 27ko urteurrenaren harira, “Nehork ez dio Eguri itxaropena kenduko” lelopean Sortuk antolaturiko nazio-ekitaldian egin ditu adierazpenok Rodriguezek.

Sinbolismo eta solemnitate handiko ekitaldia eskaini du Sortuk Txiki eta Otaegiren fusilamenduan 37. urteurrenaren testuinguruan. Kepa Akixo “Zigor” artistak itxaropenaren eta borrokaren inguruko gogoeta izan da ekitaldiaren oinarria. Izan ere, Zigorrek momentu iheskor bati begira jartzen gaitu: egun berriaren hasierak dakarren itxaropen uneari; hau da, herri honetan egunero berritzen den borrokari, bizi nahiari eta horrek guztiak dakarren itxaropenari. Azken batean, herri-gogoak mantendu du Euskal Herria bizirik, askatasun egarriz, aurkakotasun guztien aurrean. Lan honen bidez, militante abertzale orok pizten duen itxaropenari egiten dio gorazarre.

Arkaitz Rodriguez: “Egoera makur honen aurrean, esperantza aktiboa”
"Jaso dezagun antolakuntzaren eta borrokaren bandera; Txiki, Otaegi eta beste askok jasotako hura".

Txiki eta Otaegi militante antifaxistak gogora ekarri ditu Sorturen idazkari nagusiak hitzartzearen hasieran. “Europako edozein herrialdetan omenaldi instituzionalak egingo lizkiekete Txiki eta Otaegiri, baina hemen haien memoria kriminalizatu egiten dute, frankismoarekiko haustura demokratikoa oraindik egin ez den seinale. Gaur, Txiki eta Otaegiren belaunaldiari esker, gure herriaren egoera askoz ere hobea da. Gaur, haien guztien borrokari esker, orduan pentsa ezineko eskubide eta askatasunak dauzkagu. Zalantzarik gabe, gure helburuetatik hurbilago gaude.”.

Egoera aski berezia bizi dugula kontuan hartuta, hala nola, klima larrialdia, aberastasunaren arrakalaren areagotzea, erregai fosil merkeen amaiera eta inboluzio politikoa eta faxismoaren mehatxua, burujabetzak horri guztiari aurre egin behar dio. “Baina albiste on bat bada. Hau guztia aldatu behar da, eta alda daiteke”. Inposatu eta sozializatu nahi dituzten zenbait hainbat mantrari aurre egin behar diegu”, adierazi du.

Idazkari nagusiaren aburuz, egoera hau antinaturala da. “Egoera honek arduradunak dauzka, hau izen-abizenak dituzten arduradunak. Erantzuleak dira IBEX-35a, industria armamentistikoa, putre funtsak. Erantzuleak dira banketxeak, Iberdrola, Petronor, elite ekonomiko eta finantziaroak. Erantzuleak dira hamarkadetan aplikatutako politika neoliberalak. Eta erantzulea da kapitalismoa, sistema kapitalista baita gerraren, harrapakeriaren, esplotazioaren, aldaketa klimatikoaren eta pobreziaren erantzulea”.

Sorturen idazkari nagusiak alternatiba egon badagoela ziurtatu du. “Etsipenaren aurrean, itxaropenaren bandera jaso dezagun; ez esperantza naif baten bandera, ez esperantza hutsal baten bandera. Jaso dezagun esperantza aktiboaren bandera; antolakuntzaren eta borrokaren bandera; Txiki, Otaegi eta beste askok jasotako hura. Soilik herri antolatuak lor baititzake beren helburuak. Eta herri honek bere helburuak lortzeko determinazioa duelako. Borroka luze honetan jardun dutenei zor diegu, baina batez ere geure seme-alabei zor diegu”.

Beraz, orain dela bost hamarkada Txiki eta Otaegiren belaunaldiek abiarazitako berpizkunde kultural eta sozialaren gisako loraldri ekitea proposatu du. Jauzi hori egiteko unea dela uste du. Era berean, eskuin erreakzionarioa gelditu, erronka sozial eta ekonomikoei aurre egin eta eskuinek aplika dezaketen errepresioari aurre egiteko tenorea da. “Herri hau zutik eta martxan jarri beharra dago. Erronka sozial eta ekonomiko kolosalei aurre egiteko eta mezu bat bidaltzeko eskuin erreakzionarioei. Ez gaituzue geldituko! Ezin izan zenuten eta ezin izango duzue!”, adierazi du.

Ernai: “Herri hau askatzeko hautuan berresten gara”
Ernai: "Gazteak gara nazio bulkada berria hauspotuko dugunak".

Testuinguruak exijitzen duen ardura politikoari heltzeko prestutasuna erakutsi du Ane Alavak, Ernai gazte antolakundearen izenean. “Herri hau askatzeko gure hautuan berresten gara”, adierazi du.

Eustakio Mendizabal “Txikia” militante abertzale eta poetaren figuran oinarritu du bere hitzartzea Ernairen bozeramaileak. “Gazte borrokak zerbait izan badu, hori anbizioa baita. Eta hori zugandik ere ikasi dugu, Eustakio. 28 urte zenituela erail zintuzten, eta ordurako herri honen historiaren hainbat pasarte idatzi zenituen. Helburu handiak jartzen zenituzten, asko ez zenituzten beteko, baina batzuk bai. Eta horrela egin zuen gure herriak aurrera, euskal gazteriaren anbizioari esker: gazteak ziren herri hau iluntasunetik atera eta matxinada bat abiatu zutenak; gazteak ziren debekuen gainetik lehen ikurrinak atera zituztenak; herriarentzako alternatibak sortzeko espazioak zabaldu zituztenak; gaztetxeak sortu zituztenak; feminismoa lehen lerrora ekarri zutenak; sexu askapenaren aldeko borroka abiarazi zutenak… Gazteak ziren eta gaur ere gazteak gara”, adierazi du.

Eraldaketa gazteen eskutik etorriko dela iragarri du Alavak: “Gazteak gara nazio bulkada berria hauspotuko dugunak, euskararen aldeko borroka indartuko dugunak, larrialdi klimatikoaren aurrean alternatibak borrokatuko ditugunak… Jauzi berri bat norabidetuko duen gazteria gara!”.

“Alternatibarik ez denaren ideia alboratu eta utopiak errealitate bihurtzeko grina eta indarra daukagulako guk aterako dugu. Askapen prozesuak behar duen errebeldia, konpromisoa eta norabidea dugulako, guk egingo dugu aurrera”, adierazi du.

Ziurgabetasunaren aurrean, antolatzearen eta borrokaren garrantzia nabarmendu du. “Gazteon bizitza bizigarriak eskuratu ahal izateko eta zapalkuntza oro gainditzeko bokazioa dugu, eta gazte olatu bat sortzera goaz, gazte fronte bat, bi ardatzek gidatuko dutena: eraldaketa sozialak eta burujabetzak”.

“Horretarako borroka ezberdinei erreparatzea eta horien arteko zubiak eraikitzea dagokigu, hariak elkar-ehuntzea. gazte mugimenduetan, gaztetxeetan, lan gatazketan, neska gazte taldeetan, herri plataformetan, auzo elkarteetan, talde ekologistetan eta abarretan, sektore zaurgarrienekin borrokan. Herri honen burujabetza prozesuak behar duen espazio guztietan egongo gara. Herri hau eraikitzeko behar diren leku guztietan egongo gara.”, ziurtatu du.

Horrez gain, erroko alternatiba bat eskaintzea inoiz baino garrantzitsuagoa da. Ernairen bozeramailearen esanetan, “egungo egoera irauli behar dugu, eta ziurgabetasun garai honek exijitzen duen epe luzeko begirada eskaini. Eta horretarako, guk, ezker abertzaleak, badugu proiektua. Norabide honetan, gazteoi dagokigu belaunaldi berriak gure borrokara batzea, eta balio zein kultura militantearen transmisioa bermatzea”.