Gipuzkoan eta Euskal Herrian aldaketaren olatua eragiteko aukera parez pare irekita zela aipatu genuen iaz manifestazio horren amaieran. Olatu hori iritsi dela diogu gaur, eragin dugula, besteak beste, maiatzaren 28ko eta uztailaren 23ko hauteskunde emaitzek erakusten duten legez.
Euskal Herrian ziklo politiko berri baten zantzuak gero eta nabarmenagoak dira. Horren alde borrokan eta eguneroko lan isilean segi behar da herriz herri, auzoz auzo. Gure herriak dituen erronka itzelei aurre egiteko ezinbestekoa baita ziaboga indartsu bat. Bizitzak eta haren zaintza erdigunean jarriko dituen olatua izan behar da hemen dugun hau. Eta horretarako herri indarra lantzen segitzeko borondate osoa du Sortuk.
Erronkaz betetako lan urte politikoa dator. Uztailaren 23an faxismoari marra gorria ezarri genion Euskal Herrian. Mehatxu atzerakoien aurrean, guztion onurarako izango diren eskubideen alde borrokan segi behar da orain: zaintza sistema publiko-komunitarioaren alde, euskaldunon aurkako erasoei aurre egin eta jauzi berriak ematearen alde, etxebizitza eskubidearen alde, udalgintzatik proiektu eraldatzaileak sustatuz, aberastasunaren banaketa erradikalaren alde, trantsizio ekologiko justuaren alde zein euskal preso, iheslari eta deportatua politikoak etxeratzearen alde. Arraun ezberdinak, baina denak traineru berean, burujabetza gero eta gehiago izateak emango baitizkigu eskubide horiek denak bermatzeko tresnak. Independentziarako indarra.
Hemen bada egunero egiten eta eragiten ari den herri bat. Aldaketa politiko eta sozialaren alde borrokan ari den indarra. Irailaren 10ean, 13:30ean, Donostiako Bulebarrean elkartuko gara beraz. Olatua abian da, goazen independentziarako indarra biderkatzera!