Azken hamarkada luzeetan planetaren muga biofisikoak eta beronen gainean bidera daitekeen garapen ekonomikoa infinitua balitz bezala aritu da gizateria. Globalizazioaren bandera altxatuta eta AEB munduko jendarme bakar auto-proklamatuta, sistema kapitalista eta patriarkala hedatu da mundu zabalean.
Botere militarraz gain, aurrerapen tekno-zientifikoek ere abantaila handia eskaini zioten AEBri eta Europari, mendebaldea deitzen diogun horri. Eta garai bateko kolonialismoari XX. mendeko neokolonialismoak eman zion segida. Lehenak, lehengai eta baliabide naturaletan jarri zuen arreta; bigarrenak, ordea, lan indar merkearen ustiapenean. Globalizazioak, deslokalizazioak eta finantziarizazioak munduko ordenu ekonomikoa ezarri zuen, eta adierazi bezala, mendebaldeak pribilegioz betetako egoera mantendu zuen.
Alta, errotik aldatu da mundua XXI. mende honetan, eta are gehiago aldatuko da. Aurreko mendetik iragarrita bazegoen ere, planetaren muga biofisikoak oso agerikoak dira jada. Larrialdi klimatikoa parez parez dugun eta mehatxu gisa inposatzen zaigun arrisku ekidin ezina da. Planetaren populazioa errotik aldatu da, biderkatu da. Era berean, sistema kapitalistak berezkoa duen etengabeko hazkunde beharrak talka egiten du baliabide natural, lehengai eta bizitzeko behar ditugun bitartekoen izaera finituarekin. Alde batetik, populazioa izugarri biderkatzeak eta, bestetik, mugatuak diren baliabideekin garapen mugagabea helburu izateak lehia handia eragin du.
Aurreko mendeetako kolonialismoari hainbat herrialdetako anti-kolonialismoak erantzun zion bezala, XX. mendeko neokolonialismoari XXI. mendeko anti-neokolonialismoa oldartu zaio aurrez aurre. AEBek gidatutako mundu unipolarra krisian eta dekadentzian dagoen bitartean, potentzia berrietan (Txina, India, Errusia, Brasil...) oinarritutako mundu multipolar berria hedatzen ari da, eta gaur egun, planetako zenbait kontinentetan lurraldeen eta baliabideen kontrolagatik dagoen lehia —eta, kasu batzuetan, gerra (Ukraina, Siria...)— horren guztiaren ondorio besterik ez da. Amaitu da infinitua zirudiena eta “hasi” dira baliabide finituen gaineko kontrolarengatiko tentsio, borroka eta gerrak, izan belikoak, ekonomikoak edo komertzialak.
Mundu unipolar batetik, jada multipolarra den errealitate batera egin dugu jauzi; edo bederen, norabide horretara doan trantsizioan murgilduta gaude. Munduko ekonomiaren fokua mendebaldetik ekialderantz mugitu da, era azkarrean gainera. EBZko burua den Christine Lagardek berriki onartu behar izan duen moduan, munduko ekonomia zatitzen ari da. Hegemonia ekonomikoa helburu duen egoera berri hori gatazkatsua eta ezegonkorra izango da. Barneratu beharra dugu, gainera, eraiki den eragile askoren agertoki horretan, Europari soilik subsidiarioak diren funtzioak esleitu zaizkiola, eta zoritxarrez, gaur-gaurkoz, Europako liderrak ez direla behar bezalako borondaterik erakusten ari munduan ahots eta toki propioa eskuratzeko.
Aurreko guztia gutxi ez, eta aurreratu dugun larrialdi klimatikoak hipotesiaren langa gainditu du; etorkizuneko hondamendi natural larrietarako arrisku erreal bihurtzeaz gain, gure bizitzak eta ekonomia jada baldintzatzen ari den faktore bilakatu da. Lehen aipatu dugun Ukrainako gerrak energiaren eta beste produktu askoren prezioen gorakada eragin ditu, jakina. Baina, hortik harago, ez da ahaztu behar, batetik, erregai fosilen amaieraren aurrean gaudela, oro har; eta, bestetik, berotze klimatikoaren ondorioz, azken urteetan izandako uzta askoren beherakadak eragin zuzena duela elikagaien prezioetan. Bizitzaren garestitzeak milioika pertsonaren bizi baldintzak okertu ditu.
Baina bada gure eguneroko errealitateak asko okertu dituen bestelako errealitate lazgarri bat ere, zaintza krisia, alegia. Herrialdeen kolonizazioan eta haien baliabide naturalen ustiapen basatian oinarritu den sistema kapitalista garatu da azken mendeetan. Lan indarraren eta baliabide naturalen ustiapen eta desjabetzean oinarritako sistema da kapitalismoa. Alta, horretaz guztiaz gain, bereziki emakumeen bizkar utzi diren lan erreproduktibo guztiak ere behar ditu sistemak, eta horien bideragarritasuna ere krisian sartu da.
Jakina, Mendebaldeko populazioa zahartzeak eragina izan du horretan, baina, baita, kasu askotan, bizi baldintza duinak bermatzeko helburuz emakumeak lan merkaturatzeak, eta bertako lan baldintzak etengabe prekarizatzeak ere. Eta horrek guztiak zaintza krisia eragin du. Sistema ez da gai lan erreproduktiboak bermatzeko, ezta mundu osoa zeharkatzen duten zaintza kate globalak eraiki ostean ere. Zaintza kate global horiek milaka emakumeren migrazioa eragin dute, eta gure artean esklabismoarekin pareka daitekeen errealitate berri eta mingarria hedatu dute. Emakume horien gorputzen eta egiten dituzten zaintza lanen gaineko ustiapena ere bada XXI. mendeko mendebaldearen neo-kolonialismoaren ezaugarri nagusietako bat. Zapalkuntza eta desjabetze anizkoitzetan oinarritzen den sistema bidegabea da sistema kapitalista patriarkala, eta jakina, horrek krisi anizkoitzen egoera batera ekarri gaitu.
Krisi ekonomiko larria pairatu genuen 2008an abiatutako Atzeraldi Handiaren ostean, baina apenas izan da gai munduko ekonomia egoera horri buelta emateko. Pandemia iritsi aurretik ere, atzeraldi gehiagotarako iragarpenak genituen, eta ondoren ere, ez atzera eta ez aurrera dabiltza, oro har, munduko ekonomia nagusiak. Gerrak, jakina, egoera okertu du eta, adierazi bezala, erregai fosilen amaiera fasean egoteak, batetik, eta krisi klimatikoak eta uzta txarrek eragindako prezioen gorakadak, bestetik, azken hamarkadetako inflazio tasa handienak eragin dituzte. Eta soldatak ez direnez, inondik ere, neurri berean igotzen, herritarron gehiengoaren bizi baldintzak okertzen eta pobretzea areagotzen ari dela esan beharra dago. Soldatak ez, baina enpresa handien etekinak gorantz doaz etengabe. Hobe genuke, beraz, inflazioaren gaineko irakurketa errazak egin beharrean, horren atzean dauden oligopolioei eta horien interes ekonomikoei erreparatuko bagenie, besteak beste, kasu askotan ezkutuan adosten dituzten prezio igoerak salatzeko.
Mundua errotik aldatzen ari dela esan dugu, baina zenbait agintari ez da ohartu —edo ez du ohartu ere egin nahi—. Egoera berriari tresna zaharrekin erantzun nahi izan diote, eta inflazioari aurre egiteko interes tipoa igotzea erabaki dute AEBk eta Europako Banku Zentralak. Omen, horrek inflazioari positiboki eragin beharko lioke, interes tipoak igotzeak kontsumoa eta inbertsioa murriztuko baititu. Baina, ikusi dugun moduan, egungo prezioen garestitzeak bestelako faktoreei erantzuten die (erregai fosilak, gerrak, uzta txarrak...), eta beraz, interes tipoak igotzeak soilik finantza sektoreari egin diezaioke mesede (etekinetarako margena handitzen da), hipotekatuta dauden milaka pertsonaren egoera are okerragoa bihurtuko duen bitartean. Beraz, inflazioak herritarrongan duen eraginari interes tipoen igoerak izango duen efektua gehitu behar zaio. Hori guztia, gainera, lanak eta enpleguak prekarizatuta mantentzeko lan erreformak onartzen diren bitartean, baita espainiar estatuan ere. Bide batez, gehiengoaren egoera prekarizatzen eta okertzen ari den une berean, aberastasunaren metaketa ere salatu beharra dago.
Sistema kapitalista patriarkalak eragin duen krisi anizkoitzen agertokia deskribatu dugu irakurketa honetan, baita munduko mugimendu ekonomiko eta geopolitikoak ere. Sistemaren oinarrian bertan eztabaida irekita dago. Eliteen aldetik ere ez dago erabaki bakar eta linealik. Une honetan, adibidez, Europako Batasunean eztabaida irekita dago berriz ere austeritate paradigma berreskuratu nahi duten ala trantsizio energetikoa finantzatzeko edo estrategikoak diren industria eta hornikuntzetan inbertitzeko, oraindik ere, gastu publiko handia beharrezkoa izango dela pentsatzen dutenen artean. Norabide ezberdinetan tiraka eta lehian ari diren bi posizioak agerikoak izan dira azken hilabeteetan; estatuen arteko talkak ere ugaritu dira, eta areagotuko dira aurrerantzean ere. Edonola, kasu batean zein bestean, gutxi batzuen poltsikoak puzten eta denona dena desjabetzen jarraitzen saiatuko dira. Alta, eta zorionez, herritarron begien aurrean geroz eta zailagoa da garai batean banku erreskateekin egin bezala, denon dirua soilik gutxi batzuen mesedeko izatea, zerbitzu publikoak eraisten ari diren bitartean, enpresa handiak laguntzen jarraitzea... Eta horrek, borrokarako aukera irekita uzten du, azken aldiko beste erabaki batzuk erakusten duten bezala.
Polarizatua, aldakorra eta gatazkatsua ageri den agertoki horren aurreko erantzun denak ez dira izaten ari norabide berekoak. Lehengo urtean Madrileko Kongresuak onartutako lan erreforma langileon lan eta bizi baldintza duinak bermatzeko behar bezalako tresna ez bazen ere, deslokalizazioen aurrean, pentsioen inguruan edota etxebizitzaren legearen harira EH Bildurekin adostutako neurriak norabide egokian doazen erabakiak dira. Azaltzen eta deskribatzen ari garen egoera zail eta larri horren erdian, milaka pertsonaren egoera arindu dezaketen neurriak dira.
Baina egoera arintzea ez da nahikoa; iraultzea da gakoa. Sistema kapitalista eta patriarkalaren oinarriei aurre egin behar diegu bestelako mundu bat eraikiko badugu. Gerraren aurrean bakearen eta desmilitarizazioaren bandera altxatu behar dugu. Larrialdi klimatikoari ausardiaz aurre egiteko unea iritsi da (deskarbonizazioari bultzatuz eta kontsumo bidegabea murrizten hasiz). Zaintza lanak banatu eta zaintza sistema publiko eta komunitario baten norabidean urrats sendoak egiteko garaia da. Eta, oro har, herritarron ongizatea helburu, aberastasuna banatuko duen sistema baterantz abiatu beharra dago. Ekosozialismoa eta feminismoa iparrorratz izanik, Euskal Errepublika askearen norabidean egunez egun urratsak egiteko unea ere bada. Horretarako konpromisoa hartu nahi dugu Maiatzaren Lehena den egun seinalatu honetan, langileen bizi eta lan baldintzak defendatzeaz gain, mundu hobeago baterantz abiatzea ezinbestekoa baita.
Norabide horretan, eta burujabetza ekonomikoa eta politikoa ukatzen zaigun neurrian, burujabetza politiko, ekonomiko eta sozialaren alde borrokatzeak garrantzia berezia hartzen du. Funtsean, horren gainean bakarrik eraiki baitaiteke herritar librez osatutako eta zapalkuntzarik gabeko Euskal Errepublika, bestelako mundu baten norabidean. Hori da guri, gaur eta hemen, eraikitzea egokitzen zaiguna.
Krisi anizkoitzen garaia bada paradigma, ideologia eta posizio ezberdinen arteko lehia, eztabaida eta borrokarako garaia ere. Gogorra eta zaila izanagatik ere, Euskal Herri askea eta bestelako jendarte eredu bat eraiki nahi dugunok, aldaketa garai hori aukera garai gisa ere ikusi behar dugu. Lehia eta borrokarako garaia. Hor kokatzen dugu Maiatzaren Lehena, munduko langileriaren eskubideak aldarrikatzeko eguna. Hor kokatzen ditugu azken hilabete eta asteetako mobilizazioak pentsio duinen alde, zaintza sistema publiko eta komunitarioaren alde, osasungintza publikoaren alde, landa guneen defentsan, lantegiz lantegi egiten ari diren hamaika greba eta borroka, eta, nola ez, eguneroko antolakuntza, dela herrian, ikastetxean edo lantegian. Borrokatzeak merezi du.
Gora munduko langileria!
Gora munduko herri zapalduak!
Gora herria!