Pandemiak zipriztindutako Maiatzaren Lehena izango da 2021eko hau, bigarrenez. Azken hilabeteetan Aiaraldean, Ezkerraldean eta Nafarroako zenbait eskualdetan, besteak beste, ikusi dugunez, enpleguaren eta bertako ekonomiaren defentsarako borrokarako unea da. Izurrite testuinguru honetan, irabazien aldea gutxitzea aitzakia gisa baliatu nahiko dute zenbaitek, langileak kaleratu, lan baldintzak prekarizatu, enpresak itxi edo deslokalizatzeko. Beste zenbait putrek, Euskaltelen kasuan ikusi dugun gisan, egoera baliatuko dute gure herria deskapitalizatu eta euren sakelak betetzeko; edota nagusiki emakumezko langileek egindako zaintza lanen pribatizazioaren kontura negozioa egiten jarraitzeko.
Langileontzat garai gogorrak datoz. Enpleguaren defentsa sutsua egiteko garaia da. Pandemiak kapitalismoaren bideragarritasun-krisi sakona agerian utzi du. Batetik, bideragarritasun sozialaren krisia dugu: zaintza-krisia eta birprodukzio sozialaren krisia. Egungo eredua sustenga ezina dela eta goitik behera birpentsatu beharra dagoela ikusi dugu, administrazio publikoaren zuzeneko parte hartzearekin eta egiturekin. Bestetik, bideragarritasun ekologikoaren krisia dugu, gero eta indar handiagoz bizitzen ari garena. Kapitalismoak, patriarkala eta ekozida ere badenak, kolapso ekologiko eta sozialera garamatza. Hau ez da jasangarria, eta pandemiak azkartu egin ditu joerak.
Bidegurutze batera iritsi gara eta aldaketa sakonen garaia dator. Horri guztiari nola erantzun? Norabide ezberdinen arteko lehia dago: lehena, 2008an bezala, norabide neoliberalean sakontzea; bigarrena, kapitalismo patriarkal berri bat, erreformen bidez kolapsoa neutralizatzeko; eta hirugarrena, norabide aldaketa bat, aldaketa erradikalen bidea elikatuko duten erreformak. Beraz, erreformen bidez trantsizio bat emango dela argi dago. Horien norabidea, irismena eta subjektua da lehian dagoena.
Aldaketa aldia ez da beraz pandemiarekin amaituko. Krisi klimatikoak erronka izugarria dakarkigu eta eredu zaharraren defentsa soila porroterako bidea baino ez da. Aldaketa sakonen garaia dator. SORTUren ustez, langileriak iniziatibaz jokatu behar du aldaketa horien norabidean lidergotza hartzeko. Euskal langileak, jatorri anitzekoak, enplegatuak, langabetuak nahiz zaintza lanetan ari direnak, guztiak dira Euskal Herriaren oinarri eta zutabe. Euskal Herria da trantsizio prozesu horren oinarri eta eskala.
Aldaketa sakon horien aurrean, iniziatibarik gabeko gobernuak ditugu. Euskal Herria salgai dute, erauntsi neoliberalari aurre egin beharrean, ekaitzaren erdian korronteak daramatza, ez baitaude leman. Pribatizazioak, zerbitzu publikoetan desinbertsioak, prekarietateak eta hainbat lanen feminizazioak duten eraginaren debaluazioa, industriaren salmenta eta enpresa estrategikoen salmenta... Erregimen espainiar eta frantziar neoliberalekiko dependentziaren ondorioz, mugatua da erabakitzeko dugun gaitasuna.
Ezinbestekoa da beraz bestelako sistema bat eraikitzea, lan guztien eta ondasunen banaketa justua egingo duena, zaintza erdigunean jarriko duena eta esplotazio oro baztertuko duena. SORTUk uste du ezkerreko independentismoaren proiektu eta eskaintza politikoa dela irtenbide egokiena: sakoneko aldaketa politiko, ekonomiko, kultural eta soziala behar dugu, eta burujabetza prozesua da horretarako tresna eta bidea. Lidergoa hartuko duen langile-mugimendu anitza behar dugu; lidergoa hartuko duen gobernu independentista eta ezkerrekoa behar dugu; elkarrekin Euskal Herria altxako dutenak, Euskal Estatua eta sozialismoa, balore ekofeministetatik eraikia, ipar izanik.