ALBISTEA


nazioartea

AEBek Venezuelaren aurka egindako azken erasoak salatu ditu Sortuk

2025-12-04

Azken eraso militarrek, tartean, Venezuelako aire-espazioaren itxierak, eskualdeko eta munduko bakea zein egonkortasuna mehatxatzen dituzte. Horregatik, axolagabekeria gainditzeko neurriak hartzera dei egiten du Sortuk.

Nazioarteko ordena berri bat sortzen ari da. Orain arte munduko hegemonia izan duen AEBetako kapitalismoa gainbeheran dago, eta aberastasuna metatzen jarraitzeko, indarraren erabilera eta gerra gero eta gehiago zabaltzen ari dira. Gaur egungo inperialismoak merkatu librearen ideia bereganatu du, eta araurik gabeko mundu bat eraiki nahi du, nazioarteko zuzenbidea osatzen zuten oinarri nagusiak bortxatuz.

Trumpen gobernua Venezuelaren aurka egiten ari den mehatxu eta erasoak aipatutako egoeraren adibide garbiak dira. Estatu Batuetako gobernuaren jomuga ez da gobernu bolivartarra edo Maduro lehendakaria bakarrik, baizik eta Venezuelako herria bera: herri hori desjabetu nahi dute, gainbeheran dagoen kapitalismoa hauspotzeko. Horretarako, herrialdearen burujabetza zapaltzen dute eta esku-hartzerik ezaren printzipioari muzin egiten diote.

Horregatik, Sortuk gogorki salatzen ditu Venezuelaren kontra AEBek egindako azken eraso militarrak, tartean, Venezuelako aire-espazioaren itxiera; izan ere, horiek eskualdeko eta munduko bakea zein egonkortasuna mehatxatzen dituzte. Halaber, eraso horien aurrean axolagabekeria gainditzeko neurriak hartzera dei egiten dugu.

Gerrarik ez. Esku hartzerik ez. Monroe doktrinarik ez.