ALBISTEA


bakea eta bizikidetza

Adiorik ez, Asier

2020-10-22

Jakin berri dugu Asier Aginako euskal preso politiko ohia hil dela gaixotasun larri baten ondorioz.

Euskal preso politikoei aplikatzen zaien espetxe erregimenak indefentsioa, gaixotasunak eta eskubideen urraketak eragiten ditu.

Jakin berri dugu Asier Aginako euskal preso politiko ohia hil dela gaixotasun larri baten ondorioz. 2019ko urtarrilean, espetxean 15 urte eginda zituenean eta kaleratzeko urtebete falta zitzaionean, bertan behera utzi zuen haren zigorra, gaixotasuna antzeman eta ebakuntza bat egin ondoren.

Durangarra 2004an atxilotu zuten Coulaines-en (Frantzian), Aitziber Coello bikotekidearekin batera. Fleury-Mérogis eta Joux la Ville espetxeetan egon ondoren, 2012an espainiaratu zuten. Geroztik, Foncalent (Durangotik 810 kilometrora) eta Picassenteko (654 km.-tara) espetxeetan egon da. 2017an jaio zen bikotekidearen eta bien semea. 2018ko abenduan tumorea detektatu zioten buruan. 2019ko urtarrilaren 16an operazioa egin zioten eta zigorra urtarrilaren 31ean eten zioten. Estatu espainolean, zortzi urteko zigorra ezarri zioten eta zazpi bete zituen, guztiak lehen graduan.

Kasu honetan, gaixotasun larria zela eta, eskumena duten erakundeek bere eskubideak errespetatuz azkar eta behar bezala jokatu bazuten ere, ezin dugu ahaztu euskal preso politikoei aplikatzen zaizkien espetxe erregimenak eta salbuespen legediak pertsonengan sortzen dituzten indefentsioa, gaixotasunak eta eskubideen urraketak.

Premiazkoa da euskal preso guztiak etxeratuko dituen bidean urratsak ematea, onartezina baita euskal presoak bahitu politiko gisa mantentzea. Horrenbestez, dei egiten diegu Frantziako eta Espainiako gobernuei zein euskal gizarteari urrats kualitatiboak egiteko, Euskal Herriko gehiengo politiko, sindikal eta sozialak erreklamatzen duen bake iraunkor eta bizikidetza demokratikoa eskuratzeko. Orain da unea. Etxean eta bizirik nahi ditugu.