ALBISTEA


demokrazia eta erabakitzeko eskubidea

Adierazpena

2021-12-06

Llotja de Mar-ko Akordioaren sinatzaileen adierazpena, Espainiako Konstituzioaren 43. urteurrenaren harira.

Beste urte batez, Konstituzio espainiarra gorespen eta defentsa fanatiko baten objektu bilakatuko da gure herrien eskaera nazionalei erantzun bat ematea saihesten duten horien partetik. 43 urte igaro dira erreferendum konstituzionaletik, zeina frankismotik heredatutako egitura faktiko baten inposizioak baldintzatuta egin zen, Borboien monarkia buru.

Konstituzio honek giltzapean utzi zituen bere lerroen artean gure herrien eskubideak, errealitate plurinazionala ukatuz, baita bertatik eratorritako eskubide nazionalak ere. Gainera, etengabeko konfrontazio eta sufrimendu iturri izan da azken hamarkada hauetan.

Izan zen garai bat non konstituzioek oinarrizko helburu bat zeukaten: herritarren eskubide zibil eta politikoak babestea. Espainia salbuespen bat izan da honetan ere. “Todo atado y bien atado” (“Guztia lotuta eta ondo lotuta”) entzutetsu hark dena esaten du. Nazio bezala ditugun eskubideak hankaz eta eskuz lotuak daude.

Konstituzio horren testuinguruan sortu zen eredu autonomiko deszentralizatua. Eredu hori, agortua eta hainbat eremutan betegabea ez ezik, zanpatua ere izan da hainbat aldiz Diputatuen Kongresuko aldebakarreko ekintza legegilearen ondorioz, bai eta Estatuaren birzentralizazio instrumentu bilakatutako Auzitegi Konstituzionalaren etengabeko interbentzio inbaditzailearen ondorioz ere.

Honetaz guztiaz gain, zilegitasun defizit argi bat daukan Konstituzio baten aurrean gaude. Gure nazioetako zein Estatuko gaur egungo biztanleriak ez du izan honen eduki nagusien inguruan bere iritzia emateko aukerarik: monarkia, lurralde eredua, eskubide sozialak...

Ondorioz, agortua dagoen Konstituzio baten aurrean gaude, zilegitasunik ez duen Konstituzio baten aurrean, gure aspirazio demokratikoak baldintzatu eta determinatzen dituen Konstituzio baten aurrean. Uste dugu badela ordua egiturazko aldaketak egiteko; are gehiago, diskurtso eta posizio inmobilistak ematen badira ere, Estatua bera ere kosziente da ziklo konstituzionalaren amaieraz eta hau erreformatzeko beharraz.

Kontrajarriak diren bi tendentzien arteko konfrontazio argi baten aurrean gaude. Alde batetik, badira ziklo hau makillaje operazio berri batekin itxi nahi dutenak, itxura ireki eta progresista batetik, baina Konstituzio honen oinarriak ukitu gabe. Beste aldetik, ordea, badira inboluzio birzentralizatzaile eta antidemokratiko bat planteatzen dutenak, zeinak 78 aurreko egoerara itzuli nahi duten; edo, zenbait kasutan, 75 aurreko errealitatera.

Horiek dira euren asmoak, baina gure nazioek ere euren ahotsa entzunarazi behar dute. Nazio auziaren gaineko eztabaida presente egongo da eta prest egon behar dugu, elkarrekin, gure posizioa defendatzeko. Azken 40 urte hauetan munduak sakoneko aldaketak ezagutu ditu eta aurreikusi daiteke hurrengo hamarkadan ere eraldaketa disruptiboak eman daitezkeela. Eraldaketa hauek are nabarmenago egingo dute etorkizuneko erronkei nazio eta herri bezala erantzuteko beharrezkoak izango zaizkigun tresna eta erabaki ahalmenak.

Horregatik guztiagatik, Adierazpen honen sinatzaileak ondorengoan berresten gara:

- Konstituzio hau oinarrizko eskubide demokratikoak biolentatzeko instrumentu bat bilakatu da. Konstituzio honen izenean gure herrien borondate demokratikoaren garapenari bide ematea eragozten da, eta helburutzat hura duen edozein ariketa demokratiko kriminalizatu eta zigortu egiten da. Hau da, Konstituzio hau egiturazko eragozpen bat bezala agertzen da gure nazioen etorkizun demokratikoaren aurrean; ondorioz, ezinbestekoa da beronen erreforma erradikal bat, hala Estatu ereduaren ikuspegitik nola eskubide sozialen alorrean ere.

- Estatuari plurinazionalitatean eta herrien autodeterminazio eskubidean oinarritutako eredu bat eskatzen jarraituko dugu, baita honen alde borrokatzen ere, gure herrietako herritarrek euren eredu politikoa eta Estatuarekiko izan nahi duten harremana demokratikoki erabakitzeko aukera izan dezaten. Nazioak gara, eta demokratikoki erabaki nahi dugu gure etorkizuna.

Sinatzaileak:

- EH Bildu
- BNG
- CUP
- ERC
- Junts
- Més per Mallorca
- Més per Menorca