ALBISTEA


bakea eta bizikidetza

Adierazpen askatasunik ezean, ez da bizikidetzarik

2021-06-23

Adierazpen askatasuna urratzeari eta errelato bakarra inposatzeari utzi behar dio espainiar erresumak Euskal Herrian elkarbizitza demokratikoa bermatzeko.

"Espainiako Estatuan botere judizialeko sektore zabalak aspalditik degenerazio bide batean daude"

Estrasburgok ebatzi ondoren Espainiako erresumak Tasio Erkizia ezker abertzaleko militantea modu bidegabean zigortu zuela, SORTUk epaiaren balorazio politikoa eskaini du hedabideen aurrean. Izan ere, sententziak agerian utzi du espainiar erresumako demokraziaren kalitate eskasa. Espainiak etengabe urratzen du adierazpen askatasuna memoria eta errelato manipulatu partzial bakarra ezartzeko.

Agerraldian, Tasio Erkiziak berak garaipen txiki honen balioa jarri du. Berea ez ezik, ezker abertzale osoaren garaipena izan dela adierazi du. “Adierazpen askatasunaren aldeko lorpen bat da. Nire sentimenduak konpartitu dituzte ezker abertzaleko hainbat militanterekin, zeintzuk behin eta berriro zigortu dituzten adierazpen askatasunagatik”, adierazi. Euskal Herrian adierazpen askatasuna maiz urratu dela gogoratu du Erkiziak. “Adierazpen askatasunik ez duen gizartea ez da demokratikoa”.

“Galdera hau da: nola da posible bi tribunalek hain irakurketa ezberdina egitea gertaera berdinari buruz? Batek zigor bidean jartzen gaitu eta besteak esaten du ez dagoela zigortzeko inolako arrazoirik. Azalpen bakarra du horrek: Espainiako Estatuan botere judizialeko sektore zabalak aspalditik degenerazio bide batean daudela”, adierazi du Erkiziak. “Bide hori guztiz antidemokratikoa da. Bide horrek ez garamatza inora”. Botere judiziala estrategia politiko baten arabera lanean egotea guztiz larria dela uste du.

Haimar Altunaren hitzartzea:
"Epai berri honek oso leku txarrean uzten ditu estatu espainiarra eta haren justizia, eta baita ere, kontakizun bakarraren inposatzaileak ere".

“Adierazpen askatasuna sarritan urratzen du espainiar erresumak. Gehiegitan. Epai berri honek oso leku txarrean uzten ditu estatu espainiarra eta haren justizia, baina baita ere, kontakizun bakarraren inposatzaileak ere”.

“Batzuei debekatuak zaizkigu zenbait omenaldi, ongi etorri edo oroimen ekitaldi egin edo horietan parte hartzea. Debekatua zaigu pentsatzen duguna esatea, sentitzen duguna adieraztea edota maite ditugun senide edo lagunei negar egitea”.

“Aldiz, Carrero Blanco Almirante Frankistari edota Meliton Manzanas torturatzaileari estatu egituretatik egiten zaie aitortza eta gorazarre. Baina zergatik? Zergatik ezin da esan Argala pertsonaia erreferentziala izan dela euskal herritar askorentzat? Zergatik zigortu dute Tasio, edota beste hainbat militante independentista antzeko zerbait esateagatik? Zergatik?”

“Espainiar Erresuma kosta ahala kosta manipulatutako errelato faltsu bat eraikitzen ari da, hemen gatazka politikorik inoiz ez dela gertatu sinistarazteko. Batzuek elkarbizitza demokratikoa ulertzen dute zintzo eta gaiztoen edota irabazle, galtzaile terminoetan”.

“Berriki ikusi dugu: Gasteizko Biktimen Memorial delako horrek alde oso bat diskriminatu du, Txabi Etxebarrietaren hilketaren froga zientifiko berriak estali dituzte eta GALen sorreraren atzean Felipe Gonzalez ote zegoen ikertze hutsa galarazi ere egin berri dute”.

“Errelato bakarra inposatzea oso arriskutsua da benetako elkarbizitza demokratiko bat eraiki nahi badugu herri honetan. Oso arriskutsua da, inposaketa horren atzean, Estatu biolentzaieran zuriketa eta inpunitatea bilatzea dutelako helburu. Euskal Herrian Bizikidetza eraikitzeko ez daitezela gezurretan ibili”.

“Lehenik eta behin onar dezatela hemen badela gatazka bat, gatazka politiko bat oraindik konpondu gabe dagoena, sufrimendu handia eragin duena. Onar dezatela, eta ez diezagutela adierazpen askatasuna urratu. Modu horretan eraikiko dugu bizikidetza demokratikoa: batzuen eta besteen egiak, batzuen eta besteen kontakizunak, batzuen eta besteen eskubideak onartuz eta aitortuz, finean Euskal Herriak bere buruaren jabe izateko duen eskubidea aitortuz”.