ALBISTEA


sortu

Abiatu dugu Sorturen IV. Kongresu prozesua

2025-09-15

IV. Kongresuko kronograma eta Berme Batzordea onartu ditugu 200 lagun inguruk Sorturen Nazio Batzarrean

Askapen prozesuaren egungo fase politikoak eskatzen duen eraginkortasuna bilatzeko, Sorturen IV. Kongresua aurreratzeko erabakia hartu genuen Sortuko kideok 8. Nazio Konferentzian: «Hego Euskal Herrian 2027ko udaberrian Udal eta Foru Hauteskundeak izango direla aintzat hartuta, 2027ko urtarrilean egitekoak ginen Sorturen IV. Kongresua aurreratzea erabakitzeko aski arrazoi badela ondorioztatzen dugu». Orain, kurtso politikoa abiatu berritan, kongresu prozesuari ekiteko lehen mugarria jarri dugu: IV. kongresuko kronograma eta Berme Batzordea onartu ditugu, irailaren 11n Donostian egindako Nazio Batzarrean.

Kongresuko araudian eta kronograman jaso bezala, urriaren 22an aurkeztuko da Nazio Kontseiluaren ponentzia, eta azaroaren 29ra arte iraungo du eztabaida eta bozketa faseak. Bitarte horretan egingo ditugu herrietako batzarrak zein ponentziaren zuzenketak. Abenduaren 11n aurkeztuko da zuzenketen memoria, eta behin betiko emaitzak abenduaren 29an egongo dira eskuragarri.

Urte berriarekin batera, urtarrilean abiatuko dugu Zuzendaritzaren, Berme Batzordearen eta Kontu Batzordearen hautaketa fasea. Urtarrilaren 7an aurkeztuko da Nazio Kontseilurako kideen proposamena, eta hilaren 23ra arte iraungo du hautaketa faseak. Azkenik, urtarrilaren 24an itxiko da IV. Kongresu prozesua, Irungo Ficoban egingo dugun itxiera ekitaldian.

Bestalde, Nazio Batzarrak hala onartuta, honako hauek izango dira kongresurako Berme Batzordeko kideak: Aitor Martinez (Arratzu), Aitziber Campion (Iruñea), Joxean Etxeberria (Oiartzun), Maialen Ezkerra (Donostia) eta Xabier Ruiz de Larramendi (Gasteiz). Berme Batzordearekin harremanetan jartzeko, kongresua@sortu.eus helbidera idatzi behar da.

Kongresuan parte hartu ahal izango dugu eskubide osoko kide gisa (zuzenketak aurkeztu, hautagaia izan edo hautagaiak proposatu, eta boto eskubidea izan) deialdia egiten den unean gutxienez sei hilabeteko antzinatasuna duten eta kuotaren ordainketa egunean duten sortzaile guztiok. Alegia, 2025eko otsailaren 28a baino lehenagotik sortzaileak garenok, egun hori barne.

Bozketen emaitzak

Nazio Batzarrean 190 lagunek parte hartu dute, eta horietatik 185 sortzailek dute boto eskubidea.

Kronograma
BAI: % 96,76
EZ: % 0
ZURI: % 0,54
Abstentzioa: % 2,70

Berme batzordea
BAI: % 97,84
EZ: % 0
ZURI: % 0
Abstentzioa: % 2,16