ALBISTEA


sortu

7. Nazio Konferentzia egingo dugu ekainaren 21 eta 22an, Agurainen

2024-05-23

Ikasturte politikoa itxi eta hurrengoaren ikusmiran kokatzeko momentua izango da ekainaren 21 eta 22an Agurainen egingo dugun 7. Nazio Konferentzia, baita gure komunitatearen topagunea eta elkarrekin gozatzeko unea ere.

Oso emankorra gertatzen ari da amaitzen ari den lan urte politiko. Beste askoren artean, hiru lorpen dira nabarmentzekoak. Batetik, aukera leihoa esaten diogun hori zabalik mantendu eta Espainiako estatuaren lurralde ereduaren gaineko eztabaida irekitzea lortu dugu, gure herriaren burujabetzaren bidean jauzi bat egiteko parada irabaziz. Bestetik, iragan berri diren EAEko hauteskundeen emaitzek erakutsi bezala, hegemonia subiranista eta aurrerakoiaren eraikuntzaren bidean berebiziko urratsa egin dugu. Azkenik, azken hamar urteotako ziklo mobilizatzaileari hauspo berria eman diogu, aldaketa politiko eta soziala hala instituzioetatik nola kaleetatik bultzatuz.

Ongi merezitako udako atsedenaldiaren aurretik, baina, beste bi erronka handiri egin beharko diegu aurre. Lehena, ekainaren 9an egingo diren Europako hauteskundeak. Bigarrena, ekainaren 21 eta 22an Agurainen egingo dugun Sorturen VII. Nazio Konferentzia.

Beste behin ere, funtsezkoa da EH Bilduk ekainaren 9ko hauteskundeetan albait emaitza onenak eskuratzea. Batetik, arestian aipatu burujabetza-jauzi saiakera horri begira albait indar handiena eskuratzeko. Bigarrenik, EAEko hauteskundeetan zein, oro har, amaitzear den hauteskunde-ziklo osoan erdietsitako emaitza paregabeak berretsi eta, aukeran, berau Hego Euskal Herriko lehen indar politiko gisa ixteko. Azkenik eta edonola ere, askatasunaren bidea urrats sendoz urratzen jarraitzeko.

Aspaldi honetako lorpenek agerian uzten dute azken hamar urteotan eraiki dugun estrategiaren eraginkortasuna. Edonola ere, zalantzarik gabe, badago zer hausnartua eta zer doitua. Horra ekainaren 21 eta 22an Agurainen egingo dugun Sorturen VII. Nazio Konferentziaren xedea: amaitzear den lan urte politikoaren bilana osatu eta hurrengo hilabete-urteei begira plan politikoa eguneratzea, nazio askapen mugimenduarekiko zein askapen borrokarekiko konpromisoa berritu eta independentziarako indarra biltzen jarraitzearekin batera, noski.



EGITARAUA (EMAN IZENA):

Ekainak 21, ostirala

- 17:00-17:30 Izen-ematea
- 17:30-19:00 Solasaldi nagusia: Estatuaren itzuleraren aurrean al gaude? Jule Goikoetxea eta Paolo Gerbaudorekin.
- 19:20-20:30 Sakontze-solasaldiak:
1. Burugabe ala burujabe?
2. Nire eskualdetik Euskal Herrira
3. Ortzi-muga berri bat marrazten
4. “Historia amaitu da” ala “historia aldatzera goaz”?
5. Zer ekoitzi, nola eta zertarako?

- 21:00 Afaria
- 21:30 Kultur eskaintza

[Lotarako lekua eta dutxak egongo dira]  


Ekainak 22, larunbata

- 09:30-10:00 Izen-ematea
- 10:00-14:00 Nazio Batzarra
· Palestinako lagunei (OLP) elkartasun ekitaldia
· Hitzartze politikoa
· Ikasturteko balantzea eta Plan Politikoaren ardatzak
· Araudiak eta ebazpenak

- 14:30-17:00 Bazkaria
Sortzaileek 15€ / Ez sortzaileek 20€ / Langabetu eta ikasleek 10€

- 17:00 Itxiera eta topa

[Larunbatean haur txokoa egongo da]



LARUNBATEKO NAZIO BATZARRA

Ohiko legez, Nazio Batzarra egingo dugu larunbat goizean, Sorturen urteroko hitzordu garrantzitsuenetako bat. Ezker independentismoak hauteskunde ziklo luzea indartsu amaitu berritan, ardura eta ilusioz heltzeko erronkak ditugu parez pare. Horretarako, ezinbestekoa zaigu momentua ondo irakurtzea, eta horixe egingo dugu batzarrean: ikasturte honetako balantzea itxi, eta Plan Politikoa marrazten hasteko lehen harria jarri. Gurea milaka kidez osatutako mugimendu politiko konprometitua da, eta beraz, beharrezkoa da guztion parte hartzea. Denon indarra behar dugu, indar hori independentziaren norabidean jartzeko!



HITZALDIEN NONDIK NORAKOAK

Azken hilabeteotan euskal sozialismoaren oinarriak gaurkotzeko gogoeta egiten ari gara. Plaza Hutsean aurkeztu genituen lehen ideiak, eta horretan sakontzen jarraituko dugu ostiraleko solasaldietan, Iratzar Fundazioak antolatutako solasaldietan.


SOLASALDI NAGUSIA: ESTATUAREN ITZULERAREN AURREAN AL GAUDE?

Neoliberalismoak estatu sozialaren kontra jo du pribatizazioen bidez, merkatua, enpresa ikuspegia, lehiakortasuna, malgutasuna eta etekinaren logika bazter guztietara zabalduz. Gaur egun, ordea, balio horiek ardazten duten mundu ereduaren kalteak agerikoak dira. XXI. mendeko bigarren hamarkadan estatuaren itzulera gertatu da, eta pandemiak bide horretan sakondu du. Garaiko ardatz politiko nagusien erdigunean kokatu dira berriz burujabetza, babesa (segurtasuna, zaintza…) eta kontrola. Nola artikulatzen ditu ezkerrak kontzeptu horiek mundu ikuskera alternatibo bat marrazterakoan? Zertan asmatu du eskuin muturrak horiek elkarlotzerakoan? Estaturik gabeko nazioen ikuspegitik, zein dira itzulera horrek dakartzan aukerak eta arriskuak?

Hizlariak: Jule Goikoetxea eta Paolo Gerbaudo.  



SAKONTZE SOLASALDIAK

1. BURUGABE ALA BURUJABE?

Estatu bat ez garenez, burujabetzarik gabeko herria da gurea, eta horrek ere ekonomian eragin zuzena du. Burujabetza ekonomikoa, ordea, ez da mugatzen burujabetza formalera (lan harreman eta babes sozialerako marko propiora, adibidez), eta ondorioz, burujabetza materialek ere garrantzia handia dute.

Hizlariak: Jone Etxeberria eta Igor Arroyo.


2. NIRE ESKUALDETIK EUSKAL HERRIRA

Herri zatitua da gurea. Eta horrek, maiz, gure egitura edo eredu ekonomikoaz hausnartzerakoan, partzialki aztertzera garamatza. Euskal Herri mailako betaurrekoak behar ditugu, euskal lurralde guztiak barnebilduko dituen ikuspegia izateko. Eta, era berean, eskualdeez hitz egin nahi dugu, horietako bakoitzean ernaldu nahi baitugu eredu sozial eta ekonomiko berri bat.

Hizlariak: Imanol Esnaola eta Ibai Sueskun.


3. ORTZI-MUGA BERRI BAT MARRAZTEN

Ekonomiaren paradigma ofiziala sistema kapitalistaren tresna gisa aritu da hamarkada luzez. Ekonomia kritikoak sarri ezkutatu ere egiten dira ekonomia fakultateetan, baina zer eskain diezagukete sozialismoak, ekonomia feministak edo ekonomia ekologikoak, eredu sozioekonomiko berri bat pentsatzeko?

Hizlariak: Amaia Perez Orozco eta Helena Franco.


4. "HISTORIA AMAITU DA" ALA "HISTORIA ALDATZERA GOAZ"?

Ezkerraren akats handienetako bat izan da, egoeraren irakurketa materialari erreparatzeko aitzakian, arlo sinbolikoari, kulturalari, hegemoniari edo bataila kulturalari behar adinako garrantzirik ez ematea. Zertarako balio digu inoizko eredu sozial eta ekonomiko hoberena eskaintzeak, beronen aldeko balioak (eta markoak) ez baditugu gurean hegemonikoak bilakatzen?

Hizlariak: Estitxu Garai eta Jon Azkune.


5. ZER EKOITZI, NOLA ETA ZERTARAKO?

Nolakoa da egungo gure eredu ekonomikoa? Zer ekoizten dugu? Nondik sortzen dugu aberastasuna? Gaur egun bizi ditugun askotariko krisiek hainbat trantsizio egitera behartuko gaituzte. Zer ekoitzi beharko dugu aurrera begira? Nola ekoitzi beharko dugu? Zertarako? Horretaz hausnartzeko garaia iritsi da.

Hizlariak: Laura Aznal eta Aritz Otxandiano.