Ohar honen bidez Zarauzko eraso matxistaren harira sortu den harrabotsa dela eta Sortuk ondorengoa adierazi nahi du:
1. Tolerantzia zero. Aski ezaguna da Ezker Abertzalearen konpromisoa eta irmotasuna bai indarkeria matxistaren kontra bai, oro har, gizartearen eta ezker abertzalearen beraren eraldaketa feministaren alde. Ezker abertzaleak indarkeria matxistari aurre egin izan dio beti; beti salatu ditu eta salatuko ditu eraso matxistak, izan jendartean gertatuak, izan gure komunitatearen baitan gertatuak. Izan ere, ezker abertzalea jendartearen parte denez gero, estrukturala den matxismoak, zoritxarrez, gure komunitatea ere alderik alde zeharkatzen baitu. Horregatik daukagu indarkeria matxista kasuak kudeatzeko barne protokoloa, dagoeneko hogei urte bete dituena eta, mugimendu feministako zenbait kideren nahiz aditu ezberdinen laguntzaz, aurten berritu eta zorroztu duguna. Bada, barne protokolo horren bidez, gertatutako eraso guztiak eta haietako bakoitza bana-banan aztertu eta kudeatu izan dugu. Inoiz ez dugu zalantza izpirik izan hartu beharreko neurri eta erabakiak hartzeko, edozein zirelarik ere kontestua, erasoaren egilea edota neurri horiek hartzearen ondorioak. Hala erakusten du hemerotekak. Eta hala erakusten du Zarauzko kasu honek ere, erasoaren berri jakin orduko erasoa egin zuen kidearen militantzia eten baikenuen, baita Barne Protokoloan aurreikusitako gainerako urratsak egin ere. Beraz, inork ezin dio leporatu ezker abertzaleari eraso matxisten aurrean beste aldera begiratzea edo erasotzailea ezker abertzalekoa denean berau babestea. Tolerantzia zero izan da eta izango da gure leloa hitzez eta ekintzez.
2. Erasoa jasan duen pertsona erdigunean. Hori da gure Barne Protokoloaren oinarri nagusietako bat. Protokoloan jasotako urratsak egiteko erasoa jasan duen pertsonaren borondatea kontutan hartzen dugu beti. Zarauzko kasuan ere hala izan da. Erasoa jasan duen pertsonaren borondatea izan da orain arte eraso matxista hau publikoki ez salatzea eta Sortuk borondate hori errespetatu baizik ez du egin. Hala ere, erasotuak babes nahikorik gabe sentitu dela badio, guk onartu eta errespetatu beste aukerarik ez dugu. Prozesu hauek konplexuak eta delikatuak dira, eta beti ez da asmatzen. Aitzitik, ez da egia erasoa ezkutatzen edota erasotzailea babesten saiatu garenik. Ez dugu akusazio hori inondik inora onartzen.
3. Balio ezkertiar eta feministak, eraldaketarako oinarriak. Oro har, gizartean baina, zoritxarrez, baita ezkerreko sektore batzuetan ere dagoen pultsio punitiboak kezkatzen gaitu. Sortuk hala feminismoaren balioetan nola haren justiziaren kontzepzioan sinisten du: erasoa jasan duenaren erreparazioan eta, posible den kasuetan eta posible den heinean, behintzat, erasoa egin duenaren heziketa feministan eta berreskurapenean. Sorturen protokoloaren printzipio nagusiak horiek dira.
4. Sektore jakin batzuen aldetik Sorturen nahiz ezker abertzalearen izena eta izana kaltetzeko nahia salatzen dugu, oraingoan gai honekin. Baita, saiakera horretan, beste behin ere, komunikabide jakin batzuen kolaborazio ordainezin eta sutsuarekin kontatu izana ere, zeintzuk, Sorturekin inolako kontrasterik egin gabe, albistearen bertsio bakarra eman eta titularretara gezurrak eraman dituzten. Bada, halako jokabide maltzurrekin, fabore gutxi egiten zaizkio bai borroka feministak urte luzeetako borrokaren bitartez lortutakoei, baita erasoa jasan duen pertsonak dituen beharrei ere.
2020-06-05