PRENTSA ARETOA


bakea eta bizikidetza

Iñaki Bilbao 'Txikito'-ren gose eta egarri grebaren aurrean


Iñaki Bilbao ‘Txikito’ euskal preso politikoak azaroaren 2an gose eta egarri greba mugagabeari ekin zion, aurretik irailaren 9tik urriaren 29a arte gose eta komunikazio greba egin ondoren. Bi ekimenetan aldarrikapen bera planteatu du ‘Txikito’-k, hots: independentzia eta sozialismoa edota Euskal Estatu sozialistaren lorpena.

Iñaki Bilbaoren gose eta egarri grebaren aurrean ondoko irakurketa egiten du SORTUk:

   • Ezaguna da euskal preso politikoen aurka Estatu espainiarra hamarkadetan erabilitzen ari den salbuespenezko espetxe politika, eta ezagunak dira, halaber, bere ondorioak. Euskal gizartearen gehiengo sozial, sindikal, politiko eta instituzionalak behin eta berriro salatu bezala, presoen nahiz haien senideen eskubide urratzailea eta are legez kanpokoa den espetxe politika horrek sufrimendua, gaixotasuna, egoera zein ekimen desesperatuak eta are heriotza eragiten ditu.

   • Iñaki Bilbaok irailean ekindako gose eta komunikazio greba eta azaroaren 2an hasitako gose eta egarri greba independentziaren eta sozialismoaren lorpenerako borroka gisa aldarrikatzen ditu. Modu horretan planteatuta, ekimen horrek bukaera posible bakarra du: Iñakiren heriotza.

   • SORTUrentzat Iñakiren ekimenak ez du zentzurik, interpelazio edota eskaera gauzagarririk ez duenez gero, eta ez du zerikusirik Ezker Abertzalearen kultura politiko historikoarekin zein gurean gure herriarekiko konpromisoa jorratzeko baliatu izan ditugun moldeekin. Halaber, ez du zerikusirik uneotan Ezker Abertzaleak bai Euskal Herria askatzeko bai preso, iheslari eta deportatu politikoak etxeratzeko darabilen estrategiarekin. Ondorioz, ekimen hori ez dugu babesten, ez eta babestuko ere.

   • Edonola ere, ikuspuntu iraultzaile batetik, baita giza ikuspegi hutsetik ere, preso politiko baten halako erabaki baten aurrean ez gara ezaxola, Iñakiren balizko heriotzaren aurrean ezaxola ez garen bezalaxe, eta argi adierazten dugu Iñakiren ekimenak arestian aipatutakoa ez bezalako amaiera bat izan dezan nahi eta desio dugula.

   • SORTUk, euskal preso, iheslari eta deportatu politiko guzti-guztien eskubideen defentsa egin eta haien etxeratzea aldarrikatzen eta jorratzen jarraituko du, baita, Iñaki Bilbaoren kasuan bezalaxe, preso eta iheslari politikoen kolektiboak utzita eta Ezker Abertzalearengandik urrunduta dauden horien kasuan ere.

   • Preso, iheslari eta deportatu politiko guztiak etxean eta bizirik izatea da EPPKren eta Ezker Abertzale osoaren lehentasuna. Hori dela eta, euskal preso, iheslari eta deportatu politikoen etxeratzearen alde indarrak biderkatzeko deia egiten dugu beste behin ere.

2020-11-10

-