Bart Bilboko Indautxu auzoan, eskuin muturrak egindako deialdiaren harira izandako mobilizazio eta istiluak direla-eta, SORTUk honakoa salatzen du:
• Gogor salatzen dugu eskuin muturrak baliatu nahi izatea krisi sanitario, ekonomiko eta sozial hau bere agenda erreakzionarioa indartzeko, diskurtso ustez desobediente, anti-autoritario eta kontestatarioz mozorrotuta. Birusaren zabalpena eteten saiatzeko hartu diren neurri murriztaileak eta, oro har, krisi egoera hau eragiten ari diren ezinegona baliatu nahi dute euren agenda desdemokratizatzaile, eskubide murriztaile eta autoritarioa indartzeko, zer eta demokraziaren, askatasunaren eta antiautoritarismoaren izenean. Funtsean, sistemaren aurkako estetikaren atzean, sistema kapitalista patriarkala bera indartzea dute xede.
• Gogor salatzen dugu, halaber, egoera honetara iritsi izanaren arduradun nagusia afera honen guztiaren kudeaketa negargarria egin duen eta egiten ari den administrazioen arduradun politikoak direla. Koronabirusari aurre egiteko estrategia argirik/eraginkorrik eza; beste behin ere halako neurri murriztaileak hartu behar izatea ekidin zezaketen inbertsioak (birusaren arakatze eta jarraipen ahalmenean, hezkuntzan, lehen arreta zerbitzuan, osasungintza, zahar-etxeetan...) egin ez izana; neurri murriztaile horiek, bai eta krisi sanitario, sozial eta ekonomikoak kaltetutako sektoreak eta pertsonak (hostalaritza, kulturgintza, autonomoak, ERTE-etan diren langileak, lana galdu dutenak, enpresari txikiak...) sustengatzera bideratutako laguntza publiko bideratu ez izana; mezu kontraesankor eta arduragabeen hedapena; pandemiari aurre egiteko “plana” prebentzio neurritan eta arestian aipatu inbertsioetan baino neurri murriztaile soiletan oinarritu izana... Horrek guztiak herritarren artean konfiantza baino egonezina, haserrea eta mesfidantza hedatu ditu, jarrera berekoi eta indibidualistei, kolore bateko zein besteko negazionismo eta konspirazionismoei eta eskuin muturrari berari bidea zabalduz eta halako erronka kolosal bati arrakastaz aurre egiteak ezinbestean eskatzen dituen kohesio, konfiantza, elkartasun eta erantzukizun sozialak nabarmen zailduz.
• Guztiarekin, eta edonola ere, beste behin ere, behekooi dagokigu agintariek orain arte izan ez duten eta orain ere izaten ari ez diren ardurarekin jokatzea. Behekooi dagokigu osasun publikoaren defentsa sutsua egitea; interes eta ongizate kolektiboak interes eta ongizate indibidualen gainetik jartzea; komunitatearen zaintza sareak antolatzea... Haiek ez baitute guregatik egingo, eta krisi sanitario, sozial eta ekonomikoak norbait kaltetuko badu, behekoak garelako. Hala, bada, inoiz baino gehiago, elkar zaintzeko unea da; prebentzio neurriak zorrotz betetzekoa; udaberrian egin bezalaxe, gure herriaren sen kolektibo, komunitario, berdinzale eta solidario hori aktibatu eta, beste behin ere, geure onena ematekoa.
• Aldi berean, mobilizatzen jarraitzeko deia egiten diogu euskal gizarteari, hasteko, izurriari aurre egin ahal izateko egin behar diren inbertsio publikoen alde, pandemiari aurre egiteko plana ez baitaiteke soil soilik neurri murriztaileetan oinarritu; are, gero eta inbertsio publiko gehiago egin, orduan eta neurri murriztaile gutxiago hartu beharko direlako. Eta, horrekin batera, burujabetzaren nahiz sakoneko eraldaketa sozialaren eta ekonomikoaren alde, pandemiak zerbait erakutsi badu, indarrean den sistema ekonomiko eta sozialaren hutsak eta bidegabekeriak eta herritarrak babeste aldera estatu propio bat izatearen garrantzia baita.