PRENTSA ARETOA


bakea eta bizikidetza

Errepresioaren aurrean, bakearen eta askatasunaren aldeko borrokan segiko dugu

Auzitegi Nazionaleko epaileak Kepa Arkauz, Ekhiñe Eizagirre eta Imanol Jaioren aurka egindako operazioak kezka eta haserrea eragin digu. Baldintzapean aske uztea berri ona da, baina horrek ezin digu bistatik kendu Estatu sakonak gatazka betikotzeko duen borondatea, prozesu judizialak aurrera segituko baitu. Estatuko estolderiak, berriz ere, erakutsi digu ez duela gatazka politikoa gainditzeko inolako borondaterik. Laster 9 urte beteko dira Aiteko Bake Konferentzian gatazkaren konponbiderako bide orria adostu genuela Euskal Herriko eta nazioarteko eragileek, eta ETA erakundeak ekarpen ezinbestekoa egin zuela norabide horretan borroka armatua behin betiko amaituz.

Estatu sakonak orduan adierazi zuen ez zuela Euskal Herrian bakea, demokrazia eta elkarbizitza ekarriko zituen prozesua sustatzeko inolako borondaterik. Ordutik oztopoak jarri besterik ez du egin ETAren armagabetzea eta desegitea gauzatzeko zein egoera berrira egokitutako justizia eredua aplikatu gabe, presoen, iheslarien eta deportatuen auzia katramilatzeko zein biktima guztien aitortzan urratsak oztopatzeko.

Azken operazioarekin eskuin-mutur polizial, judizial eta mediatikoak euskal independentismoaren kontra abian jarritako beste maniobra baten aurrean gaude eta ez dira lehenak; Karlos Apezetxea eta Itxaso Zalduaren espetxeratzeak izan ditugu azken hilabeteetan. Noiz eta euskal jendartean espetxe-politika aldatzeko inoizko adostasunik zabalena dagoenean.

Bake, bizikidetza eta askatasun agertoki berri bat eraikitzeko herri honek duen determinazioa ez du eskuin mutur polizial, judizial eta mediatikoak zapuztuko. Bada garaia Estatuak behingoagatik bide politiko eta demokratiko hutsen aldeko apustua egin dezan, bere biolentzia ekuazio politikotik ateratzeko eta herri honen borondateari oztopoak jartzeari utz diezaion. Arduraz jokatzeko garaia da.

2020-10-07

-