2022/23 lan-urterako erronkak

2022-07-19

Zer egin? Duela ehun eta hogei urte bezalaxe, hori da galdera. Eta guk badugu estrategia, badugu plana, badugu grina eta badugu indarra. Hala, gure aburuz, 5 dira datozen hilabete eta urteetako erronkak:


1
Krisiari aurre egin, bai kalean, bai instituzioetan

Ate-joka dugun krisi berriari itzalean aurre egin behar zaio, printzipio argi batekin: krisi hori ezin dute betikoek ordaindu, emakumeek, gazteek, pertsona arrazializatuek, pentsiodunek, langileek. Ez. Krisia aberatsek, enpresa handiek, oligopolio elektrikoak eta bankuek ordaindu behar dute, haiek baitira horren erantzule nagusiak, eta haiek erreskatatu baitzituzten duela hamar urte, milaka milioi euro erabilita.

Horrela, bada, energia-merkatuak esku hartu behar du, oligopolio elektrikoa deuseztatu behar da eta haren zein gainerako sektore estrategikoen kontrol publikoa bermatu behar da. Gutxieneko soldata eta pentsioak igo behar dira, eta, Euskal Herriari dagokionez, errealitate sozioekonomikora eta hemen dagoen indar-harremanera egokitu. Higiezinen iruzurrarekin amaitu behar da, mundu guztiak etxebizitza duina izatea bermatu behar da. Zaintza-sistema publiko bat eraiki behar da. Hezkuntzaren edo osasunaren merkantilizazioarekin amaitu behar da, ez baita onargarria inork jendearen oinarrizko eskubideekin negozioa egitea. Eta erreforma fiskal sakon bati ekin behar zaio, aberatsen pribilegioekin amaitzeko eta, behingoz, gehien dutenek gehiago ordaintzeko.


2
Zibilizazio berri bat eraikitzea

Krisiari aurre egin beharra dago, bai. Eta horretarako berehalako neurriak hartu beharra dago, pertsonak, ekonomia, enplegua eta soldatak babestu eta jendartearen ongizate energetikoa bermatuko dutenak. Baina baita neurri estrategiko eta estrukturalak ere, ekoizpen, banaketa eta kontsumo ereduaren errotikako eraldaketa egitera zuzenduko zaizkionak.

Hain zuzen, hori da bigarren erronka: utopiaren bandera altxa beharra dago, kapitalismoaren parez pare alternatiba erradikal eta integrala aldarrikatu. Zibilizazio berri bat behar dugu, sozialista, interes eta eskubide kolektiboak lehenetsiko dituena, bizitza eta haren zaintza erdigunean jarriko dituena, ikusia dagoelako kapitalaren eta irabazi pribatuen logika gailentzen denean, pribatizatzen eta prekarizatzen denean eta instituzioek berau zaintzeko ardurari ihes egiten diotenean, bizitzak atzera egiten duela, desagertzen ez denean.


3
Burujabetza berreskuratzea

Burujabetzaren eta estatu propio baten aldeko borroka da estaturik gabeko herriok zibilizaio berri horren eraikuntzari egiten diogun ekarpena.

Ez dago prozesu independentista baino egitasmo iraultzaileagorik, duela 50 urte bakarren batek esan zuen bezala, gure askapen nazional eta sozialean aurrera egitea delako borroka internazionalistari eta zibilizazio berri horren eraikuntzari egin diezaiokegun ekarpen handiena.

Hala, nazio zapaldua izaki, Euskal Herrian, klase borroka, borroka feminista, borroka ekologista zein borroka askatzaile oro nazio askapenetik pasatzen da. Batetik, burujabetza, botere politikoa behar dugulako borroka askatzaile horiek guztiak azken bururaino eramateko. Baina batez ere, gu ez garelako ez frantsesak ezta espainolak ere; gu euskaldunak gara, eta munduko herri guztiek bezalaxe, gure buruaren jabe izateko eskubide osoa dugu. Bai, gu euskaldunak gara, eta harro gaude!


4
Ezkerreko subiranismoa indartu, kaleetan eta instituzioetan

Erronka horiek guztiek gehiengo berri bat eta lidergo berri bat behar dute. Gehiengo subiranista eta aurrerakoia, herrialdean dagoeneko existitzen dena, baina hauteskundeei eta erakundeei begira proiektatu eta operatibizatu behar dena. Eta lidergo hori ezkerreko subiranismoaren eskutik bakarrik etor daiteke, beren politikekin egoera honetara ekarri gaituztenek nekez eramango gaituztelako beste inora.

Horregatik, berretsi egiten dugu EH Bilduren eta EH Bairen aldeko gure apustu garbia, eta sektore berrietara zabaltzeko apustu garbia egiten dugu. Herri hau burujabetza eta justizia sozialeko etorkizun baterantz gidatuko duen fronte zabal subiranista eta aurrerakoi hori osatzeagatik.

Eta apustu garbia egiten dugu EH Bilduk eta EH Baik ahalik eta erakunde gehien gobernatzeko, hori ona delako jendearentzat, ona delako herrialdearentzat, ona delako emantzipazio nazionalerako eta sozialerako, eta, esan bezala, gu irabazteko jaio ginelako, eta irabazi egingo dugulako.


5
Herri-bulkada berria

65 urte bete dira Txillardegik “Leturiaren egunkari ezkutua” argitaratu zuenetik. Euskal literatura modernoaren lehen eleberria eta joan den mendeko 60. hamarkadako euskal kultur berpizkundearen mugarrietako bat.

Bada, salbuespenezko egoera honek herri bulkada berri bat eskatzen du, ordukoaren moduko berpizkunde kultural eta nazionala. Herri honek bere energia komunitarioak aktibatu, artikulatu eta askatzea. Baita energia komunitarioak bere gaitasun instituzionalekin artikulatzea ere.

Eta salbuespenezko egoera honek eskatzen du ere albait akordio eta aliantza zabalenak eraikitzea, albait indar politiko, sozial eta sindikal gehienen artean, hiru helburu argirekin:

  • Bat: eskuin erreakzionarioak gelditzea, berdin kalean zein instituzioetan.
  • Bi: albait gehien aurreratzea, eskubide sozial eta ekonomikoen berreskurapenean, burujabetzaren bidean eta nazio eraikuntzan
  • Hiru: eskuin erreakzionarioek Madrilgo gobernua eskuratuko balute, etorri etorriko den erasoaldi errepresibo, birzentralizatzaile eta antidemokratikoari herri gisa aurre egitea. Eta puntu honetan broma gutxi, aski ongi ezagutzen ditugulako, zertarako gai diren ondotxo dakigulako, eta azkenerako nagusitzen badira, gogotik ordainduko dugulako, emakumeek, LGTBI kolektiboak, langile eta herri sektoreek, herriek.
Beraz, herri hau zutik jarri beharra dago, herri hau martxan jarri beharra dago, eskenatokia edozein delarik ere, burujabetzaren, askatasunaren, berdintasunaren eta justizia sozialaren bidean aurrera egiteko. Eta eskuin erreakzionarioei mezu argi bat helarazteko: zoazte pikutara, faxistok, hemen herri duin bat dago eta!