Osasun sistema publikoa indartzeko garaia

Pandemiaren kudeaketa lotsagarria eta osasungintza publikoaren egoera tamalgarria ezkutatzeko kezko kortina da Covid pasaportea.

Urte t’erdi luze pasatu da Covida guregana iritsi zenetik. Hasiera horretan, agintari publiko nagusiek prestatuta geundela esan ziguten, baina pandemiaren garapenak azkar utzi zituen hitz horiek agerian. Hamarkadetako neoliberalismoak gure osasungintza publiko ezberdinetan (herri ukatuaz gain, herri zatitua ere bagarelako) ondorio larriak eragin zituen. Osasungintzan inbertitzen ez denean edota osasun langileak hezi, formatu eta kontratatzen ez direnean, poliki-poliki herritarron funtsezko eskubidea den zerbitzu publikoa murrizten, prekarizatzen eta oro har, eraisten hasten da. 


Pandemiak berehala agerian jarri zuen osasun krisia. Eta gurean, osasungintzaren eskuduntza duten agintariak, jarrerak gora-behera, inprobisatzen egon dira herenegun, atzo eta ez badugu ekiditen, baita bihartik aurrera ere. Inprobisazio horretan, lehen erabakia ardura gainetik kentzea eta berau indibidualizatzea izan da, alegia, osasungintza publikoaren egoera tamalgarriaren ardura haiena izango ez balitz bezala aritzea, urteetako murrizketak haien erabaki politikoa izan ez balira bezala jokatzea, pandemiaren bilakaera kaskarra herritarron arduragabekeriari leporatuz. Eta bigarren erabakia izan da pandemiaren kudeaketa neurri murriztaileetara mugatzea. Neurri eta eztabaida nagusiak ez dira izan zenbat, non eta nola inbertitzen dugun osasungintzan, baizik eta zenbat pertsona sar daitezken, non eta nola. Zaintza lehenetsi zitekeen eta, horretarako, neurri murriztaileez gain, bestelako askotariko neurriak hartu, hala nola, arakatzaile kopurua handitzea; antigeno auto-testak dohainik eskaintzea; herritarrek konfinamenduak bete ahal izan ditzaten beharrezko baliabideak eskaintzea; lehen arreta zein, oro har, osasun sistema publikoa indartzea; osasungintzako langileen lan baldintzak duintzea eta abar, jakinik zenbat eta halako gehiago hartu, orduan eta neurri murriztaile gutxiago beharko zirela; baina, horren ordez, aipatu neurri murriztaileetara mugatu duten beren ez-kudeaketa.


Ezker independentismoak hasieratik asmatu zuen zaintza kolektiboaren eta osasungintzaren aldeko aldarriarekin. Sortuk berak eta EH Bilduk konfinamenduaren eta zaintzaren aldeko deia luzatu zuen pandemiaren lehen egunetan. Unerik gogorrenetan, herriz herriz eta auzoz auzo, gure herrian zaintza sareak antolatu behar izan ditugu eta hala ere milaka eta milaka dira epe honetan joan zaizkigun herritarrak. Eta hau dena, aipatu bezala, pandemiari aurre egiteko prestatuta geundela esaten ziguten bitartean. Eta horrela iritsi gara, jada, seigarren olatua deitzen den honetara.


Bat gutxi ez eta sarri bigarren aldiz erori behar izaten dugu toki berean ez erortzeko. Bada, gure agintarien kasuan, bost gutxi ez eta seigarren olatuaren aurretik, duela bi hilabete osasungintzetako milaka langile (erizainak, aztarnariak...) bidali zituzten langabeziara ustez okerrena pasatuta zegoelakoan. Seigarrenak beraz, lehen olatuak bezain “prestatuta” harrapatu gaitu. Eta ez, dagoeneko “errua” ez da pandamiarena, haien politikena baizik. Haiek, ez beste inork, jorratu dutelako, urte luzetan jorratu ere, osasun sistema publikoa eraistearen aldeko politika deliberatua. Haiek, ez beste inork, lehenetsi dituztelako gutxi batzuen interes ekonomikoak gehiengo zabalaren osasunaren eta behar ekonomikoen kaltetan. Haiek, ez beste inork, jorratu dutelako politika informatibo ezin kaskarragoa pandemia osoan zehar. Eta haiek, ez beste inork, jarraitzen dutelako eraginkortasun zalantzagarriko neurriak hartzen (Covid pasaportea, maskarak kanpoan...) eta benetan eraginkorrak diren neurriak saihesten (aztarnari kopurua emendatzea, lehen arreta indartzea...).


Zentzu horretan, jakin badakite, Covid pasaportea ez dela eraginkorra kutsatzeak ekiditeko, areago, zenbait unetan segurtasun sentsazio faltsua ere eragin dezakeela (Covid pasaporteak txertaketa sustatzeko baino ez du balio, eta denbora-tarte mugatu batean, hortik aurrera eraginkor izateari uzten baitio). Musukoa kalean derrigortzea eraginkorra ez den bezala, kutsatze arrisku handiena ondo aireztatu gabeko barrualdeetan gertatzen dela demostratu delako. Edonola, bata zein bestea oso tresna eraginkorra egiten ari zaie beste helburu baterako: pandemiaren kudeaketa lotsagarria eta osasungintza publikoaren egoera tamalgarria ezkutatzeko kezko kortina da Covid pasaportea.


Covid pasaporteak askatasun indibidualean jartzen du arreta. Zaintzaren paradigmak, ordea, osasun eta askatasun kolektiboak ditu helburu eta abiapuntu. Osasunerako eskubidea bera da askatasun kolektibo horietako bat; denok ez bagara eskubide horren jabe, pribilegio bilakatzen da. Munduko ultraeskuin ia guztia kalera atera da pasaportearen kontra. Azkena, aste honetan bertan, Espainiako VOX alderdi faxista. Herritarron haserrea kapitalizatzea da haien helburua. Gurean ere, badira kalera atera diren mota ezberdinetako herritarrak. Haserrea ulergarria da, baina Covid pasaportea deritzon kezko kortina horretan arreta jartzeak kezkatzen gaitu. Baita Covid pasaportearen kontrako aldarriaren eskutik nagusitzen ari den askatasunaren kontzepzio liberal eta indibidualistak ere.


Hemen jokoan dagoena asko eta handia da. Hemen urteetako politika neoliberalek hezkuntza edota osasungintzan izan dituzten ondorioak agerian uzteko aukera jokatzen ari da. Hemen, bizi ditugun krisi anizkoitzei (osasuna, zaintza, ekologikoa, ekonomikoa) aurre egiteko sektore publikoaren eta zerbitzu publikoen garrantzia dago ezbaian. Hemen, kapitala eta bizitzaren arteko borroka honetan sektore publikoak noren alde egingo duen dago ezbaian. Hemen eta orain, borroka horiek guztiak gure herrian nola emango diren eztabaidatzen eta lehiatzen ari da. Hemen, gainera, eraldaketa sozial eta politikorako gehiengoa dago, erronka hauetan lehiatzeko indar harreman egokiak ditugu. Aukera dugu eta, honek, aldaketaren aldeko sektoreok erantzukizunez eta inteligentziaz aritzera eraman behar gaitu. Kezko kortinak ez dezala ematen ari den batailaren tamaina ezkutatu. Fabula ezagunean bezala, ez gaitezen Covid pasaportearen behatzera bea gelditu.

 

Osasun krisiaren aurrean, zaintza kolektiboa eta bizitzak erdigunera:

1. Pertsona indibidualon eskubideak murriztu behar badira (eta sarri egin behar izaten da, eskubide indibidualak kontratu kolektibo batzuen baitan ulertu behar baitira; askatasun kolektiboak, hainbatetan, askatasun indibidualak murriztea eskatzen duelako; eta unibertsalak ez diren eskubide edota askatasunak ez direlako eskubide edo askatasun, pribilegio baizik) izan dadila denon osasuna jokoan dagoelako, denon onerako, behar bezain justifikatuta, arrazoituta eta elkar zaintzaren zein askatasun kolektiboaren logikari erantzunez, ez zerbait egiten ari denaren plantak egiteko, are gutxiago benetan egin beharko litzatekeena egiteko borondate falta ezkutatzeko.

2. Txertoen patenteak indargabetu daitezela eta guztion osasuna gutxi batzuen negozioaren aurrean lehenetsi dadila. Mundu osoan txertaketa azkartu ezean, birusaren aldaera berriek etengabe arriskuan jarriko gaituzte. Txertoa da une honetan pandemiari aurre egiteko dugun tresna eraginkorrena.

3. Informazioa eta prebentzioaren aldeko jarrerak eta politikak bultzatu daitezela: aztarnariak kontratatu eta haien lana egiteko behar dituzten baliabideak bermatu. Birusaren aurretik joatea da aukera bakarra zazpigarren olatua ekidingo badugu.

4. CO2 neurgailuen instalazioa eta musukoaren erabilera sustatu barrualdeetan. Antigeno testak doan edo errentaren arabera banatzea.

5. Osasun krisi baten aurrean bagaude, osasunean inbertitu beharra dago: mediku eta erizainak kontratatu, bizi dugun COVID egoera larriari aurre egiteko eta baita ere eraisten ari diren eta funtsezkoa den lehen arretako zerbitzu publikoa bermatzeko. Era berean, pandemia buru osasunean eragiten ari den arazoei aurre egiteko osasun zerbitzuak indartzea. 

6. Sektore kaltetuenentzat baliabideak (ekonomikoak zein bestelakoak) bermatu behar dira. Bestetik, herritar orok konfinamenduak bete ahal izan ditzaten beharrezko baliabideak eskaintzea (isolatzeko logelak, kontziliazioa ahalbidetzen duten bitartekoak edo protokoloak...). Baita garraio publikoen maiztasuna handitzea ere, masifikazioak ekiditeko.

7. Zentzu horretan, klase, genero eta arraza faktoreak determinanteak dira pandemiak pertsona bakoitzarengan dituen ondorioetan. Hartzen diren neurriak hartzen direla, faktore horiek haintzat hartu beharra dago, eta pandemiaren kudeaketa sozialki justua egiten dela bermatu.

8. COVID-ak krisiak azkartu ditu (ekologikoa, zaintzarena, ekonomikoa eta soziala) eta aldaketa handien garaian murgildu gaitu. Herri gisa eta demokratikoki ekin behar diogu egoera honi, asko dugu jokoan. 

Horregatik guztiagatik eta kezko kortina guztien gainetik, zerbitzu publikoen aldeko mobilizazioetan parte hartzera deitzen ditugu herritar guztiak. Lehen arreta eta osasun publikoa defendatu dezagun. Gora (elkar zaintzen duen) herria!

Lehen erabakia ardura gainetik kentzea eta berau indibidualizatzea izan da, alegia, osasungintza publikoaren egoera tamalgarriaren ardura haiena izango ez balitz bezala aritzea.
Covid pasaportearen kontrako aldarriaren eskutik nagusitzen ari den askatasunaren kontzepzio liberal eta indibidualistak kezkatzen gaitu.
Osasunean inbertitu beharra dago: mediku eta erizainak kontratatu, bizi dugun COVID egoera larriari aurre egiteko.