2018/2019 urte politikorako hiru erronkak

2018-09-29

Konferentzia Politikoa 2018. Sortuk zeregin nagusi bat dauka, ikasturteko erronka nagusiena ere badena: burujabetza prozesua azkartzea. Herritmoa bizitu. Horrek behar du ikasturteko erronka nagusia. Eta erronka nagusi horren baitan hiru dira aurtengo ikasturteko erronka zehatzak:


01
Lehen erronka zehatza

Ezkerreko subiranismoa eta haren etxe amankomuna den EH Bildu indartzea. EH Bildu baita prozesu subiranistaren bermea. Sortuk bere bitarteko material eta humano guztiak jarriko ditu EH Bildu den XXI. mendeko herritar batasun horren indartzearen zerbitzura. Eta, are zehazkiago, Sortuk bere bitarteko material eta humano guztiak jarriko ditu datozen hauteskundeetan bai EH Bildu bai prozesu subiranista bera ahalik eta indartuen atera daitezen.


02
Bigarren erronka zehatza

Burujabetza prozesua gizartez, eduki sozialez, herriz bete beharra dago. Eusko Legebiltzarreko Estatus berriari buruzko akordioak, Nafarroako aldaketak zein Ipar Euskal Herriko instituzionalizazioak gizarte bultzada handia behar dute atzeraezinak bilakatzeko. Burujabetza prozesuak oro har, gizarte bultzada behar du atzeraezina bilakatzeko. Eta prozesua gizartez, herriz bete behar da, burujabetza gabe aldaketa ekonomiko eta sozialik ez dagoen gisan, ez baita posible burujabetza prozesurik berdintasunean, elkartasunean eta justizia sozialean oinarritutako etorkizuna defendatzen dugun guztion bultzada gabe.

Horregatik lan egingo dugu eskuz esku pentsionistekin, emakumeekin, langileekin eta gazteekin. Prozesuaren gihar soziala indartzeko, fronte soberanista eta eraldatzaile handi bat artikulatzeko.


03
Hirugarren erronka zehatza

Presoak kalera ateratzea. PSOE eta PPri esaten diegu amaitu direla aitzakiak; urteak igaro ditugu entzuten ETA desagertzen zenean dispertsioa 48 ordutan amaituko zela. Eta egun osoa pasatzen dute legea bete behar dela errepikatzeko. Bada, bete dezatela legea, euren legea, behingoz.

Hori presoak kaleratzearen aurreko lehen urrats gisa. Ez baita normalizazio politikorik izango Espainiar eta Frantziar espetxeetan ehunka preso politikok jarraitzen duten bitartean. Baina batez ere, herri honek preso politiko gabeko etorkizuna izateko eskubidea duelako.

Parez pare dugun erronkari begira, gure baloreak: konpromisoa, elkarlana, konfiantza.

Konpromisoa: aurrera begira, orain arte bezala, gakoa, borroka da. Duela 60 urte, gazte talde hark beren buruari egin zionaren moduko promesa egiten dugu: ez dugu etsiko herri honen askatasun osoa erdietsi arte; ez dugu etsiko euskal preso, errefuxiatu eta deportatu guztiak etxeratu arte.

Elkarlana: bide hori ezin du egin ezker abertzaleak bakarrik; aliantza zabalen eta artikulazio berrien eraikuntza inoiz baino beharrezkoagoa da. Eta horretarako, inoiz baino gehiago, herriarekin egon behar dugu, herriarekin harremandu, herriarekin hitz egin, herria entzun, gauzak harekin batera egin: batetik, herriari zor gatzaizkiolako; eta, bestetik, gauzak herriarekin eginez gero, behin ere ez garelako erratuko.

Konfiantza. Gure buruarengan eta, batez ere, gure herriarengan. Badago horretarako eta gehiagorako indarra. Ezker abertzale hau gai izan da frankismoari aurre egiteko. Ezker Abertzalea hau gai izan da gerra zikinari, torturari, kare biziari, espetxeari, herbesteari eta legez kanporatzeari aurre egiteko. Ezker abertzale hau gai izan da oztopo guztien gainetik estrategia aldaketa burutu eta ziklo politiko berri bat zabaltzeko. Eta, ez egin dudarik, ezker abertzale hau gai izango da, beste sektore batzuekin elkarlanean, herri hau independentziara eta sozialismora eramateko.