ALBISTEA


borroka feminista

Plastiko beltzak eta EAJ

2019-09-07

Plastiko beltzekin amaitzea EAJren esku dago.

Aski da Martxoaren 8an lazo morearekin atera eta irailaren 8an plastiko beltzak defenditu eta are, sustatzeaz.

Aurten 23 urte betetzen dira Hondarribiako Alardean lehen aldiz emakumeak modu parekidean parte hartzeari ekin ziotela. Baina normaltasunik ez da iritsi oraindik, besteak beste EAJk gobernatutako instituzioen jarrera sexista eta lotsagarrien ondorioz. Iaz plastiko beltzen atzean ezkutatzen direnek jarrera berriz ere gogortu ostean, aurten Hondarribiako alkatearen proposamena Jaizkibel konpainia parekide eta publikoak bere desfile ordua aldatzea izan da. Parekidetasunaren alde urratsak eman beharrean, kontrako norabidean jarraitzen du udal gobernuak, alarde tradizional eta pribatuari pribilegioak ematen jarraituz.

Oso adierazgarria iruditzen zaigu EAJren jarrera bipolarra: indarkeria matxista salatu eta izan diren sexu erasoen kontrako hainbat ekimenetan parte hartu duen bitartean, kudeatzen duen gobernuak irizpide sekuritarioari lehentasuna eman dio. Hala Ertzantzak esan digu emakumeen segurtasunerako onena dela etxean geratzea, gauez ez ibiltzea edo bakarrik ez ibiltzea... Indarkeria matxistaren errua eta zama emakumeengan jartzen da, erasotzailearenak lausotuz. Mezu matxista da, hetero patriarkatuaren diskurtsoa eta praktika matxistak elikatzen dituena.

Azken hauek gainditzeko, kultura eta balore berriak zabaltzeari ezinbestekoa deritzogu. Horregatik ez dugu Hondarribiako Alardean, beraz jai esparruan, emakumeak bigarren mailako herritarra izatera bultzatzerik onartzen, alarde parekidearentzat ordutegi berezia bat sortuz eta funtsean apartheid sozialak /misoginoak irudikatuz.

Ikuspegi punitiboak eta segurtasun irizpideak bidezkoak ez zaizkigun bezala, balore matxistak elikatzen dituzten praktikei ere erantzun fermuak ematea exijitzen diogu EAJri. Aski da Martxoaren 8an lazo morearekin atera eta irailaren 8an plastiko beltzak defenditu eta are, sustatzeaz. Ez dira bateragarriak. Ez behinik behin, Hondarribian eta Euskal Herriko beste herrietan emakumeen eskubideak bermatuko dituen bizikidetza eraikitzeko prest balego. Horrek dudarik gabe pentsamendu markoak aldatzea eskatu beharko liguke guztioi. Bide luzea ororentzat, are gehiago EAJrentzat bistan denez. Baina ibili beharrekoa.