ALBISTEA


gora herria

Krisia kapitalak ordain dezala

2020-06-06

SORTUk mobilizazio jendetsua egin du Bilboko erdigunean, eta gehiengo zabalaren aldeko neurriak exijitu ditu, ez gutxiengo pribilegiatuen aldekoak.

"Hemen gaude esateko ez dugula inolaz ere onartuko krisi hau betikoek ordaintzea; krisi hau kapitalak ordaindu behar duela. Eta horretarako, gehiengo zabalaren aldeko neurriak behar direla, ez gutxiengo pribilegiatuaren aldekoak"

Iberdrolako etekin milioidunak Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzaraino eraman ditu modu sinbolikoan SORTUk gaur arratsaldean egindako manifestazioan, Bilbon. Modu horretan enpresa handiei eta fortuna handiei krisia ordaintzeko exijitu die. ‘Krisia kapitalak ordain dezala’ lelopean Iberdrola Dorretik abiatu da manifestazioa 18:00etan bi ilaratan, eta Plaza Biribilerainoko ibilbidea egin du. Bidean, urtero etekin handiak eskuratzen dituzten enpresak seinalatu dituzte manifestazioan parte hartu dutenek, Inditex, Banco Santander, Kutxabank eta BBVA esaterako.

Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean, Arkaitz Rodriguez SORTUko idazkari nagusiak sakoneko eraldaketaren premia dagoela nabarmendu du. “Hemen gaude esateko ez dugula inolaz ere onartuko krisi hau betikoek ordaintzea; krisi hau kapitalak ordaindu behar duela. Eta horretarako, gehiengo zabalaren aldeko neurriak behar direla, ez gutxiengo pribilegiatuaren aldekoak”, adierazi du.

“Hemen gaude esateko ongi dagoela pandemiaren aurkako borrokan lehen lerroan egon diren langile guztiak balkoietatik txalotzea, baina orain dela garaia haiei egindako esfotzua itzultzeko, lan baldintza duinen bidez, eta zerbitzu publikoetan inbertituz. Hemen gaude esateko behar duguna ez dela egungo ordena sozial eta ekonomikoaren berreraikuntza, haren eraldaketa sakon bat baizik, bizitza eta haren zaintza erdigunean jarriko dituen eredu sozial eta ekonomiko bat baizik”.

Egun indarrean dagoen normaltasuna berreraikitzea ez da gakoa, SORTUko idazkari nagusiaren esanetan. “Ez. Ez da normaltasun horren berreraikuntza behar duguna, bizitza eta haren zaintza erdigunean jarriko dituen zibilizazio alternatibo baten eraikuntza baizik. Zeren eta, Zaldibarren ikusi genuen bezala, eta krisi honetan ikusten ari garen bezala, kapitalaren eta irabazi pribatuaren logikak agintzen duenean, pribatizatzen eta prekaritzatzen denean, eta instituzioek berau zaintzeko ardurari ihes egiten diotenean, bizitzak atzera egiten du, desagertzen ez denean”.

“Hemen gaude esateko, horretarako guztirako Euskal Herriak burujabetza behar duela. Ez garela adin txikikoak eta ez gaudela ezinduak inork gure ordez erabaki behar izan dezan. Hemen gaude esateko ez garela inor baino gehiago, baina ezta gutxiago ere. Eskubide osoa daukagula erabakiak gure kabuz hartu ahal izateko. Eta erabakitzeko ahalmena, botere politikoa behar dugula lan harremanak, pentsioak eta abar luze bat hemen erabaki ahal izateko”.

“Bukatzeko, hemen gaude esateko ez dela erraza izango, boteretsuak boteretsu direlako oso, eta ez daudelako prest beren pribilegioen parte txiki batean ere amore emateko. Baina ez daukala zalantzarik irabaziko duguna”.