ALBISTEA


bakea eta bizikidetza

Itxaso Zaldua espetxeratua

2020-07-22

Eskuin-mutur polizial, judizial eta mediatikoak ezin dute bake eta askatasun agertoki berri bat eraikitzeko herri honek duen determinazioa zapuztu.

Kasu honetan ere Estatu Sakonak erakutsi digu ez duela gatazka politikoa gainditzeko inolako borondaterik

Auzitegi Nazionaleko epaileak Itxaso Zaldua espetxeratzeko aginduak kezka eta haserrea eragin digu. Kasu honetan ere Estatu Sakonak erakutsi digu ez duela gatazka politikoa gainditzeko inolako borondaterik. Beste modu batean esanda, eskuin-mutur polizial, judizial eta mediatikoak euskal independentismoaren kontra abian jarritako beste maniobra baten aurrean gaude; noiz eta orain, euskal jendartean espetxe-politika aldatzeko inoizko adostasunik zabalena dagoenean eta independentismoak hautetsontzietan etenik gabe gorantz jarraitzen duenean.

Bake, bizikidetza eta askatasun agertoki berri bat eraikitzeko herri honek duen determinazioa ezin du eskuin mutur polizial, judizial eta mediatikoak zapuztu. Bada garaia Estatuak behingoagatik bide politiko eta demokratiko hutsen aldeko apustua egin dezan, eta herri honen borondateari oztopoak jartzeari utz diezaion. Arduraz jokatzeko garaia da.

Berresten dugu gatazka politikoari irtenbide demokratikoa emateko ordua dela, eta ez errepresioan tematzekoa. Espetxeak husteko garaia da, ez haiek betetzen jarraitzekoa.

Espetxeratze bidegabe hau salatzeko mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten du SORTUk, eta Itxaso lehebailehen aske jar dezaten exijitzen du.

Itxaso askatu!