ALBISTEA


bakea eta bizikidetza

Herriari emanak gara!

2020-11-20

Santi Brouarden eta Josu Muguruzaren hilketen urteurrenarekin bat eginez manifestazio jendetsua egin du SORTUk Bilbon

Gaur arratsaldean, ‘Herriari emanak gara’ lelopean manifestazioa egin du SORTUk Bilboko kaleetan, Santi Brouarden eta Josu Muguruzaren hilketen urteurrenarekin bat eginez. Manifestazioa Santi Brouard hil zuten kontsultaren parean hasi da, lore eskaintza bat egin ondoren. Amaiera, udaletxe aurrean izan da, ezker abertzaleko bi militanteen hilbeila egin zen erakundearen aurrean.

Manifestazioaren ostean, Karlos Renedo SORTUren Kontseilu Nazionaleko kideak hartu du hitza, Santiren eta Josuren konpromisoa eta ekarpena balioan jartzeko. Hauxe da Renedoren hitzartzea:

Karlos Renedoren hitzartzea:

“Herriari emanak gara” da aurten leloa. Santi eta Josuk gauza bat erakutsi zigutelako, beste milaka kidek bezala, ezker abertzalearen konpromisoa herriarekiko. Herriaren alde dena emateko konpromisoa: konpromiso politikoa, kaleetan, instituzioetan, baina baita ere gure komunitatearekiko konpromisoa. Esaten dugun moduan: pertsonala politikoa delako. Eta egunero, gure komunitatean hartzen dugun konpromisoak ematen dio zentzua ezker abertzaleko militantziari.

Beraz gaur, hori nahi nuke balorean jarri. Sindemia batean sartuta gaudenean berriro ere agerian gelditzen ari dira kapitalismoaren zuloak. Gure ongizate sistemaren zuloak ere agerian gelditzen ari diren moduan. Etxeko alokairua ordaintzeko zailtasunak zituenak, orain zailagoa du. Ostalaritzan, barra baten atzetik beltzean kobratzen zuenak, etorkizun beltzagoa du. Gazte kriminalizatua zena, orain guztiaren erruduna. Ahulak zirenak, orain ahulago.

Egoera hau biziko balute, Santi eta Josu moduko militanteek bere konpromisoa berretsiko lukete. Santi jo eta ke ibiliko litzateke lanean bere kontsultan; sukarra duten umeei kontsulta pasatzen; gurasoak lasaitzen; bere bizitza jokoan jartzen, gure komunitatea zaintzeko. Zuetako askok egunero egiten duzuen moduan, zuen lanpostuetan, ospitaleetan, zaintza sareetan, eta abar.

Mundua salbatzen ibiliko lirateke, gure gertuko mundu txiki hau, baina seguraski oraindik indarrak izango lituzkete beste milaka gauza egiteko. Eta Josuk adibidez gaur bertan hasitako Euskaraldia ekimenean parte hartuko luke. Errekaldeko euskal komunitatea hauspotzen, saretzen... Zuetako gehienek egingo duzuen moduan hurrengo hamabost egun euskara hutsean bizitzen, zuen bizilagunak animatzen euskaraz bizitzeko.

Gainera borroka instituzionalean ere euren ekarpena egingo lukete. Josu gaur Madrilera begira egongo zetzateke aurrekontuak direla eta, kezkatuta, urduri, ilusionatuta, konfiantzaz... Josuk asko zekien instituzioen erabilpen taktikoaz, berak teorizatu baitzuen horren inguruan. Berak ireki zuen bidea.

Ez litzaioke ahaztuko gaur, egoera historiko, berri, baten aurrean gaudela. Independentismoak estatuko politika baldintzatzeko aukera duela. Orain bai, esan dezakegu, gureak, urrezko bozkak direla, kualitatiboki eta kuantitaboki. Eta erabili egin behar dira, noski! Jakinda arriskuak badaudela, jakinda kontraesanak egongo direla, jakinda ez dela gure joko-zelaia, ez direla gure arauak, ahalik eta denbora laburrena nahi dugula eman parlamentu horretan... baina jakinda ere ardura bat badugula, helburu ezagun batzuk, ortzi-muga utopiko bat, eta gure artean ditugun tresna guztiak erabiliko ditugula hori lortzeko, betiko moduan.

Eta galderak ez du izan behar non bozkatuko dugun, ezta norekin... Nola ahaztuko dugu hori, jakin badakigunean Santi eta Josu Estatuak, PSOEk, hil zituela. Josuren kasuan Madrilera joan zenean hain zuzen ere. Galderak izan behar du zertarako bozkatuko dugun, ea bozkatzen dugunak gure posizioa indartzen duen ala ez, ea gure etsaien posizioa ahultzen duen, ea gure helburuetara hurbiltzen gaituen gehiago. Eta hortaz, dagoen arriskuaz jakitun, ausardiaz jokatuko dugu, euren joko politikoan konfiantza izan barik geure buruan konfiantza izan behar dugu.

Gaur egun errelatoaren batailan jarraitzen dugu murgilduta. ‘Patria’ moduko bodrioak ekoizten dituzte. Errelatoaren bataila 2.0. Baina horretan ere ez dute lortuko. Baztertu nahi gintuzten, kriminalizatu, baina euskal jendartean, ezker independentismoa inoiz baino sendoagoa da. Guk Euskal Herrian dugu gure egiteko nagusia. Eta hor gure iragana ere bidelagun izango dugu, izan behar dugu. Santi eta Josu Bilboko erreferente politikoak izan dira, maitatuak. Dudarik gabe. Hiri honen zati bat dira, eta haiek ere errelatoa dira. Eta horregatik harrotasunez oroitzen ditugu urtero. Hori ere bada gure errelatoa!

Gaur euren oroimena goraipatzen dugu, baina aldi berean, aprobetxatu nahiko nuke oroitzeko, gurekin, hemen, ditugun kideak. Hobe dugulako oraindik gure alboan ditugun kideak ez ahaztea eta beraien lana eskertzea. Garai ilunetan gure herriaren alde borrokatzeko prest agertu direnei. Hemen zaudeten Santi eta Josuren hainbat eta hainbat lagun eta kideri, beraien moduan borrokarako hautua egin zenutenei. Hautu horren ondorioz espetxean urte luzez egondako kideei. Mina eta sufrimendua jasan duzuen senideei, eta bereziki garai hauetan borrokara lotzen ari diren gazteei. Zuen konpromisoa askapenaren motorra da.

Borrokari esker gaude hemen. Aukerak parez pare irekita. Beti jakin dugu errealitatea irakurtzen, herritik gertu egonda, gaur egungo moduko garai zailenetan, inkluso pandemia batean, komunitatea egiten eta izaten. Herria egiten. Santi eta Josuren lanari esker hemen gaude. Fisikoki akabatu nahi zuten, baina ez ziren konturatu, euren ideiak ezin zirela akabatu. Ideia eta konpromiso horiek milaka eta milaka militanteetan diraute. Geldiezinak gara!