ALBISTEA


bakea eta bizikidetza

Geldiezinak gara

2019-11-20

Estatuaren indarkeriak eraildako Santi Brouarden eta Josu Muguruzaren memoria gogora ekarri ditu SORTUk, gaur arratsaldean Bilboko kaleetan egindako manifestazioan. ‘Oker zebiltzan, oker dabiltza. Geldiezinak gara’ lelopean.

Arriaga Plazan hasi eta Santi hil zuten kontsultaren aurrean amaitu da manifestazioa

Manifestazioa hasi aurretik Arkaitz Rodriguezek hartu du hitza. Bere esanetan, ezker abertzaleak egindako hautu politikoaren aurkako motibazio argia izan zuten Santi eta Josuren hilketek. “Santi eta Josuren erailketa ez zen kasualitatea izan. Ezker Abertzaleak erregimen postfrankistaren aurkako borroka hautu argia egin zuelako hil zituzten. Erregimen horrekiko haustura demokratikoaren aldeko apustua argia egiteagatik erail zituzten Santi eta Josu, beste hamarnaka burkide bezala”.

“30 eta 35 urteren ostean, errepresioak ez du lortu herri hau desagerraraztea, ez eta Ezker Abertzalea gelditzea ere. Alderantziz: gure herriak zutik eta bizirik dirau, eta proiektu independentista eta sozialista indartu besterik ez da egin”, esan du.

Garai hartan ezker abertzaleak egindako analisia beste politiko batzuek partekatzen dutela nabarmendu du SORTUren idazkari nagusiak. “Ezker abertzalea ez da jada eragile politiko bakarra haustura demokratikoa planteatzen duena. Gaur, Estatuko nazioetako indar politiko subiranista guztiek egiten dute bat haustura-demokratikoaren tesiarekin, Llotja de Mar-ko adierazpenak erakutsi bezala. Egun, inoiz baino gehiago gara pentsatzen dugunak demokrazia eta justizia agertoki bat eskuratzeko aukera bakarra dela 78ko Erregimenarekiko haustura demokratikoan sakontzea, autodeterminazio eskubidea gauzatzea eta errepublika bat eraikitzea, hemen, Euskal Herrian, baina baita Estatuko gainerako herrietan ere”.

Horrez gain, SORTUren posizioa agertu du Rodriguezek Estatuko gobernagarritasunaren inguruan: “Horregatik, orain gure abstentzioa eskatzen duten horiei zera esaten diegu: zertarako nahi duzue? Haustura demokratikoaren agenda horri heltzeko, ala gutxi asko orain arteko gauza bera egiteko? Lehenengorako bada, gu hor egongo gara; bigarrenerako bada, gu aurrean egongo gara”.

Azkenik ezker abertzalean geldiezina dela nabarmendu du. “Ezker Abertzalea gai izan zen Frankismorik beltzenari aurre egiteko; gai izan da gerra zikinari, kare biziari, torturari eta espetxeari aurre egiteko; gai izan da Santiren, Josuren eta beste hamarnaka burkideren erailketei aurre egiteko; eta, errepresioak errepresio, Ezker Abertzalea gai izango da, beste sektore politiko eta sozial batzuekin batera elkarlanean, Estatuko herrietako gainerako indar subiranista eta independentistekin elkarlanean, gure herria, gure herriak, demokraziara eta sozialismora eramateko.