ALBISTEA


bakea eta bizikidetza

Errelatoa manipulatzea

2019-06-27

Urteetan Begoña Urroz hil zuen leherketa propio leporatu diote ETAri. Gezur horren gainean errelatu faltsu bat eraiki nahi izan dute.

Soilik Aznarrek Martxoaren 11n eraikitako gezur handiarekin aldera daiteke gezur eta manipulazio ikaragarri hau

1960ko ekainaren 27an bonba batek hil zuen Begoña Urroz haurra. Errelatoa bihurritu nahi duten horiek gezur handi bat eraiki zuten, apropos, ETAren “maltzurkeria” azalerazteko asmoz, baita frankismoan ere. 20 urtez sinistarazi nahi izan diote iritzi publikoari heriotza hura ETAk eragin zuela, kontrakoa erakusten zuten zantzu, froga eta iturri historiko guztien aurka.

Gezurra elur bola bailitzan haziz joan zen. 2010ean Diputatuen Kongresuak aho batez izendatu zuen ekainaren 27a Terrorismoaren Biktimen Eguna. Zergatik? Data horretan “ETAk eragindako lehen heriotza” izan zela argudiatu zutelako. Ondoren, Terrorismoaren Biktimei Aitorpena eta Babes Integrala egiteko Legearen araudiak zehaztu zuen “ordaina jasotzeko eskaerak egin ahal izango dira 1960ko urtarrilaren 1etik aurrera gertatutako ekintza terroristetatik eratorritako kalte materialengatik”. Azpikeria begi-bistakoa da, frankismoaren (estatuaren) zerbitzari guztiei kalte-ordainak eta kondekorazioak ematea zen helburua, baina jukutria baldar gera ez zedin, ETAk eragindako lehen heriotza zortzi urtez aurreratu zuten haur errugabe bat izan zedin eta ez diktadura horren zerbitzura ari zen guardia zibil bat.

Baina lotsagorritzeko moduko elementu gehiago. 2013an, Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza Idazkaritza Nagusiak, Jonan Fernandezen lehendakaritzapean, txosten bat egiteko eskaria egin zuen, 1960tik aurrera izandako giza-eskubideen urraketak sailkatu eta zenbatzeko. Izan ere, “Euskal kasuan gertaturiko giza eskubideen urraketei buruzko oinarrizko txostena (1960-2013)” izena darama.

Azken batean, aitortutako biktimekin zerikusia duen guztiak 1960ra garamatza, legez, bai txosten aldetik, bai oroimen-egun aldetik. Halere, den-dena kalkulatutako historiari eta errelatoari buruzko gezur baten gainean datza.

Aurretik gezur batek inoiz ez du hain agerian utzi horrenbeste politikari, historialari edo kazetariren zitalkeria, gezur horren azpian makurtu egin baitira. Soilik Aznarrek Martxoaren 11n eraikitako gezur handiarekin aldera daiteke gezur eta manipulazio ikaragarri hau.