ALBISTEA


ekonomia eta bizi baldintzak

Elkar zaindu eta mobilizatzera

2020-11-04

Konfinamendu honen erantzukizuna ez da jendearena, baizik eta etxeko lanak egin ez dituzten agintari horiena

Horrela, bada, pentsatzen dugu birusarekin batera bizi beharrean birusa desagerrarazteko estrategia aukeratu duten herrialdeen ispiluan begiratu behar dugula

Une zailak bizi ditugu. Ziurgabetasun handia bizi dugu. Zinez ez dakigu bi edo hiru aste barru zein egoeratan egongo garen. Horregatik egin nahi diet lehen aipamena autonomoei, negozio txikiak dituen jendeari, kultur munduko langile eta sortzaileei, jan ahal izateko bi edo hiru lan dituzuenei, osasun langile eta zaintzaileei, hilabete bukaerar iristeko inoiz baino zailtasun gehiago dituzuenoi. Zuekin gaude eta, orain arte bezala, gure onena emango dugu egoera zail hau lehen bait lehen gainditu eta inor bazterrean gera ez dadin.

Egoera oso larria da berriz ere, eta uste dugu egoera horri arrakastaz aurre egin ahal izateko lehen urratsa dela larritasunaren beraren kontzientzia hartzea. Hildako kopuru handiena duen hirugarren herrialdea da Euskal Herria milioi biztanle bakoitzeko, Peru eta Belgikaren ondoren, eta Espainia, Brasil eta AEBen aurretik. Europako intzidentzia tasa handienetakoak ditugu. Osasun-profesionalek egin dute SOS deia: ñabardurak ñabardura, gure herriaren osasun-egoera jasanezina da berriz ere. Ipar Euskal Herrian jendea konfinatuta dago dagoeneko, eta Hegoaldean, Nafarroan apur bat hobera egin den arren, badirudi konfinamendu berri baten atarian gaudela.

Argitara eman behar dugun lehen gogoeta hauxe da: egoera honetan berriro egotearen errua edo erantzukizuna ez da jendearena, sinetsarazi nahi diguten bezala. Errua edo erantzukizuna da etxeko lanak egin ez dituzten administrazio eta agintari horiena. Hainbat hamarkadatan eskuliburu neoliberala aplikatu dute, eta murrizketak egin dituzte osasunean, hezkuntzan, zaintzan, enpleguan..., eta erabat babesik gabe utzi dituzte langile- eta herri-klaseak eta, bereziki, sektorerik ahulenak.

Berandu eta gaizki iritsi ziren lehen olatura, gutxi batzuen interesak gehiengoaren osasunaren eta ekonomiaren aurretik jartzeko. Korrika eta presaka ekin zioten deseskalatzeari, interes horiengatik (eta hauteskundeengatik), konfinamenduari esker lortutako hobekuntza nabarmena arriskuan jarriz eta jendearen ahalegin eta sakrifizio izugarria pikutara botaz. Konfinamendutik irten ginenean, hondartzak eta terrazak betetzeko deia egin zuten, erabateko normaltasuna irudikatuz, lasaikeria sustatuz eta dena amaitu zela aditzera emanez. Lehen konfinamenduari esker irabazitako denbora alferrik galdu dute, eta aztarnari, mediku, erizain, zaintzaile eta irakasle gehiago kontratatzeari uko egin diote, birusari aurrea hartzen saiatzeko eta konfinamendua bezalako hain neurri murriztaile zorrotzak berriro hartu behar izateko arriskua urruntzeko. Izan ere, inbertsio publikoa zenbat eta handiagoa izan, orduan eta neurri murriztaile gutxiago beharko direlako.

Beraz, heltzear den konfinamendu honen erantzukizuna ez da jendearena, baizik eta etxeko lanak egin ez dituzten agintari horiena.

Hona hemen bigarren gogoeta: udaberrikoaren tamainako sakrifizioa berriro eskatuko badigute, orain bai, etxeko lanak egiteko izan behar du, ez dakigun hirugarrenez gauza bera gertatu. Horrez gain, estrategia aldatu behar dela ere uste dugu: helburua “birusarekin batera bizitzea” izan da, ekonomia salbatzeko, eta, bost hilabete geroago, emaitza da ez dugula ez osasunik ez ekonomiarik. Horrela, bada, pentsatzen dugu birusarekin batera bizi beharrean birusa desagerrarazteko estrategia aukeratu duten herrialdeen ispiluan begiratu behar dugula (Alemania, Finlandia, Danimarka), eta horrek bi gauza eskatzen ditu: lehenengoa, birusaren arakatze, detekzio eta jarraipen gaitasun handi bat garatzea; eta bigarrena, kutsatzeen areagotze bat detektatu orduko neurri murriztaileak ezartzea, azken batean, garaiz jarduten ez bada arazoa larriagotu eta luzatu egiten baita eta horrek, azkenerako, neurri murriztaile zorrotzagoak hartzea baitakar.

Horixe da jarduera ekonomikoari eusteko bermerik onena; izan ere, azkenean, argi izan behar da pandemia kontrolatu eta minimizatu arte ez dela susperraldi ekonomikorik egongo.

Horrez gain, krisi hau ezin dute betikoek ordaindu. Eta ez diezagutela esan dirurik ez dagoela; izan ere, EAEn, adibidez, pandemiari aurre egiteko orain arte erabili dutenaren bikoitza baino gehiago bideratuko da aurten AHTra. Beraz, neurri murriztaileekin batera inbertsio publikoak egin behar dira, neurri murriztaile horien eta krisi sozial eta ekonomikoaren kostua betikoen gain ez erortzeko.

Ezker abertzaleak lanean jarraituko dugu krisi hau gainditzeko eta itxaropenari ateak irekitzeko. Borrokan jarraituko dugu, krisiari erantzun eraginkorra eta bidezkoa emateko; eraldaketa sozial eta ekonomiko sakona lortzeko, pandemia honen kausak eta ondorioak aztertzean, sistema kapitalista ase-ezinarekin eta politika neoliberalekin topo egiten baitugu; eta gure herriaren burujabetzaren alde, euskal gizarteak behar dituen tresnak izan ditzan jendea zaindu eta babesteko, beste batzuek hartutako erabakien edo alarma egoeren menpe egon izan behar gabe.

Azkenik, prestatzeko eskatzen diogu euskal gizarteari oro har eta ezkerreko independentismoari bereziki. Aste gogorrak datozkigu. Berriro ere martxan jarri beharko dugu gure ezaugarri dugun sen komunitario berdintasun-zalea, eskuzabala eta solidarioa. Berriro ere arduraz jokatzea dagokigu. Era berean, interes eta ongizate kolektiboei lehentasuna emateko deia egiten dugu, banakakoen interesen aurretik. Elkar zaintzeko garaia da, batez ere egoera zaurgarrienean dauden horiek zaintzeko unea, beste inork ez duelako gugatik egingo, eta, hori egin ezean, kaltetuenak gu geu izango garelako. Horrez gain, dei egiten dugu kalean ere krisiari erantzuna emateko, zerbitzu publikoen eta eskubide sozialen aldeko mobilizazio guztiak babestuz (pentsiodunenak, kaleratzeen aurkakoenak, osasungintzan inbertsio publikoen aldekoak, hezkuntzaren aldekoak, kulturakoak, berdintasunaren aldekoak...) eta mobilizazio propioak antolatuz.