ALBISTEA


euskal herria

Aberri Eguneko adierazpena

2020-04-10T17:24

Konfinamendu, dolu eta ziurgabetasun testuinguruan ospatuko dugu aurten Aberri Eguna, eta Euskal Herria Batera ekimenak antolatutako deialdiarekin bat egiten dugu.

Krisi sanitario eta sozioekonomiko honen erdian, herri burujabetzan eta kapitalismo neoliberalarenei kontrajarriko zaizkien baloreetan oinarritutako euskal errepublika baten beharra inoiz baino agerizkoagoa da.

Konfinamendu, dolu eta ziurgabetasun testuinguruan ospatuko dugu igandean 2020ko Aberri Eguna. Larrialdi betean, Euskal Herriak asmatu du prebisioz zein irudimenez erreakzionatzen, agintari nagusien arduragabekeriaren nahiz luzamenduen aurrean pandemiari aurre egiteko beharrezko neurriak krisiaren hasieratik bertatik eta zorrotz betez; egoera zaurgarrienean direnen beharrak asetzeko zaintza sareak antolatuz; kultur eragileen eskutik ekimen irudimentsuak sustatuz; pandemiaren aurkako borrokaren lehen lerroan direnekiko elkartasun ekimenak bideratuz; espainiar nahiz frantziar armaden aurkako protesta zaratatsuak burutuz...

Ezin ukatu, ordea, krisi honen aurka behar den moduan jarduteko baliabide falta ageri-agerian gelditu dela: estatu propio baten falta, erabakiak hemen, euskal herritarren behar eta interesen arabera, hartzeko ezintasuna; baina baita osasungintza publikoaren nahiz gizarte sektore zabalen zaurgarritasuna ere, hala Madrildik eta Paristik nola Gasteiztik eta Iruñetik urte luzetan bideratutako politikoa neoliberalen ondorio dena.

Horiek horrela, Aberri Egun honetan, eta krisi sanitario eta sozioekonomiko honen erdian, herri burujabetzan eta kapitalismo neoliberalarenei kontrajarriko zaizkien baloreetan oinarritutako euskal errepublika baten beharra inoiz baino agerizkoagoa da, bien bitartean beste batzuk ari baitira gure bizitzari buruzko erabakiak hartzen, gutxi batzuen interesen arabera eta gehiengo zabalen bizkar hartzen aritu ere. Hego Euskal Herrian, 155 sanitarioa aplikatuta, zentralizazio neurri zorrotzak aplikatzeko baliatu du Sanchezen Gobernuak Koronabirusaren krisia, espainiar armada kalera ateraz eta EAEren eta Nafarroaren autogobernu delakoa irrigarri utziz. Ipar Euskal Herrian, berriz, Macronen Gobernuak oso berandu erreakzionatu du eta herri gisa aritzeko mekanismorik gabe aritu gara beste behin ere.

Sistema kapitalistaren agorpena nahiz hark eragindako askotariko krisien ondorio lazgarriak begibistakoak diren honetan, Euskal Herriak, gaur gaurkoz, ezin du erabaki krisialdi sanitario, humanitario eta ekonomiko honetatik nola irten. Ezin dugu erabaki zer estrategia aplikatu etorkizunean izan izango diren krisi berriei ahalik eta erantzun eraginkor eta justuena emateko; pribatizazio eta prekarizazioaren parez pare, bizitza eta haren zaintza erdigunean jarriko dituen gizarte moldea eraikitzeko; herritar guztiek bizitza duin eta libreak izan ditzaten bermatzeko. Ezin dugu, ez baikara burujabe, ez baitugu estaturik. Hala, bada, balia dezagun Aberri Eguna estatu propio bat ozen aldarrikatzeko.

Era berean, balia dezagun Aberri Eguna okerren pasatzen ari direnak ere gogora ekartzeko. Orain askoz gehiago dira hilabete amaierara iristeko zailtasun larriak dituzten pertsonak, izan langabetu, izan autonomo, izan soldatapeko langile, izan langile prekarizatu. Horrekin batera, gogora ditzagun gaixotasunari aurre egiten ari diren ehunka lagunak, haien senideak eta haien bizitza arriskuan jartzen ari diren profesionalak. Gure etxeetan sartuta egon arren, gertatzen ari diren hamaika egoera dramatikok gure barrenak astintzen dituzte: esate baterako, erasotzailearekin konfinatuta dauden emakume eta haurren kasuak, bisitarik jaso ezinda dauden preso politikoak... Guztientzat, besarkada bana.

Askotan esan dugu: ez dugu euskal errepublika bat eraiki nahi bandera aldatzeko soilik. Eredu sozial eta ekonomiko justu bat eraikitzeko nahi dugu estatu propio bat, benetako demokrazia bat eraikitzeko, jendartearen esparru guztien despatriarkalizazioa burutu eta gizon eta emakumeen arteko berdintasun osoa lortzeko.

Horregatik guztiagatik, Euskal Herria Batera ekimenak antolatutako Aberri Egun deialdiarekin bat egiten dugu. Ekimen horrek deitu bezala, gaurtik eta ostirala bitarte, argazki-mosaiko erraldoian parte hartzeko deia egiten dugu. Eta igandean ikurrinak edota Nafarroako banderak gure leiho eta balkoietara ateratzeko, xingola beltzekin, ahal izanez gero. Erakus dezagun hemen herri bat badela, solidarioa, eskuzabala, duina, buruaskia... munduko gainerako herriekiko elkartasun harremanak jorratu eta mundu hobe baten eraikuntzari ekarpena egite aldera bere buruaren jabe izan nahi duena!