Ospatzeko ezer ez!

Urriaren 12an espainiar erresumaren nagusikeria salatu du SORTUk hainbat jatorritako elkarteekin lankidetzan.

Hainbat jatorritako elkarte eta norbanakorekin batera indarrak bildu ditugu eta urriaren 12 honetan ezer ospatzeko ez dugula salatu dugu Iruñean. Salaketa hori irudikatzeko, bi estatua paratu ditugu Iruñeko Gaztelu Plazan, bata Colonena eta bestea Espainiako Erregearena. Haien lepoetan sokak jarri eta tira egin dute aktibistek, plazara gerturatutakoek ‘L’estaca’ abesten zuten bitartean, harik eta bi eskulturak lurrera bota arte.

Azkenaldiko koronabirus kasuen igoera kontuan hartuta, birusa ez hedatzeko segurtasun-neurri zorrotzak ezarrita eutsi zaio ekimenari, mobilizazioa herritarrok dugun funtsezko eskubidea baita.

Ekimenaren arrazoia Maider Lazkano SORTUko kideak azaldu du ekitaldiaren hasieran. “Erresuma espainiarraren kolonialismo supremazista salatzen dugu. Haren beso errepresiogilearen eguna ospatzeari, Armadaren eta Guardia Zibilaren eguna ospatzeari, uko egiten diogu. Gaur, hemen, Euskal Herrian, Iruñean, ez dugu ezer ospatzeko, baina isilik ere ez gara geldituko”, adierazi du.

Gaurko ekimena egin ahal izateko, hilabeteetako lankidetza gauzatu da Mujeres del Maíz nikaraguarren elkarteko, Africa United elkarteko, Compartiendo Raíces ekuatoriar jatorriko dantza taldeko, Munata boliviarren komunitatearen kultur elkarteko eta SORTUko kideen artean.

Ekimenean, Ekuador eta Boliviako dantzak izan dira ikusgai. Horrez gain, hitza ere hartu dute Africa United elkarteko Anabel Oyanak eta Mujeres del Maíz elkarteko Jennisa Lamarrek ere hartu dute hitza, kolonialismoak haien herrietara eta munduko beste askotara eramandako kaltea salatzeko. Bertaratutakoek ‘L’estaca’ eta ‘Ikusi mendizaleak abestiak kantatu dituzte.

Beñat Hach Embarek euskal-saharar jatorriko SORTUko kideak hau adierazi du herri ukatuok eta pertsona zapalduok ozen salatzen dugula inperioaren eguna. “Izen ezberdinez mozorrotu dute urriaren 12a: hispanitatearen eguna deitu diote, arrazaren aguna, armada espainiarrarena edo Espainiaren jai nazionala. Urriaren 12ak Ameriketako konkista odoltsuari eta kolonialismoari gorazarre egiten die. Funtsean, gainbeheran dagoen inperialismoa eta bere tresneria guztia goraipatzen ditu: monarkia ustela, lurralde batasuna, errepresioa-guardia zibila eta supremazismo espainiarra”.

“Herri ukatuok eta pertsona zapalduok ozen salatzen dugu Espainako erresumaren festa, eta gure haserrea erakutsi beharrean gaude, inperio espainarrak benetako demokrazia galarazten baitigu, ez baitu Euskal Herria herri gisa onartzen, pertsonak jatorri eta azal kolorearen arabera ezberdin tratatzen baititu, eta bere proiektua inposatzeko indarra erabili baitu beti gure aurka”, adierazi du.

“Espainiar kolonialismoa salatzen dugu, kolonialismo horretan hemengo zenbait herritarrek izan duten parte hartzearekin batera. Jakin badakigu kolonialismoak pribilegio ekonomikoak ekarri dizkiola Euskal Herriari, eta horrekin ez gaude harro. Halaber, espainiar eta frantziar supremazismoek gure hizkuntza, kultura eta erakundeak menderatu dituzte. Kolonialismoak, zapalkuntzak, ez du inolako zilegitasunik, ez hemen ez beste inon”.

Colonen eta errege espainiarraren eskulturen lepoetan soka bana jarri eta tira egin dute aktibistek, harik eta bi estatuak lurrera bota arte.