Lan-urte berriko erronkak

Hauek dira 2020/21 kurtso politikoko erronka nagusiak.

1. Pandemiari aurre egin.


Egoera sanitarioa kezkagarria da. Pandemiaren lehen olatuan berandu eta gaizki aritu zirenak, berandu eta gaizki ari dira oraingoan ere. Korrika eta presaka egin zuten deseskalatzea eta, hori gutxi balitz, harrezkero ez dituzte hartu behar diren neurriak, egunotan kaleak hartu dituzten irakasle eta osasungintzako langileen protestak eta mobilizazioak lekuko. Egoera ez da, oraindik ez behintzat, martxokoa edota apirilekoa bezain makurra, baina egungo kutsatu eta hildako kopuruak ere ez dira, inondik inora, onargarriak. Egoera honek guztion ardura eskatzen du, beste behin ere: norbanakoena, familiena, komunitatearena eta, bereziki, administrazioarena. Zentzu horretan, ez da onargarria eta ez dugu onartuko egoera sanitarioaren ardura guztia jendearen bizkar gainean jartzea. Are gutxiago kolektibo jakin batzuk kriminalizatzea, hala nola, gazteak, sasoikako langileak... Izan ere, egoeraren okertze nabarmenaren ardura inorena baldin bada, hamarkadetan zehar, politika neoliberalak tarteko, zerbitzu publikoak ahuldu eta berau indartzeko inbertsioak garaiz egin ez dituen administrazioarena baita. Edonola ere, beste behin ere, behekooi dagokigu klase politikoak faltan duen ardurarekin jokatzea, interes partikularren gainetik interes kolektibo eta komunitarioak jartzea, kutsatzeen hedapena ahal bait gehien mugatzeko behar diren neurri guztiak hartzea, elkar zaintzea... Egoera honek behekook kolpatuko baikaitu inor baino gogorrago, eta goikoek ez baitute gure ordez egingo.

2. “Pandemia sozial eta ekonomikoari” aurre egin. 

Sortuko kidegoa krisi sozial eta ekonomikoaren ondorioei eman beharreko erantzunaren lehen lerroan izango da, emakumeekin, pentsionistekin, langileekin, langabeekin, prekarioekin eta, oro har, sektore zaurgarrienekin eskuz esku eta orpoz orpo, neoliberalismoak sustatzen duen indibidualismoaren eta zatiketaren aurrean indarrak artikulatuz, gehiengo sozialen lan eta eskubideen defentsan, ez delako onargarria eta ez dugulako onartuko krisi honen kosteak beste behin ere behekoen bizkar gainean jartzea. Krisi hau ordaindu behar dute goikoek, ordaindu behar du kapitalak, hein handi batean haiek baitira egoera honen erantzuleak, pandemiaren aurrean babesgabe utzi gaituzten politika neoliberal eta pribatizatzaileak sustatu dituzten heinean.

3. Preso, iheslari eta deportatu politikoen etxeratze bidean, salbuespenezko legediarekin amaitu.

Igor Gonzalezen heriotzaren biharamunean esan genuen eta berriro ere esango dugu: salbuespenezko espetxe politikarekin amaitu beharra dago. Orain. Euskal gizartearen gehiengo zabalak elkarbizitza eta bakea nahi dituelako, eta ez dagoelako ez elkarbizitzaz ez bakeaz hitz egiterik euskal preso politikoek espetxean segitzen duten bitartean; are gutxiago euskal preso politikoek espetxeetan eta beren senideek errepideetan hiltzen jarraitzen duten bitartean. Euskal gizarteak ez du hitz politik nahi; ekintzak nahi ditu, eta nahi ditu orain.

4. EH Bildu indartu.

Datorren ekainean EH Bilduk kongresua egingo du. EH Bildu da arestian aipatu erronka generazional eta estrategikoei erantzuteko indarra, talentua eta anbizioa dituen indar politiko bakarra. Horrenbestez, helburua argia da: EH Bildu indartu eta hurrengo urteetan herri honetako instituzio nagusien gobernua eskuratzeko prestatzea. Bada, Sortuko kideok berebiziko ekarpena egingo dugu norabide horretan.