ALBISTEA


sortu

Sorturen adierazpena, 2023ko Irailaren 27an

2023-09-27

Gaur, Euskal Herriarekiko konpromisoa berresteko eguna ere bada, Euskal Herri independente, sozialista, feminista eta euskalduna lortu arte borrokan jarraitzeko konpromisoa berrestekoa

48 urte joan dira jada 1975ean erregimen frankistaren hondarretan Txiki, Otaegi eta FRAPeko hiru militante fusilatu zituztenetik. Orduz geroztik, irailaren 27a data garrantzitsua da nazio askapen mugimenduarentzat.

Gaur, Txiki eta Otaegi oroitzen ditugu eta, haiekin batera, baita Euskal Herriaren alde ekarpen maila ezberdina eginez borroka egin duten herrikide guztiak ere. Gaur, halaber, Euskal Herriarekiko konpromisoa berresteko eguna da, Euskal Herri independente, sozialista, feminista eta euskalduna lortu arte borrokan jarraitzeko konpromisoa berrestekoa.

Horregatik, egun egokia deritzogu Euskal Herriaren eta nazio askapen prozesuaren egoerari buruzko gogoeta egiteko; non gauden eta nondik aurrera egin aztertzeko:

1. Iragan den kurtso politikoa emankorra izan da ezkerreko independentismoarentzat. Beste askoren artean, hiru lorpen dira bereziki nabarmentzekoak:

• Batetik, euskal jendartearen gehiengo zabal baten urte luzetako borroka nekaezinari esker, hiru hamarraldi luzez euskal preso politikoen eta haien gertukoen eskubideak urratu dituen urrunketa eta sakabanaketa politikarekin amaitzea lortu dugu.
• Bestetik eta, beste behin ere, euskal jendartearen gehiengo zabal bati esker, lortu dugu Espainiako bloke erreakzionarioa gelditzea eta azken urteotan aukera leihotzat jo dugun hori zabalik mantentzeko aukera sortzea.
• Azkenik, iragan berri den hauteskunde zikloan ezkerreko subiranistok inoizko emaitzarik onenak eskuratu ditugu Ipar zein Hego Euskal Herrian, herri honen lidergoa hartzeko alternatiba gisa proiektuz gero eta gehiago.

2. Lorpen hauen ondorioz, perspektiba berri bat irekitzen ari da nazio askapen prozesua azkartzeko. Aukera ireki dugu euskal preso, iheslari eta deportatu politikoen egoerari behin betiko konponbidea emateko; aukera ireki dugu gatazka politikoari buruzko eztabaida lehen lerrora ekartzeko; eta ezkerreko subiranistok esku-eskura dugu hazten jarraitzeko eta are lehen indarra bilakatzeko aukera.

3. Euskal Herriaren egoerari erreparatzen badiogu ordea, argi-ilunak ageri dira. Azken garaian diagnostikoa egin dugu eta ondorioztatu dugu herri bezala hutsuneak ditugula. Burujabetza tresna nahikorik gabe, instituzio nagusien ekimen politiko sendorik gabe eta herri ikuspegia ahulduta, zailtasunak ditugu garaiko erronka sozial eta nazional handiei erantzuteko. Baldintza horietan nekez egin dakieke aurre euskararen normalizazioan, hezkuntzan, trantsizio energetikoan, zaintzan, eremu soziolaboralean eta beste hamaika alorretan ditugun erronkei.

4. Txanponaren beste aldean, ziklo aldaketa baten hastapenetan egon gaitezkeelako zantzuak antzematen dira. Azken urteotako Ipar Euskal Herriko eta Nafarroa Garaiko aldaketa sozial eta politikoei jarraiki, urrats berrietarako aukerak irekitzen ari dira. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoari dagokienez, urteotan EAJk izan duen nagusitasuna pitzatzen hasi da. Dagoeneko EAJren garaiezintasuna kolokan dago eta 40 urte luzez gidatu duen autogobernu sistemaren krisiaren aurrean (Osakidetza, Ertzaintza...) noraezean agertzen ari da gero eta jendarte sektore zabalagoen aurrean. Aldaketa haizea dabil Euskal Herrian.

5. Gauzak horrela, euskal preso, iheslari eta deportatu politikoak etxeratzearekin batera, beste bi erronka nagusi egongo dira euskal nazio askapen prozesuan datozen urteotan. Lehena, herri bezala jauzi bat egitea. Jauzi bat aitortza politikoan eta burujabetza eremuen berreskurapenean. Eta jauzi bat ere, euskal lurraldeen arteko artikulazioan eta nazio eraikuntzan. Finean, jauzi bat euskal etxea orube eta zutoin sendoen gainean eraikitzen jarraitzeko, Euskal Errepublika helburu.

6. Horretarako, herri bezala jokatu beharra dago, herri interesak lehenetsiz alderdi interesen aurrean. Zentzu horretan, herri-akordio zabalak jostea eta, horien ondoan, bulkada sozial indartsu bat artikulatzea, biak ala biak dira izango dira beharrezko.

7. Herri bezala jokatu behar da Espainiako eta Frantziako Estatuen aurrean. Izan ere, indar independentista eta subiranisten eraginez aukera historikoa sortzen ari da nazioen auziaren eta lurralde ereduaren gaineko eztabaida irekitzeko bi estatuotan, bakoitzean bere mailan bada ere. Aukera dugu, beraz, egungo indar harremanak zenbait aurrerapenetan kristalizatzen ahalegintzeko; aukera, burujabetza tresnak berreskuratzeko, nazio aitortzan urratsak egiteko eta, oro har, Euskal Herria kateaturik duten giltzarrapo juridiko eta politikoak askatzen hasteko. Oinak lurrean, baina anbiziorik handienarekin ekin behar zaio aukera horri, ahalik eta urrunen joateko.

8. Eta herri bezala jokatu behar da Euskal Herrian ere, Euskal Herriko proiektua arnasberrituko duen eta behar-beharrezkoak ditugun eraldaketa sozial, ekonomiko eta kulturalak bideratuko dituen nazio bulkada berri bat abiarazteko.

9. Euskal nazio askapen prozesuaren bigarren erronka da ezkerreko independentismoaren hazkundean sakontzea eta hegemonia lehiatzea, bai termino politiko-instituzionaletan, bai termino sozial eta kulturaletan.

10. Ez dira erronka makalak, ez. Eta ezkerreko independentismoa osatzen dugunok neurri bereko ardura hartu behar dugu gure gain. Berriki utzi gaituen Graxi Etxebehere ezker abertzaleko militante handiaren hitzak gogora ekarrita: “Zin egin baitiogu Eskual Herriari bere lekua munduan eta geroan finkatuko diogula. Aitzina, jo aitzina. Aurrera, lagunak, aurrera!”.