ALBISTEA


sortu

Sortuk euskararen aurkako oldarraldia salatzera dei egin du, eta politika berriak behar direla adierazi du

2023-11-03

Sortuk agerraldi aktibista egin du gaur Bilboko Justizia Jauregiaren aurrean. Euskararen aurkako oldarraldia integrala dela salatu du, eta hizkuntza politika berri eta ausartak behar direla aldarrikatu

Hamarnaka lagun elkartu dira gaur goizean Bilboko Justizia Jauregiaren aurrean, Sortuk egindako agerraldi aktibistan. Euskararen aurkako askotariko eraso oldea salatu dute, eta hizkuntza politika berriak eskatu dituzte. Eraikinaren aurrealdea hartu dute aktibistek, puzgarri erraldoi batekin, haren alboetako bi aldamiorekin eta 'Euskarafobia stop!' zioen aldamioen arteko pankartarekin. Modu horretan, Euskalgintzaren Kontseiluak azaroaren 4rako antolaturiko manifestazioan parte hartzera dei egin dute.

Bi bertsolarik abestu du lehenik aldamioetatik, euskarak egun bizi duen egoera salatuz. Jarraian, Iker Alcedo Sorturen Nazio Kontseiluko kideak hartu du hitza. Euskararen aurkako oldarraldia ez dela epaitegietara mugatzen esan du: "Ertz ugari ditu; politikoa eta ideologikoa ere bada. Funtsean, nazio gatazka dago oinarrian". Haren arabera, batzuek euskararen eta herritarren aurkako estrategia bat darabilte: "Euren espainiar proiektuak Euskal Herrian jarraitzeko helburuz, euskararen eta euskal kulturaren hedapena gerarazi nahi dute".

Erasoei osotasunean erantzuteaz gain, aurrerapausoak beharrezkoa direla nabarmendu du: "Hizkuntza politika berriak eta ausartak behar ditugu, euskararen normalizazioa eta euskalduntzean urrats berriak egiten jarraitzeko". Eta, Euskal Herri
euskaldun eta eleaniztun bat eraiki ahal izateko, estatu propio bat ezinbestekoa dela gehitu du: "Euskal Herriak eta euskarak independentzia behar dute".