ALBISTEA


bakea eta bizikidetza

Espainiar estatuak bere biolentziaren biktimak aitortu behar ditu, bakea eta elkarbizitza eraikitzen jarraitzeko

2023-10-16

Lasa eta Zabala oroitzeko ekitaldi bat egin dute Tolosan, 'Egiari GALde' dinamikaren barruan. Urriaren 15ean bete ziren 40 urte GAL erakundeak bi tolosarrak Baionan bahitu, torturatu eta hil zituela

Gaur, urriak 16, Josean Lasa eta Joxi Zabala oroitzeko ekitaldi bat egin dute Tolosan, Benta Haundi auzoan. 40 urte beteziren atzo Lasa eta Zabala errefuxiatu tolosarrak Baionan bahitu zituela GALek. Haren lehen ekintza izan zen, baina ez azkena, gutxienez 83 lagun hil baitzituzten hark eta beste zenbait taldek. Hildakoen senideak eta Tolosaldeko hainbat herritar bildu dira ekitaldian, baita zenbait ordezkari politiko ere.

1985eko urtarrilean topatu zituzten Lasa eta Zabalaren gorpuzkiak Busoten, eta hamar urte igarota identifikatu. Bi tolosarrak bortizki torturatu zituzten; ondoren, Busotera (Alacant) eraman, euren hilobiak eginarazi, tiroz hil eta lurperatuz. 2000. urtera arte ez zituzten kondenatu erantzuleak. Guztiak aske ziren 2004rako.

Haimar Altuna Sortuko Nazio Kontseiluko kideak hartu du hitza ekitaldian. Euskal Herrian azken urteotan irekitako testuinguru politikoa ekarri du gogora: “Azken hamarkada honetan euskal jendarteak ibilbide baikor eta eraikitzailea egin du bakea eta benetako elkarbizitza eraikitzera bidean. Ezker abertzaleak bere osotasunean ere urrats sendoak eta zintzoak egin ditu, egin ditugu, gure herriak estatuekin duen gatazka politikoaren testuinguruan sorturiko min eta sufrikarioak aitortu eta arintzeko”.

Salatu du badirela oraindik espainiar estatuan bestelako jarrera bat dutenak; indarkeria ukatzeaz gain, hamarnaka hildako eta zauritu, eta milaka torturatu eragin dituen bortxakeria hori ontzat eman eta zuritzen dutenak. "Dei egiten diegu estatu espainiarrari eta haren estamentuei euren biolentziaren ondoriozko biktima guztiak aitortzera", nabarmendu du. Altunaren arabera, euskal jendarteak espero eta behar duen urratsa da, bakea eta elkarbizitza eraikitzen jarraitzeko. Gatazken konponbidean aritzen diren nazioarteko eragileek eskatu eta aldarrikatutako urratsa.

Herri memoria osatzeko eta etorkizun berri bat eraikitzeko lanean jarraitzeko deiarekin amaitu du hitzartzea: "Joxi eta Joxean Euskal Herriaren aldeko borrokan engaiatu ziren bezala, orain guri dagokigu, haien izen eta izanak gogoratzearekin batera, haien bidean aurrera egitea".