Ospa dezagun Aberri Eguna, herria eta independentziarako bidea indartuz

Milaka lagunon lan komunitarioari esker, herri hau egunerokoan eraikitzen ari gara. Baina Euskal Herriak jauzi bat behar du, eta horretarako burujabetzak ezinbestekoak ditugu.

Euskal Herriaren unea da Aberri Eguna, nazioaren eta euskal herritarron momentua. Harrotasunez bizi dugu Euskal Herria eta bertakoak izatea. Harrotasunez, baina harrokeriarik gabe. Maite dugu gure aberria, maite dugu gure hizkuntza, historia, lurraldea, kultura, jendea... Eta horregatik da ospatzeko eguna Aberri Eguna.


Ordea, maite dugun herri honen biziraupena jokoan dago, baita etorkizuna bera ere. Horren jakitun gara, eta horregatik diogu, besteak beste, Euskal Herriak jauzi baten beharra duela. Jauzi bat herri egiten gaituzten ardatz horietan, eta jauzi bat parez pare ireki zaizkigun erronkei erantzuteko ere. Horretarako, beharrezkoa da nazio susperraldi bat piztea, azken hilabeteotan azpimarratu dugun moduan. Baina, horrekin batera, burujabetzak ere ezinbestekoak ditugu. Euskal Herriak erabakitzeko eskubidea du, biziraupena bermatzeaz gain, etorkizunaren inguruko erabakiak hartzeko.


Maite dugun herri hau bizirik, bizi eta bizigarri nahi dugu; guztiona eta guztiontzako izan dadin. Eta, biziraupena jokoan izanagatik, Euskal Herrian etengabea da herria egunerokoan eraikitzen egiten den lan komunitario hori. Milaka lagun ari gara konpromisoz eta ilusioz nazioa egiten, estatua eraikitzen, aberria biziberritzen, Euskal Herria sortzen.


Azken urteotan Aberri Eguna indarberritzen ahalegintzen ari gara, nazio
aldarrikapenetarako eta, oro har, nazio kontzientziaren hedapenerako eguna izan dadin. Aberri Eguna herri gisa eta modu bateratuan ospatzea da azken helburua, eta norabide horretan ari gara lanean. Aurten, hiru hitzordutan izango gara apirilaren 8 eta 9an: EH Bateraren Donostiako ekitaldi bateratuan; EH Bilduren Iruñeko ospakizunean eta Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzaleak Itsasun antolaturiko hitzorduan.

Euskal Herriak erabakitzeko eskubidea du, biziraupena bermatzeaz gain, etorkizunaren inguruko erabakiak hartzeko.
Milaka lagun ari gara konpromisoz eta ilusioz nazioa egiten, estatua eraikitzen, aberria biziberritzen, Euskal Herria sortzen.
Azken urteotan Aberri Eguna indarberritzen ahalegintzen ari gara, nazioaldarrikapenetarako eta, oro har, nazio kontzientziaren hedapenerako eguna izan dadin.