BLOGAK


Pello Otxandiano

Herrigintza Idazkaria

AURREKO SARRERAK


Zentzugabekeriei buruz bi hitz

Bataila politiko hau kanpotik (mugimendu sozial eta sindikala) zein barrutik (erakundeak) egiteko aukera baztertzen bada, zer da proposatzen dena?

Europako funtsak eta ezkerra

Iritsi gara historiaren momentu batera zeinean neoliberalismoaren muineko dogma ekonomiko nagusiak inoiz ez bezala jarri diren kolokan.

Zentzugabekeriei buruz bi hitz

2021-03-20

Bataila politiko hau kanpotik (mugimendu sozial eta sindikala) zein barrutik (erakundeak) egiteko aukera baztertzen bada, zer da proposatzen dena?

Keynesianismo pandemiko hau parentesi labur bat izango den edo objektiboki huts egin duen neoliberalismoaren norabidea zuzenduko duen uhin luzeko joera berri baten hasiera ote den ez dago idatzita.

Asteon EH Bilduk Europako funtsei buruz egin duen proposamenari ELAk eman dion erantzuna ekarri nahi dut orriotara: shorturl.at/lpJ05. Hala dio ELAk: «...ezinbesteko jotzen dugu eskubide sozialen aitortzan aurrera egitea, batezbesteko europarrarekiko dagoen atzerapena gainditzea osasunean, hezkuntzan eta zaintza sistemetan, eta euskal eredu produktiboaren erabateko aldaketa, trantsizio ekologiko eta soziala gauzatze aldera. Horrek eskatzen du erakundeak izatea aldaketaren aitzindari eta aurrekontu sendoak erabakitzea, zerga-erreforma justu eta nahikoa eginez». Ados nago funtsezko gai batean izan ezik: eskubide sozialak bermatuko dituzten zerbitzu publikoak erdiesteko eta, horrez gain, trantsizio sozioekologikoa gauzatzeko beharrezkoa den ekoizpen ehunaren errotiko eraldaketa (ELAk ondo dioen bezala) finantzatzeko ez da aski zerga erreforma bat, urrundik ere ez. Zerga erreforma progresiboena ere ez da nahikoa larrialdi ekologikoaren testuinguru historikoari bermeekin aurre egiteko. Kontuak ez dira ateratzen. Fiskalitate berri batez gain, zorra jaulki behar da. Eta hala ere ez da nahikoa aurrezki pribatuaren mobilizazioarekin eta enpresen inbertsio gaitasunarekin uztartzen ez bada. Horretarako, sektore publikoaren lidergoa behar da, eraldaketaren norabidea finkatu eta egiten den inbertsio publikoaren itzulkin soziala bermatu dadin, hain zuzen ere.

Ezkerrak ezin dio erronka klimatikoari eta hamarkada honetan trantsizio sozioekologikoak eskatzen duen eraldaketa material handiaren erronkari iskin egin, eta ezin du, ezta ere, industria sektore estrategikoak, hala nola automozioa, eraldatzeko beharraren aurrean ez ikusiarena egin. Bada, jarrera politiko honi eusteak programa koherente bat planteatzea eskatzen du. Europako funtsei uko egiten bazaie, dakartzaten arriskuak onartezinak direlakoan, Europar Batasunetik eta eurogunetik kanpoko euskal estatu bat eratzea defendatu beharko da, burujabetza monetarioa eskuratu eta, horrela, zorpetzeari aurre egin ahal izateko (ez diot ELAri horrelakorik entzun). Bestela, koherentzia programatikorik gabeko ezker baten aurrean gaude, helburuak marraztu bai baina helburu horiek erdiesteko egin beharreko bidea izendatzeko ere gai ez dena.

Bestalde, ELAren esanetan, «EH Bilduk ahaztu egiten du funtsak baldintzatuta daudela: pentsioetan murrizketa gehiago ezarri behar dira, lan erreformak ez ukitu eta datozen urteetan austeritatean oinarritutako aurrekontu politikak ezarri». Galdera da: Zerk ekarri du neokeynesianismo pandemiko hau? Zergatik eten dira 2008ko krisi ekonomiko-finantzariotik datozen politika austerizidak? Zergatik ireki da orain 2008an itxi zen txorrota? Bada, gaur errezeta berdinak aplikatuko balira sortuko litzatekeen krisialdi sozialak Europako sistema politiko asko hankaz gora botako lituzkeelako, Europar Batasunaren proiektua bera ezbaian jarriz; eta gaur garapen eredu neoliberalari eskuak libre utziko balitzaizkio kolapso ekologikoa ziurra litzatekeelako urte gutxiren buruan. Eta elite neoliberalei ere ez zaielako komeni bizitzaren oinarri materialak suntsitzea, ez eta sistema politikoak kolapsatu daitezen ere, garestiegi ateratzen zaielako.

Keynesianismo pandemiko hau parentesi labur bat izango den edo objektiboki huts egin duen neoliberalismoaren norabidea zuzenduko duen uhin luzeko joera berri baten hasiera ote den ez dago idatzita. Hain zuzen ere, horixe da momentu honetan jokoan dagoena. Hauxe da garaiko bataila politiko nagusia, ELAk galdutzat ematen duena.

Bataila politiko hau kanpotik (mugimendu sozial eta sindikala) zein barrutik (erakundeak) egiteko aukera baztertzen bada, zer da proposatzen dena? Kontrabotere sindikala? Langileriak gehien behar duenean batasun sindikala artikulatzeko gai ez dena? Gobernuen politika ekonomikoak baldintzatzeko gai izan ez eta norbere ardurak besteen bizkar gainean jartzen dituena?

Egileak