BLOGAK


Pello Otxandiano

Herrigintza Idazkaria

AURREKO SARRERAK


Zentzugabekeriei buruz bi hitz

Bataila politiko hau kanpotik (mugimendu sozial eta sindikala) zein barrutik (erakundeak) egiteko aukera baztertzen bada, zer da proposatzen dena?

Europako funtsak eta ezkerra

Iritsi gara historiaren momentu batera zeinean neoliberalismoaren muineko dogma ekonomiko nagusiak inoiz ez bezala jarri diren kolokan.

Europako funtsak eta ezkerra

2021-02-19

Iritsi gara historiaren momentu batera zeinean neoliberalismoaren muineko dogma ekonomiko nagusiak inoiz ez bezala jarri diren kolokan.

Parisko akordioaren helburuak beteko badira sakon-sakoneko eraldaketa material eta kultural bat eragin beharko baita oso denbora gutxian.

Zer ari da gertatzen? Historiaren zein momentutan gaude? Bistan da covid-19ak sorturiko krisialdi ekonomikoari ematen ari zaion erantzuna desberdina dela kualitatiboki 2008ko krisi ekonomiko-finantzarioari eman zitzaionaren aldean: aurrekontuen egonkortasun neurriak bertan behera utzi dira aldi baterako, suspertze ekonomikoa ehun produktiboaren eraldaketarekin lotu da, eta azken hau erronka klimatikoarekin eta trantsizio ekologikoarekin. Europar Batasunak New Green Deal ekimena jarri du martxan eta Next Generation-EU programa ekonomikoa ekimen honekin lotu du neurri handian, zeinak justizia sozialaren aldeko literatura jasotzen duen orain artean ikusi gabeko tonuan. Funts hauek finantzatzeko zorraren mutualizazio maila bat onartu da, gainera.

Zer da hau guztia? Esaten denez, politikan koiuntura analisi zuzena egitea da lehen-lehenengo gauza. Esango nuke 2008an eliteek krisiari neoliberalismoan sakonduz erantzutea erabaki zutela, gazteleraz esaten den bezala, patada para adelante. Eta orain ez dagoela horretarako betarik uholde neoliberalak kolapso zibilizatorioaren atarian utzi gaituelako. Gaur errezeta berdinak aplikatuko balira sortuko litzatekeen krisialdi sozialak Europako sistema politiko asko hankaz gora botako lituzke; eta gaur garapen eredu neoliberalari eskuak libre utziko balitzaizkio kolapso ekologikoa ziurra litzateke urte gutxiren buruan. Eta elite neoliberalei ere ez zaie komeni bizitzaren oinarri materialak suntsitzea, ez eta sistema politikoak kolapsatu daitezen, garestiegi ateratzen zaielako eta kapitalismoaren praktika zailtzen duelako.

Iritsi gara historiaren momentu batera zeinean neoliberalismoaren muineko dogma ekonomiko nagusiak inoiz ez bezala jarri diren kolokan: etengabeko hazkunde ekonomikoaren paradigma, merkatuaren esku ikusezinaren mitoa zein zerbitzu pribatizatuen eraginkortasunaren falazia. Eta, beraz, nola jokatu hain momentu berezi batean? Nolakoa behar du izan ezkerraren jardunbideak hegemonia neoliberala ezbaian jarri den momentu historikoan?

Hautu bat izan liteke kontrabotere hutsa: euskal instituzioek ez dute Next Generation-EU programara aurkeztu behar, baldintzatua izango delako eta laster austeritate neurriak inposatuko direlako. New Green Deal delakoa ere ez da ontzat jo behar, kapitalismo berde baterako trantsizio planifikatua delako, eliteen birkokapen hutsa, gutxi-asko orain arteko berdina egiten jarraitzeko.

Beste bat izan liteke kanpotik eta barrutik eragitea. Mugimendu ekologista antikapitalista bat behar dugu, bai, feminismoak lortu duen bezala, ekologia politikoa hegemonikoa bilakatzeko gizartean. Baina ezin dugu aukera galdu barrutik ere eragiteko, ez lehen eta gutxiago orain, azken hamarkada luzeetako baldintzarik onenak dauzkagunean politika eraldatzaile sakonak (erradikalak) behar ditugula mahaigaineratzeko.

Parisko akordioaren helburuak beteko badira sakon-sakoneko eraldaketa material eta kultural bat eragin beharko baita oso denbora gutxian. New Green Deal delakoak kapitalismo berdean buka dezake? Bai. Izan daiteke joko-zelai apropos bat sistemaren errotiko eraldaketa baten aldeko borroka kulturalerako? Ere bai. Europako funtsak baldintzekin etorriko dira? Bada, eraikitzen dugun indar-harremanaren arabera, esango nuke. Aldeko indar-harremana eraikitzeko barrutik eta kanpotik eragin behar delakoan nago.

Zeren kanpotik soilik eragin behar dela dioenak zein programa politiko proposatzen du? Europako funtsei uko egin eta erreforma fiskala. Baina erreforma fiskal progresistena ere ez da aski gainontzeko erronka sozialei eusteaz batera trantsizio ekologikoak eskatzen duen eraldaketa materiala finantzatzeko. Zorpetu egin beharko gara, eta ez dugu burujabetzarik horretarako. Estatu bat beharko genuke izan moneta propioarekin. Europar Batasunetik eta eurotik ateratzea proposatuko da?

Ezkerrak lidergoa hartu behar du behingoz ekofaxismoari ateak itxiko badizkio. Eta, hasteko, aukera ona iruditzen zait Europako dirulaguntzak zertarako eta nola baliatu eztabaidatzea, barrutik eta kanpotik eraginez orain arteko garapen eredua auzitan jarri eta eraldaketaren oinarrien gaineko herri eztabaida bat plazaratzeko.

Egileak