ALBISTEA


herrigintza/plaza hutsa

Herrigintza aro berri bat eremuz eremu pizteko oinarria jarri dugu

2023-02-04

Hainbat esparrutako 360 lagun bildu gara Plaza Hutsean, Burlatan, herrigintzaz aritzeko. Sei hamarkadaz eraikitako herrigintzaren kateari katebegi berriak lotzera goaz arloz arlo, nazio bulkada berpiztu eta parez pare ditugun erronka erraldoiei herri gisa erantzuteko

Plaza Hutsa herrigintzaren topalekua bete du gaur Sortuk Burlatan, 350 lagun baino gehiagorekin —horietatik %45 emakumezkoak izan gara—. Herrigintza aro berri bat hauspotzeko konpromisoa hartu genuen duela urtebete V. kongresuan, eta horri ekiteko abiapuntua marraztu dugu. Estrategia independentistaren eta herrigintzaren arteko loturetan sakondu dugu, baita haiek elkarri egiten dioten ekarpenean ere. Horrekin batera, Euskal Herriaren eraikuntzan estrategikoak diren eremuetako egoerak, aukerak eta erronkak aztertu ditugu sei tailerretan.

Herriz herri eta auzoz auzo abian diren hamaika egitasmotan lanean ari garen kideak bildu gara Burlatako kultur etxean: irakasleak, mugimendu ekologistako lagunak, euskara elkarteetako militanteak, harrera sareetakoak, mugimendu feministakoak... Sei hamarkada luzez herrigintzan aritu direnek osatutako kateari katebegi berriak lotzeko oinarria jarri dugu, helburu argi batekin: Euskal Herria biziraupena jokoan duen herri bat dela jakinik, baina katastrofismoan erori gabe, aro aldaketak dakartzan erronka erraldoiei herri gisa erantzuteko anbizioa antolatzea, arloz arlo.

Herrigintza hauspotzeaz aritu gara goizeko lehen tartean, Herrigintzaren aro berri baterako nazio bulkada solasaldian, Kizkitza Gil de San Vicente Gurrutxaga eta Xabi Iraola Larraia Sorturen Nazio Kontseiluko kideen eskutik eta Paula Garcia Garciak gidatuta. Munduko egoerari erreparatu diogu lehenik, “krisien krisia” aldiari eta haien ondorioei. Garaia ongi irakurtzearen garrantzia azpimarratu dute biek ala biek, baita aliantza zabalen beharra ere. Herrigintzan non gauden ere aztertu dugu, hobeto ala okerro gauden eztabaida gainditu eta herria piztean jarri dute arreta; zehazki, herri gogoa astintzean, nazio harrotasuna berreskuratzean eta mugarri berriak jartzean. Eta, norabide horretan, ezker independentismoak ardatz komunitarioa eta ardatz publikoa uztartzeko duen gaitasuna nabarmendu dute.

Sorturen urteko momentu nagusietako bat da Plaza Hutsa, Nazio Konferentziarekin batera. Aurreko biak Durangon eta Gasteizen egin genituen, eta hiru urteko etenaldiaren ostean heldu da aurtengoa. Berezia izan da, berebiziko garrantzia baitu herrigintzan sakontzeak pandemiaren osteko aldaketa, azkartze eta ziurgabetasun aldiotan. Berezia, halaber, Sorturen kongresuan honako ideia hau jarri genuelako erdigunean: herri honek Euskal Herritik eta Euskal Herrirako nazio bulkada bat behar du, eta horretarako ezinbestekoa da herrigintza erdigunean jartzea.

Mugarri berriak, esparruka

Goizaren bigarren zatian, Euskal Herriaren etorkizunerako estrategikoak diren sei eremuren inguruko tailerrak egin ditugu. Hezkuntzakoan, esperientzietan sakondu dugu: Euskal Herrian Hezkuntza Sistema Publiko Burujabea eraikitzeko bidean, Finlandia eta Reggio Emiliako hezkuntza sistemak ezagutu eta irakaspenak gureganatu ditugu Joseba Ossaren eta Alfredo Hoyuelosen eskutik. Horiek eta Euskal Herrian egiten ari garen ibilbidea zein puntutan gurutzatzen diren azaldu du Nora Salbotx HIK HASIko kideak.

Migrazioaren tailerrean, berriz, haren eta euskal nazio egitasmoaren arteko harremanaz aritu gara. Funtsean, migrazioen aurrean ezker abertzalearen posizio historikoa aztertu eta gaurko errealitateari atxikiz, gure estrategia eguneratu eta zehazteko lehen urratsa egin dugu. Eta, tailer feministan, agenda feminista izan dugu abiapuntu: Euskal Herriko Mugimendu Feministak guztion bizitzak erdigunean jartzeko borroka prozesua iragarri du. Zaintza eskubidea unibertsalizatzeak dakarrenaz eta horrek egungo sistema inpugnatzeko duen gaitasunaz aritu gara, borroka horri guretik ekarpena egiteko asmoz.

Pobreziaren eta bazterkeria sozialaren saioan, Euskal Herriko hainbat eragilek eginiko ikerketen ondorio gordinetan sakondu dugu: pobrezia areagotzen ari da gurean, eta egoera horren dimentsio eta ezaugarriak ezagutu ditugu Edurne Larrañaga LAB sindikatuko Ipar Hegoa Fundazioko kidearen eskutik. Eta horri aurre egiteko ezinbestekoak diren politika publikoez aritu zaigu Nerea Kortajarena EH Bilduko legebiltzarkidea. Jarraian, horretaz guztiaz eta sustatu beharreko dinamika sozialaz aritu gara lantaldeetan.

Ekologismoaren tailerrean, klima larrialdiari Euskal Herriko begiradatik heldu diogu, Ainhoa Intxaurrandieta eta Jokin Bergara aktibista ekologisten eskutik. Era berean, mugimendu ekologista eraberrituaren erronkei eta egitekoei ere azpimarra egin diegu. Amaitzeko, euskararen saioan, auzi linguistikoa politizatzearen eta problematizatzearen garrantzia ondorioztatu dugu, baita praktikan lantzeko ideiak bildu ere. Izan ere, epaitegien eskutik pairatzen ari garen erasoaldi berrindartua agerian uzten ari da herri honetan dugun hizkuntza gatazka eta euskaldunok pairatzen dugun egiturazko zapalkuntza.

Laburbilduz, beraz, arrisku garaiak bizi ditugu, baina baita aukera handikoak ere. Burlatan bete dugun Plaza Hutsa hustu da, baina datozen aste eta hilabeteetan ere izango du jarraipena han ereindakoak. Bertan egositako guztia jaso eta parte hartzaileei zein herrigintzan lanean ari diren kideei itzultzeaz gain, sei alor estrategikoetako sareak martxan jarriko ditugu, ezker abertzaleko ehunka herrigile iraunkorki saretu eta dagoeneko herrigintzan egiten ari garen lana biderkatzeko asmoz.