IRITZIA


ekonomia eta bizi baldintzak

Moneta-politika eta demokrazia

2020-05-08

Xabi Larralde. Kontseilu Nazionaleko kidea eta Ekonomian Doktorea

Gauden egoera kritikoan, botere publikoen esku-hartzea moneta sortuz zuzenean diruztatzea posible eta egokia dela birgogoratzen digu. Gure kasuan, molde horrek euroaren arkitektura liberala hankaz gora jartzea suposatuko luke, beste Europa baten perspektiba irekiz.



Nazioarteko Diru Funtsak aitzinean dugun krisi ekonomikoa iragan mendeko 30eko hamarkadako depresioaren neurrikoa izanen dela iragarri digu. Hortara, datorrenari buru egiteko, zeintzuk dira XX. mendeko depresio handiaz ateratzen ahal ditugun ikasgaiak? Galdera horri erantzuteko, Karl Polanyi (1886-1964), hungariar historialari eta ekonomialariaren azterketetan erreferentzia saihetsezin bat daukagula deritzot. “Eraldaketa handia” izenburu duen obran (1944an argitaratua) Polanyik ondoko tesia jorratzen zuen: XIX. mendean zehar eta XX. mende hasieran proiektu liberalaren inposaketak eragin duen ohiko jendarteen desegituraketa eta egonezin sozialaren ondorio izan da faxismoa.

Merkatu-ekonomiaren inposaketa hiru funtsezko eremu merkantzia bilakatzearen bortxaz gauzatu da: lana, lurra eta moneta. Monetari dagokionez, urre patroiaren sistemaren hertsapenak zirela eta, moneta- politika murriztaileek 1929ko depresioaren faktoreak areagotu zituztela salatzen zuen Polanyik. Bere iritziz, Estatu Batuetan ere faxismoa nagusitzeko aukera egon zitekeen, Rooseveltek New Deal politika indarrean jarri ez balu. Izan ere, Estatuaren interbentzio indartsu bati esker, ekonomia bultzatzea lortu zuen, indarrean zegoen langabezia masiboari aterabide bat eskainiz. New Deal delakoak defizit publiko handia asumitzea suposatu zuen, aurrekontu-politika honen eragin baikorra Keynesek gerora teorizatuko zuelarik. Baina jakin behar ere, New Deal indarrean jartzeko, moneta-politikaren ortodoxia liberalarekin hautsi behar izan zuela Rooseveltek, 1933an, dolarra urre patroiaren sistematik ateraz. Hartara, Polanyik berak formalizatu zuen irakaspena bergogoratu behar dugu hemen: moneta-politika klase borrokaren atal bat da, klase dominanteek Banku Zentralaren erabakiak azkarki baldintzatzen dituztelako.

Eta konstatazio berbera egin behar dugu 2008ko krisiaren ondotik eraman den moneta- politikaz Europan. Mario Draghi-ren (Goldman Sachs amerikar bankuaren Europako arduradun ohia) agindupean, Europako Banku Zentralak bankuak diruztatzeko moneta kantitate handiak sortu ditu, ezohiko operazioak («quantitative easing» deiturikoak) burutuz. Aldi berean, estatuei austeritate politika bortitzak inposatu zaizkie, horren adibide lotsagarriena Grezian gertatukoa dugularik. 2008ko krisiaren erantzuleak ziren bankuek ez dute horren ondorioen faktura ordaindu, baizik eta txoke terapiak pairatu dituzten gure herrietako klase herrikoiek. Horren oinarrian daukagu, garaiko urre patroiaren sistemaren antzera, euroaren arkitekturak inposatzen duen dogma liberala: Banku Zentralak estatuen defizitak zuzenean diruztatzea debekatua du (izatekotan, zeharka soilik diruztatu daitezke). Eragile pribatuak balira bezala, estatuek beren burua finantza- merkatuetan finantzatu behar dute, eta, ondorioz, zorpetze publikoaren maila lehertu ez dadin, beren defizita murriztu.

Dogma horrek demokraziari begira dituen ondorioak Frantzian berean ikusgai ditugu. Alde batetik, austeritate politikengatik dagoen egonezin sozialak hauspotzen duen Marine Le Penen alderdiaren indartzearekin. Eta bestetik ere, desberdinkeria sozialen areagotzeak pizten dituen oldar sozialei buru egiteko (“txaleko horien” mugimendua kasu) Estatuak daraman eskubide demokratikoen (manifestatzeko eskubidea, adierazpen askatasuna...) hertsitzearekin.

Eta orain zer? Berriz ere, XX. mendeko erreferentzia historiko bat erabiltzekotan, koronabirusaren krisiaren haritik datorkigun gainbehera ekonomikoari erantzuteko Europak “Marshall Plan” bat beharko luke... Nola finantzatu ezinbestekoa den botere publikoen esku hartze masibo hori? Klase herrikoiek berriz ere «faktura» berria ordaindu dezaten nahi ez badugu, bi aukera baizik ez daude: fiskalitatea eta moneta-politika. Azken honi dagokionez, azken urteetan, teoria (zahar) berri batek eztabaida akademikoa astindu du: Monetaren Teoria Modernoa. Teoria honen figura batzuk Bernie Sandersen aholkularien artean aurkitzen ditugu: Stephanie Kelton eta Pavlina Tcherneva. Monetaren Teoria Modernoa postkeynestar tradizioaren jarraipen bat da, eta ezaguna den ondorioztapen bat berriz mahaigaineratzen du: Banku Zentralak Estatua zuzenean finantzatu dezake. Gisa horretan, moneta kantitate berriak sortuz defizit publikoa diruztatzea onuragarria eta bideragarria izan daiteke ekonomiarentzat.

Bernie Sandersen kanpaina denborako proposamenetan nabari denez, oso urrun joan gaitezke logika horretan. Alabaina, botere publikoen esku hartze indartsua trantsizio ekologikorako, desberdinkeriaren zuzentze erradikalerako, eta langabezia borrokatzeko heldulekua izan daiteke. Azken puntu honi begira, Bernie Sandersek bere kanpainan defenditu duen “lanaren garantia unibertsala”-ren proposamena azpimarratu nahi nuke hemen: langabezian diren herritar guziei Estatuak lan bat edukitzeko eskubidea bermatu behar die, azken muturreko enplegatzailea bilakatuz. Proposamen honen teorizatzailea den Pavlina Tchernevak dioenez, lanaren garantia unibertsalak ziklo finantzarioaren ezegonkortasunaren aitzinean jarduera ekonomikoa egonkortzeko bertutea luke (bere azterketak hemen ikusgai: https://labur.eus/BurQo).

Bukatzeko, guzi horretaz bi ondorio atera behar ditugu. Lehena: erran zaharrak dioenez, «nora joan jakiteko, nondik jin jakin behar». Polanyik oroitarazten digunez, moneta- politikaren konplexutasunaren gibelean itzelezko erronka demokratikoa gordetzen da. Maila horretan, euroaren arkitektura liberalak gure jendarteetan eragin dezakeen degenerazio demokratikoa arbuiatu behar dugu. Bigarrena: langabezia masiboa ez da fatalitate bat; gure ekonomien eraldaketa, aldi honetan, trantsizio ekologikoari begira eta desberdinkeria sozialak zuzentzeari begira, burutu daiteke. Nahiz eta hainbat elementu kritikagarri dituen, Monetaren Teoria Modernoak helburu horien gauzapenak moneta-politika egokia eskatzen duela berresten digu. Eta gauden egoera kritikoan, botere publikoen esku-hartzea moneta sortuz zuzenean diruztatzea posible eta egokia dela birgogoratzen digu. Gure kasuan, molde horrek euroaren arkitektura liberala hankaz gora jartzea suposatuko luke, beste Europa baten perspektiba irekiz.

demokrazia eta erabakitzeko eskubidea

¿Qué pasa con el nuevo estatus?

2019-10-20

Rafa Díez Usabiaga.

bakea eta bizikidetza

Décimo aniversario

2019-10-13

Arkaitz Rodriguez, Sonia Jacinto, Miren Zabaleta, Rafa Díez Usabiaga, Arnaldo Otegi.