IRITZIA


bakea eta bizikidetza

Rosa Zarra gogoan

2020-06-30

Oier Ibarguren Sarasola

"Zuek zuen memoria partziala zabaltzen duzuen bitartean, gu mehatxu eta erasopean gauzkazue mutu gera gaitezen, herria itsu eta gor mantentzea ezinezko baitzaizue. Baina jai duzue! "

Hogeita bost urte, gure artetik eraman zintuztela. 25 urte PNVren aginduetara aritzen den polizia autonomikoak, haiek Ertzaintza deitzen diotenak, Rosa Zarra Amara Berriko 58 urteko auzotarra erail zuela. 25 urte zigorgabetasunean, ahanzturara kondenatu nahian, onartu gabe, aitortu gabe, ingurukoen mina eta sufrimendua areagotuz.

Duela mende laurden, batzuek udako lehen eguna ospatzen zuten bitartean, milaka ginen Rosak bizitzari eutsiko ote zion galdezka eta justizia eske kalean. Berriz ere eraso gaituzte. Rosa Zarra hil zutenek, bezperan Lasa eta Zabalaren gorpuak Euskal Herriratu genituenean senide, kide eta lagunak jipoitu gintuzten berberek, 25 urteren ostean faxistak defendatzeko jipoitzen gaituztenek eskaintzeko indarkeria besterik ez dutela erakutsi ziguten beste behin ere.

Indarkeria poliziala eta estatu terrorismoa guztion ahotan dabiltza, baina ez dira berriak gurean. Argi dugu estatu terrorismoaren aldeko hautua egin eta hori zigorgabetasunean mantentzeko estatuko botere faktiko guztien partaidetza eta ingurukoen laguntza ezinbesteko direla. Zigor eta beldurraren bitartez herri oso bat otzantzea dute helburu. Atlantikoaz bestaldetik iritsi zaizkigun indarkeria polizial arrazistaren irudiak ere, zoritxarrez, ohikoak zaizkigu, horien gordintasun eta gogortasunak barrenak astintzen jarraitzen diguten arren. Arrazismoa, heteropatriarkatua, kapitalismoa, kolonialismoa... egiturazko indarkeria horren muinean daude.

Baina, hamaikagarrenez, mutu geratu dira hain bakezale diren horiek. Herri honi gerra besterik eskaini ez eta, orain, hori egin izana ezkutatu nahian dabiltza, badakitelako eragin duten min eta sufrimendurik gabe beren proiektu politikoa inposatzea ezinezko izango luketela. 78ko erregimenaren defentsan, Ajuria Eneko itunaren babesean eta «demokraten eta biolentoen» ustezko lehiaren ikuspuntutik milaka herritarren eskubideei, gorputzei eta bizitzei eraso diete.

Darabilten indarkeriaren ardura estaltzeko haren gainean hainbeste maite duten porlana bota eta hormigoiz eginiko zoru etikoa zapaltzen duten horiek dira herri borrokalari honi moralaz eta etikaz mintzo zaizkionak. Poztekoa da, beraz, PNV, PSOE eta PPren zoru etiko hori ez partekatzea. Gonzalez, Pascua, Atutxa, Ardanza, Aznar, Rubalcaba, Galindo, Vera, Rajoi, Marlaska, Garzon, Beltran de Heredia, Urkullu... abizen horien atzean, haien hitzen azpian, guk tortura, desagerpenak, urruntzea, espetxea, jipoiak, erailketak, jazarpena, zigorgabetasuna... ikusten ditugu. Aitortu eta onartzen ez duten iragan eta orain mingarri baten lorratz luzea. Jakitun gara gure abizenek ere eragingo dutela tankerako erreakziorik, baina guk, gure akats eta asmatzeekin, beti onartu izan dugu gure ardura eta herri gisa aurrera egiteko eman beharrekoak pausoak ematen saiatu gara beti.

Aurrera egiteko, baina, erreparazioa eta memoria ezinbesteko direla uste dugu, baina ez da ez bata, ezta bestea ere, egongo guztion mina erreparatzeko aukerarik ez badago. Zuek zuen memoria partziala zabaltzen duzuen bitartean, gu mehatxu eta erasopean gauzkazue mutu gera gaitezen, herria itsu eta gor mantentzea ezinezko baitzaizue. Baina jai duzue! Kosta ahala kosta, gure memoria, herri borrokalari honen memoria, eraikitzen jarraituko baitugu. Hori gabe ezinezkoa izango baita bakea eta elkarbizitza.