IRITZIA


euskal herria

Burua hotz eta bihotza bero

2020-12-14

Itziar Aizpurua Egaña, ezker abertzaleko militantea eta Burgosko Prozesuan auzipetua.

Mende erdi honetako historian idatzirik geratu da zuek eta zuen herriak, Kataluinak, bidali zeniguten berotasun goxoz beteriko elkartasuna.

“Reclamamos inmediatamente:
1. Que cualquier condena que pueda pronunciarse por el tribunal de Burgos quede sin efecto.
2. Que se promulgue la Amnistía general de todos los sancionados, exiliados y encarcelados por motivos políticos.
3. Que sean abolidas las jurisdicciones de excepción.
4. Abolición de la pena de muerte cualquiera que sea el delito de que se trate.
5. Un Estado auténticamente popular, que garantice el ejercicio de las libertades democráticas y los derechos de los pueblos y de las naciones, incluso el derecho de autodeterminación.
En fín, expresamos nuestra total y fraternal adhesión al Pueblo Vasco y a sus reivindicaciones, que son también las nuestras.
Montserrat, 13 de diciembre de 1970”

Irakurri duzuena, Montserrateko Manifestua deiturikoa duzue, laburbilduta. Hirurehun intelektualek, Kataluinako intelligentsiak, alegia, Batzar Iraunkorrean Montserrateko Abadian elkarturik Kataluinako herriaren nahia, borondatea, kalean aldarrikatzen ari zena, bere egiten dute, konpromiso zehatza hartuz Burgosko Gerra Kontseiluan epaituak izaten ari ginen ETAko 16 militanteokin.

Gracies, moltes gracies (compañeros, camarades; amics)! Eskerrak bihotzetik gugan sinetsi zenutelako. Eskerrak batez ere, zuen Herriaren ahotsa izan zaretelako; garden, gu eta gure Herriarenganako elkartasuna adierazten; zorrotz, Francoren Erregimenari exijitzen, eta itxaropentsu, etorkizunari so egiten.

Hain garrantzizko 70eko abendu hartan, Euskal Herria Francok epaitu nahi izan zuenean gure bidez, garbi ikusi zenuten ez zela gure Herria soilik epaitu nahi zuena, Estatuko herri guztiak, nazio garen guztiak birrindu nahi zituela baizik. Horretarako zentzagarri handiena, beldurgarriena eragin behar zuen guztion aurka: heriotza zigorrak, ahal zuen gehienak ezarriz.

Baina, Francok eta bere erregimenak ezagutzen ez zuen dohaina dute herriek, batez ere, guztion askatasunaren alde borrokatzen duten herriek: elkartasuna. Izan ere, elkartasunak duen ahalmenak ez du neurririk ezagutzen.

Horregatik galdu zuen Francok eta bere erregimenak bataila hori, edo hobeto esanda, Euskal Herriak, Estatuko herri eta nazio arteko elkartasunarekin bat eginda, IRABAZI ZUEN!

Mende erdi honetako historian idatzirik geratu da zuek eta zuen herriak, Kataluinak, bidali zeniguten berotasun goxoz beteriko elkartasuna.

Garaia da esker oneko izatea era emankorrenean, elkartasuna itzuliz. Beraz, hemen nauzue adierazpen xume hau aldarrikatzen, 1970eko Burgosko Auziko kide gehienak bat egingo dutelakoan:

Ireki duzuen bide berri honetan bat nator gure bi herrien subirautzaren aldarrikapenean, pausoz pauso elkarrekin lortu beharko duguna, bestalde. Eta Independentzia helburu dela, Kataluinako Errepublika eta Euskal Errepublika eraikiz aritu behar dugula sinesten dut; erabakitzeko eskubidean oinarritu behar dugun bidea elkarganatuz.

Era berean, bi herrietan lehentasun handiko zeregina dugu eskuartean, nire ustez. Ezaguna dugun betiko etsaiak preso ditu gure borrokalari zintzoenak. Ez diete giza-eskubidez zor zaien tratua ematen, batetik, ezta aske uzten gaixotasun larria jasaten ari direnei ere.

Zigor erantsi honekin, tortura honekin, bukatu beharrean gara herritar duinak garenez; Herriari zor diogu duela 50 urte bezala. Orduan, etsaiari eskuetatik kendu genizkion sei borrokalarien bizia. Gaur, etxeratu behar ditugu espetxean dauden kataluinar eta euskal preso politiko guztiak.

Burua hotz eta bihotza bero! Herri handi horretako, Kataluinako intelektualei ezingo dizute inoiz, eta inork esango: “Ai! poeta, ai! poeta, gogorra izango da zuretzat ASKATASUN eguna”