INDEPENDENTZIA
vs
Langabezia eta prekarietatea

 
 
  EUSKAL HERRIAREN BESTELAKO BEGIRADA EKONOMIKO ETA SOZIALA
2016ko martxoa - 3. zbka
  • Hitzaldiak
  • Egunkaria
  • Irakurri
No Calendar Events Found or Calendar not set to Public.
EUSKAL HERRIAREN BESTELAKO BEGIRADA EKONOMIKO ETA SOZIALA
Hemen duzun hau Sorturen SO txostenaren 3. zbka da. Aukera duzu, nahi izanez gero, PDF formatoan jaisteko.

3: Independentzia vs. langabezia eta prekarietatea

2016ko martxoa
Txostena PDF formatoan

Nahi izanez gero aurreko zenbakiak era aurki ditzakezu hemen.
1: Euskal Herriaren bestelako begirada ekonomiko eta soziala
2: Kapitalismoa eta aberastasunaren banaketa Euskal Herrian
Aurkezpen bideoa

Egoera edo abagune ekonomiko orokorra

Mundu mailako ekonomia nahi eta ezinean dabil. Egoera ekonomikoa hobetzen ari dela diosku, baina, egunetik egunera, herritarron eta langileon bizi eta lan baldintzak nabarmen okertzen ari dira. Pertsona eta bizitza duina ekonomiaren zentroan jarri beharrean, dirua eta merkatua jartzen diren honetan, ez dirudi benetako krisitik ateratzeko beharrezkoak diren neurriak hartzen ari direnik. Aitzitik, langabezia eta prekarietatea hedatzeko apustu irmoa garatzen ari da.

Neoliberalismoaren ondorioak

Adibide erraz eta esanguratsu batekin azaldu dezagun gertatzen ari dena. 80ko hamarkadan, langileen soldatak barne-produktu gordinaren %60 izatera iritsi ziren, 30 urte beranduago, soilik %45. Alegia, lan-errentak nabarmen jaitsi dira kapital errenten mesedetan. Hori noski, erabaki ekonomiko eta politiko batzuen ondorio gordina besterik ez da izan.

Bigarren Mundu Gerratik 70eko hamarkada bitartean, ekonomiaren gorakada handi eta iraunkorra eman zen. Dena den, tarte horretan, "irabazien tasa" eta "esplotazio tasa" deiturikoak murrizten joan ziren kapitalaren interesen kaltetan. Hau da, eta erraz ulertzeko, langileen errentak kapitalaren errenten gainetik igotzen aritu ziren.

Irabazien tasa murrizteak, sistema kapitalista iraunkorki garatzeko sortzen zituen arazoak batetik, eta sozialismo erreala deituriko erreferentzia gisa desagertu izanak bestetik, kapitalismo neoliberala eta globalaren aldeko apustua martxan jartzeko baliatu zuten.

Aurrekoa kontutan hartuz, kapitalismoaren berrezaugarritzeari ekin zioten, ondoko hiru norabideetan eraginez:

  1. Lehena, eta globalizazio ekonomikoaren bidez, hamarkadetako borrokaren ondorioz hainbat herrialdetan zeuden lan-baldintzak eta eskubide sozialak ekidite aldera, ekoizpenaren ardura nagusia beste herrialdeetara eraman zuten, bereziki ekialdeko herrialdeetara. Bien bitartean, mendebaldeko desindustrializazioa martxan jarri eta espekulazioan oinarritutako ekonomia puzten joan ziren.
  2. Bigarrena, sektore publikoaren deuseztatze prozesu erraldoi bati ekin zioten, pribatizazio-prozesuak martxan jarriz, zerbitzu publikoen eskaintza eta kalitatea murriztuz eta horien kudeaketa daramaten enpresa pribatuen mozkinak ikaragarri igoz. Era berean, guztiok ordaindutako azpiegituren eraikuntzatik tira eginez, porlangintzaren negozio borobila ere puztu zuten.
  3. Hirugarrena, baina garrantzi bereziz, TINA (There is no alternative) geure buruan iltzatzeko prozesuari ekin zioten. Eredu kapitalista, patriarkal eta inperialistaren aurrean, bestelako alternatibarik ez dagoela sinestarazteko tsunami ideologiko oso bat martxan jarri zuten. Egun, komunikabide nagusien gaineko kontrol ekonomiko eta ideologikoa erabatekoa da, establishmentaren aldeko mezua nagusituz eta kritikoak diren ekimen edo mezuek, izatekotan, isla minimoa dutelarik.

Azken krisia eta haren ondorioak

Azken hamarkadetan aipatutako hiru zutabe horien baitako eredu ekonomikoa garatu da. Hala ere, goiz ala berandu gerta zitekeen bezala, 2008an, urte luzez eraikitako burbuilak eztanda egin zuen, munduko ekonomia urte luzeetako krisi sakon batean sarraraziz.

Kapitalismoaren berrezaugarritzea. Lehengo lepotik burua

Krisia bera baliatzen ari dira, eredu eta politika berrien inguruko eztabaida ireki beharrean, duela hiru hamarkada martxan jarritako eredu neoliberala garatu eta areagotzeko.

Geroztik, zazpi urte luze pasatu dira eta krisia bera baliatzen ari dira, eredu eta politika berrien inguruko eztabaida ireki beharrean, duela hiru hamarkada martxan jarritako eredu neoliberala garatu eta areagotzeko. Langileon lan-baldintzak sistematikoki zapaldu eta zerbitzu zein prestazio sozialak progresiboki ahuldu dituzten bitartean, azken urteotan, aberatsen kopuruak nabarmen egin du gora, aurrez bazterketa sozialean zeudenei jendarteratzeko aukerari behin betikoz atea itxiz eta milioika gizon-emakumeri duintasunez bizitzeko aukerak zapuztuz.

Krisiak berak sortzen duen egoera sozial larriaz baliaturik, eta gutako bakoitzaren baldintza subjektiboetan eragiten duenaz jabeturik, kapitalismoa berrezaugarritzeko saio berri eta iraunkor baten aurrean gaude. Helburua honokoa litzateke: langabezia eta prekarietatea hedatu eta egonkortu, eskubide sozialak murrizten jarraitu eta, ondorioz, langile klasearen kaltetan, kapitalaren aldeko ufada neoliberala berrindartzea. Lehengo lepotik burua.

Sistema kapitalistak dimentsio ezberdinetako krisi sakona bizi badu ere, alternatibaren edo eredu berri baten inguruko eztabaida ekidin nahi da. Bestelako mundu bat posible dela sinestea ere debekatu nahi digute. Klase politikoaren gehiengoa eta lehen aipatutako komunikabide nagusiak bahituta dituztelarik, amaitu da demokrazia formalaren antzerkia, horra hor Greziako erreferendumaren ondoren, finantza-botereak emaniko estatu kolpea. Ez da izan ordea adibide bakarra, azken urteotan Europar Batasunak zehaztu, Madrilek arautu eta Iruñea eta Gasteizko gobernuek txintxo bete baitute botere ekonomikoak erabakitakoa.

Azken urte hauetan, eta krisiaz baliaturik, zentralizazio eta oligarkizazio prozesu bat burutu da

Estatu espainolaren kasuan, errealitate hori oso nabarmena izan da. Azken urte hauetan, eta krisiaz baliaturik, zentralizazio eta oligarkizazio prozesu bat burutu da: banku eta kutxen legea pribatizazioa bultzatzeko, energiaren legea oligopolio energetikoa saritzeko, lan-erreformak patronalaren asmoak errazteko, pentsioen erreforma edota, Konstituzio espainolaren 135. artikuluaren aldaketa... Horiek guztiak, azken urteotako Espainiako politika ekonomikoen isla adierazgarrienak ez ezik, gure burujabetza ekonomiko eta sozialaren gabeziak azalarazteko adibide gordinak ere badira.

Oinarri "berrien" gaineko berrezaugarritzea

Orain artean gertatutakoaz gain, gure ustez, sistema kapitalistaren berrezaugarritze honen baitan egonkortzen ari diren oinarri batzuk azpimarratzea komeni da:

Alde batetik, petrolioa eta ekoizpenerako beharrezkoak diren baliabideen gaineko kontrola eskuratu nahi izateak eta, bestetik, gerrak berak, gutxi batzuentzat negozio handia izateak, gerra iraunkorraren aldeko apustua argitzen du: Irak, Afganistan, Ukrainia, Siria...

Europa osoko hirugarren adinaren erresidentzia edo turismo gune izatera kondenatu nahi dute Espainia.

Duela 40 urte martxan jarritako globalizazio ekonomikoaren areagotzea aurreikus dezakegu, non herrialde batzuk ("periferia" deiturikoek) bereziki ekoizteko ardura izango duten eta beste herrialde batzuen funtzioa ("zentroa"), kontsumitzeaz gain, munduko ekonomiaren gaineko "ardura" izatea izango den. Horrek guztiak, zalantzarik gabe, mendebaldeko herrietan ematen ari den dualizazio prozesua areagotuko du, besteak beste, deslokalizazio prozesuen bitartez eta lan-baldintzen eta eskubide sozialen desarautzearen ondorioz. Estatu espainolaren kasuan, gainera, Europa osoko hirugarren adinaren erresidentzia edo turismo gune izatera kondenatu nahi dute. Hori besterik ez, eta horrek ekonomian dituen ondorio guztiekin.

Aipatu eskubideen eta, oro har, ekonomiaren desarautzearen norabidean, sistema kapitalistaren garapenerako urrats garrantzitsuak ematen ari dira mundu osoan hainbat merkataritza-itun sinatuz, eta horien artean ditugu, adibidez, une hauetan negoziatzen ari diren TTIP eta TISA hitzarmenak. Tratatu horien helburua, mundu mailan arautu gabeko merkatu handi bat osatzea da, non multinazionalen negoziorako aukerak areagotuko diren eta herritarren eskubideak eta herrien burujabetza erabat murriztu.

  • Gaur egun, finantza-boterea da jaun eta jabe sistemaren garapenean. Ekonomia erreala alboratua duen kasino-ekonomia honetan, finantza-botereak ekonomia guztiarekiko duen kontrola areagotzea dute helburu, aipatu den ekonomiaren finantzarizazioan sakonduz. Aurreko txostenetan salatu bezala, sektore honen baitako burbuila ikaragarria den neurrian, egonkortasun eza hedatzen ari da eta finantza krak berri bat gertatzeak ez gintuen harrituko, finantziarizazioaren eraginez, ekonomia osoa atzeraldi berri batera eramanez. Egoera hori irauli ezean, eraiki duten buztinezko erraldoitzar horrek berriz ere eztanda egingo balu, badakigu gainera nor ehortziko duen lehenengo.

 

Ingurumen-krisiaren adierazle ezagunena klima-aldaketa bada ere, ezin ahantz ditzakegu biodibertsitatearen galera edota baliabide naturalen agortzea eta suntsitzea.

Aipatu ditugunak krisi ekonomiko eta sozial sakonak badira, ingurumen-krisia ez da horiek baino arinagoa: ingurumen-krisiaren adierazle ezagunena klima-aldaketa bada ere, ezin ahantz ditzakegu biodibertsitatearen galera edota baliabide naturalen agortzea eta suntsitzea. Krisi horiek guztiak elkar lotuta daude eta horrexegatik, borroka beraren alde anitz gisa hartu behar ditugu. Hau esanda, oso gertutik jarraitu beharko dugu mundu mailako establishmentak klima-aldaketaren aurrean har dezakeen jarrera berria: klima-aldaketa izan badela onartzen hasiak diren bitartean, hari aurre egiteko kapitalismo basatian sakontzea proposatzen hasiak baitira, planetaren ustiapen-erritmo berberarekin jarraituz diru publikoetatik eratorritako milioiak mugituko dituen teknologiaren bidez konponbidea bilatu asmoz. Kapitalismo berdeak, ordea, amildegiaren aurrean azeleragailua sakatzera bultzatzen gaitu.

Aipaturiko hiru joera orokor horiek mundu mailako prozesuak izanik, estatu bakoitzaren baitan ematen ari diren beste bi prozesu zehatzagoren areagotzea azpimarratu nahi genuke:

  • Batetik, lehen aipa bezala, AEBn eta Europa osoan, esku publikoetatik pribatuetara errenta transferentzia izugarria burutzen ari da: zerbitzu publikoen pribatizazio-prozesu andana, bankuen "erreskatea", enpresa publikoen salmenta lotsagarria, aurrezki kutxen pribatizazioa, politika fiskal erregresiboak... Horiek eta beste askok osatzen dute ekonomiaren historian, termino arruntetan esanda, inoiz eman den lapurretarik handiena. Prozesu hori, azken krisiaren harira, "erreforma" hitzaren azpian garatzen ari da eta aurrera begira, ekiditen ez badugu, areagotu egingo da.
  • Bestetik, langabeziari aurre egiteko benetako asmorik ez eta berau iraunkorra bihurtzeko asmo garbia dago establishmentaren aldetik. Enpresariek, langabezia kopuru handi horiek erabiltzen dituzte lana dutenen gaineko presioa eragiteko, soldatak jaisteko eta prekarietatea hedatzeko.

Oro har, zerbitzu publikoen deuseztapena eta lan-baldintzen okertze nabarmenak, pertsonon, langile klase eta herri sektoreen, bizi eta lan-baldintzen prekarizazioa dakar. Sistemak, horien orokortzetik bilatzen du hurrengo urteetarako garapena eta bi horiek dira hain zuzen, ezkerretik eta sektore eraldatzaileetatik indar biziz borrokatu beharko ditugunak.

Egoera horren guztiaren baitan, estatu batek dituen baliabideak ez izateak, areagotu egiten du estaturik gabeko herrien eta herritarron egoera makurra. Egun, aipatu bezala, klase politikoaren gehiengoa politika neoliberalen morroi bada ere, horrek ez du esan nahi borondate eta baliabideak izanez gero, bestelako politikak egin ezin direnik, bestelako bizi eta lan-baldintzak bermatu ezin daitezkeenik. Noski posible dela baina, horretarako, munduko beste herri gehienek bezala, estatu batek eskaintzen dituen tresnak behar ditugu lehenbailehen.

Euskal Herria amildegirantz

Langabezia eta prekarietatea dira egungo euskal jendartearen kezka nagusia eta ez da gutxiagorako: enplegua duenak lan-baldintzak nola gogortu zaizkion antzeman ez ezik, etorkizuna are okerragoa izan daitekeenaren sentsazioa du, prekarizazio-egoera permanentea barneratuz; eta enplegua ez duenak, berau lortzeko esperantza oso mugatua du. Enplegua ardatz nagusi duen jendarte honetan, enplegurik ez izateak edota enplegu duinik ez izateak etengabeko antsietate-egoerara kondenatzeaz gain, arrakala sozialean sakondu eta gutxieneko kohesio soziala apurtzen du.

Euskal Herrian, gainera, ekonomiarekin loturiko hainbat mito hautsi beharrean gaude:

  1. Ekonomia hobetzen ari da: norena ordea?
  2. Euskal Herrian ez gaude hain gaizki: langabezia eta pobrezia tasa asumi ezinen aurrean, burujabetza osten digun estatu espainiarrarekin alderatu behar al dugu? Antzeko ekonomiekin alderatuz gero, Euskal Herria behar lukeena baino okerrago dago.
  3. Krisia fenomeno natural bat da: ekonomia jendarteak eraikitako harreman-prozesua den neurrian, arduradun eta borondate jakin batzuk ditu. Egun Euskal Herrian bizi dugun egoerak erantzule argiak ditu: kapitalismoa, patriarkatua eta inperialismoa.

Mito horiek errorarazi eta errealitate gordina ikusaraziko dizkiguten hainbat datu jorratuko ditugu jarraian, errealitateari aurre egiteko, ezinbestekoa baitugu berau ezagutzea.

Egitura ekonomikoa geroz eta espainiarragoa...

Esan genezake, 2007ko Hego Euskal Herriaren egitura ekonomikoak antz gehiago zuela Alemaniarekin estatu espainiarrarekin baino alde garrantzitsuenetan:

  • 2007an, Hego Euskal Herriko egitura ekonomikoaren ia herena (%29,6) industriari zegokion, hain zuzen ere, egitura ekonomikoaren laurdena pasatxo (%26,5) manufaktura-industriari. Alemanian, industriak pisu ekonomiko zertxobait baxuagoa bazuen ere (%26,4), han ere, manufaktura-industriak zuen ia zati handiena (%23,1). Estatu espainolean, aldiz, industria %17,3 baino ez zen eta manufaktura-industria %14,4.
  • Estatu espainiarrean, %20tik gorako jarduera ekonomiko bakarra zerbitzuena da, hain zuzen ere, egitura ekonomikoan %23ko pisua zuen. Alemanian eta Hego Euskal Herrian, ordea, zerbitzuen pisu ekonomikoa %20tik beherakoa da: 2007an, HEHan %19 eta Alemanian %16,1.
Estatu espainoleko ekonomiaren joerari jarraiki, Hego Euskal Herrian ere:
  • Industria-galera amaigabea: ekonomiaren laurdena baino gehiago izatetik, laurdena baino gutxiago izatera.
  • Zentzugabeko eraikuntza-ereduaren aldeko apustuak ondorio latzak: 5 urtetan fakturazioaren ia erdia galdu.
  • Zerbitzu-sektorean (sektore prekarizatuenean) gora nabarmen. Hego Euskal Herria "industriala" izatetik (Alemania) "zerbitzuetakoa" izatera (estatu espainola) pasatzen ari da.

Bideoan ikus daitekeen moduan, industria eta zerbitzuetan ez ezik, estatu espainiarraren egitura ekonomikoarekiko beste antzekotasun batzuk ere badira Hego Euskal Herrian:

  • Eraikuntza sektoreak estatu espainiarrean zein Hego Euskal Herrian berebiziko garrantzia izan du Alemanian ez bezala, gogoratu bestela lurzoruaren politikak zein Abiadura Handiko Trenaren aldeko apustuek, estatuan zein hemen, adreiluaren burbuila nola ekarri zuten, baita Hego Euskal Herrira ere.
  • Laugarren sektorea deitzen dioten horrek Hego Euskal Herrian estatu espainiarrean bezalaxe, %10etik beherako pisua hartzen du, Alemanian ez bezala.

Beraz, Hego Euskal Herriko ezaugarri ekonomiko nagusiena, Alemaniakoarena bezalaxe, industria izan bada, estatu espainiarrarena zerbitzuak izan dira. Baina, Hego Euskal Herriko azken urteotako bilakaera, Alemaniaren egitura ekonomikoari lotuta beharrean, guztiz kontrara, estatu espainiarraren egiturari erabat lotua izan da:

2007-2013 artean estatu espainiarreko manufaktura-industriak % 8 galdu du, Hego Euskal Herriak % 7,3 eta Alemaniak, berriz, % 6,6 egin du gora.
Grafika ikusi
Eraikuntzan, estatu espainiarrak % 44 egin du behera, Hego Euskal Herriak % 40. Alemaniak aldiz, ia % 30 egin du gora.
Grafika ikusi
Estatu espainiarra zerbitzuetan izan da txapeldun (% 11ko igoera), eta nola ez, horretan ere Hego Euskal Herriak gertutik jarraitu dio, ia % 6ko igoerarekin.
Grafika ikusi
Zientzia eta teknologia eta enpresa zerbitzuetan, aldiz, Alemaniaren igoerak estatu espainiarrarena ia bikoiztu eta Hego Euskal Herrikoa ia laukoiztu egin du.
Grafika ikusi


Eta hispanozentrismo horrek nola eragin du jarduera produktibo horietako lanpostu-bolumenean? Ba hemen ere estatu espainiarraren odoluste industriala erreproduzituz:

  • 2008-2015 artean, estatu espainiarrean eta Hego Euskal Herrian, manufaktura-industriako lanpostuen laurdena galdu dira (HEHn 75.850 lanpostu).
  • Eraikuntzaren sektorean estatu espainiarrean lanpostuen erdia baino gehiago galdu dira eta Hego Euskal Herrian ia erdia.

Industria-lanpostuen galerari dagokionean argi dago Hego Euskal Herrian estatu espainiarraren joera bera izan dugula Europako gainerako herrialdeekin alderatzen badugu. Industria-ehunaren zein industria-lanpostuen suntsiketak izugarrizko ondorioak ditu gurean, ez soilik Barne Produktu Gordinari begira, langileon lan-baldintzei begira baizik:

  • 2013an, Hego Euskal Herrian, industria-lanpostu batean zerbitzu-lanpostu batean baino %15 gehiago irabazten zen lan egindako orduagatik, eta eraikuntzan baino %18 gehiago.
  • Hala, industria sektoreko batez besteko soldata 31.000 eurokoa bazen, zerbitzuetakoa 24.500 eurokoa zen.
  • Gainera, 2008-2013 artean, industriako lanpostuen soldatak %11 igo baziren, zerbitzuetakoak %3 besterik ez ziren igo. Puntu honetan, aipatzekoa da, Nafarroa Garaian adibidez, %1,5 jaitsi zirela.

Aipatu ditugun datu horiek soldatari baino ez diote erreferentzia egiten, baina guztiok dakigu industria-sektoreko edo zerbitzu-sektoreko lanpostuek lan-baldintzen aldetik izugarrizko aldeak dituztela: ordutegiak, negoziazio kolektiborako aukerak... Nahiz eta prekarietatea sektore guztietara hedatu den, sektore prekarioenak, betidanik, lehen sektorea eta zerbitzuen sektorea izan dira.

Beraz, esan genezake Hego Euskal Herriko egitura ekonomikoak estatu espainiarraren geroz eta antz gehiago duela: industria pixkanaka desagerrarazten utzi, turismoan zentratu, ahalik eta langabe gehieneko ejertzitoa eratu eta prekarietatea eta pobreziak pixkanaka gure lan-harreman eta bizitza irents dezaten utzi.

ONDORIOAK
  • Hego Euskal Herriko ekonomiak estatu espainolekoaren geroz eta antz handiagoa du: geroz eta industria gutxiago, geroz eta zerbitzu gehiago.
  • Industria-sektoreko lanpostuak dira soldata altuenak dituztenak; zerbitzu-sektorekoak baxuenak (geroz eta baxuagoak gainera).
  • Beraz, estatu espainoleko ekonomiari lotuta jarraitzen badugu, Hego EHko langileok zuzenean amildegirantz goaz.

Honen guztiaren atzean arrazoi eta ardura zehatzak daude. Batetik, ukaezina da herri gisa ditugun burujabetza eta baliabide gabezien gainetik, bertako gobernuek eta urteetan horien ardura izan duten UPNk eta PNVk politika neoliberalen printzipioak besarkatu dituztela. Horientzat politika industrialik onena, existitzen ez dena delarik, ez da industria planik garatu, I+G+Bren aldeko apustua murriztu da, Kutxabanken desinbertsio industriala bultzatu da, ezinbestekoa den trantsizio energetikoa ez da burutu eta ondorioz, nahiago izan da oligopolio energetikoaren edo finantza interesen defentsa egin, gure industria eraberritu eta etorkizunerako bidean jartzea baino.

Bestetik, industria hiltzen utzi eta tertziarizazioa bultzatzen zen bitartean, gure herriaren lan harremanak erabat baldintzatzen dituzten lan-erreformak inposatu zaizkigu, burujabetza eza eta gure lan eta bizi baldintzen prekarizazioa monetaren bi aldeak direla agerian utziz. Lan-erreforma horiek, finantza-botereak erabaki, EBk proposatu, Madrilek arautu eta Iruñea eta Gasteizko gobernuak horien kudeaketara mugatu dira, lan honetan azaltzen ari garen langabeziaren iraunkortasun eta prekarietatearen hedapena dakartelarik.

Enplegu galera: estatu espainiarrak odolusten gaitu

Enplegu galera 2008-2014

Gaur egun, 2008an baino 164.900 enplegu gutxiago dago Hego Euskal Herrian eta datu horiek estatu espainiarrarekin baino ezin dira parekatu.
Ikusi

Nahiz eta Hego Euskal Herrian lan partzialak nabarmen egin duen gora, azken zazpi urtetan, enplegu galera etengabea bizi izan dugu. Gaur egun, 2008an baino 164.900 enplegu gutxiago dago Hego Euskal Herrian eta datu horiek estatu espainiarrarekin baino ezin dira parekatu, Europar Batasuneko gainerako herrialdeek ez baitute, inondik inora, horrelako enplegu galerarik izan.

Gauzak horrela, landunen kopuruaren galeraren kasuan, ezin esan liteke Hego Euskal Herria estatu espainola baino hobeto dagoenik, 2008 eta 2015 artean estatu espainolean lanpostuen %12,7 galdu baziren, Hego Euskal Herrian %12,6 galdu baitziren: Nafarroa Garaian gutxiago (%10,5), baina EAEn askoz gehiago (%13,2).

Grafiko honetan antzeman daitekeen moduan, Hego Euskal Herriko enplegu galera estatu espainiarraren joeraren baitakoa izan da erabat, azken finean, hemen ez, baizik eta Madrilen erabaki baita bertako lan-harremanen arautze guztia. Edonola ere, EAEren egoera oso kezkagarria da, 2015ean enplegu-bolumena %1,28 igo bazen ere, erritmo horretan beste 10 urte beharko bailituzke 2008ko kopuruetara itzuli ahal izateko. Gainera, kezka areagotu egiten da sortzen ari den lanpostuaren izaera prekarioari begiratzen badiogu, baina hori aurrerago aztertuko dugu.

Langabeziaren izaera: iraunkorra eta sektore jakin batzuetatik datorrena

Hona hemen Hego Euskal Herriko langabeziari erreferentzia egiten dioten zenbait datu:

  • 1
  • 2
  • 3
  • 4
  • 5

Ikus dezakegun bezala, enpleguaren galeran zein langabezian, estatu espainolaren bilakaeraren erabat menpeko bihurtu gara, orain arte desberdintzen gintuzten ezaugarriak pixkanaka galduz (industria, hezkuntza...). Hori guztia noski, bereziki estatuan onartutako eta hemengo patronalak animosoki bultzatutako lan-erreformen ondorio baino ez da: nolako lan-harremanak, halako langabezia. Hego Euskal Herriko lan-harremanak estatu espainolaren menpe badaude, euskaldunon lan-baldintzak espainiarren berdinak dira: langabezia tasa altuak, eta miseriara kondenatzen gaituzten lan prekarioak.

Prekarietatea jaun eta jabe

180.000 Hego Euskal Herrian 180.000 pertsonek pairatzen dute pobrezia energetikoa

Zaila da prekarietatea zer den azaltzea, are gehiago neurtzea. Bizitza duina izateko, eta oinarrizko baliabide materialak bermatzeko, etxebizitza eta enplegurako eskubideak funtsezkoak izan daitezke. Edonola ere, jakin badakigu jada, horiek ere, ez direla nahikoak.

Etxebizitza-eskubidea egun ez dago bermatuta eta 2008tik hona etxegabetze kopurua etengabe igotzen joan den errealitate lazgarria da. Baina etxebizitza izan eta pobrezia energetikoa pairatzen duten pertsonen kopuruak are gehiago egin du gora. Foessa fundazioak publiko egin berri dituen datuen arabera Hego Euskal Herrian 180.000 pertsonek pairatzen dute pobrezia energetikoa. Ez al da bizitza prekarioa negu gorrian berogailua pizteko edo argi-indarra edo gasa ordaintzeko arazoak izatea?

Behin behineko kontratuen orokortzea

%47,6 kontratuen %47,6 hilabete bat baino gutxiagorako dira

Etxebizitzarekin bezala, enpleguarekin ere berdina gertatzen da. Geroz eta gehiago dira, enplegua izan baina inongo segurtasun eta babesik ez dutenak. Azken hamarkadetan kontratu guztien %75 mugagabea izan da, lan-erreformak ezarri zirenetik ordea, sinatzen diren hamar kontratutatik soilik bat da mugagabea: alegia, sinatzen diren kontratuen %90 jada behin behineko kontratuak dira.

Hori gutxi balitz, egun sinatzen diren kontratuen %47,6 hilabete bat baino gutxiagorako dira. Erraz imajina dezakegun bezala, horrek guztiak milaka gizon eta emakumeren bizitzak prekarizatzeko dituen ondorioak ikaragarriak dira.

Kontratu partzialak hedatzen

Aipaturikoaz gain, bada lan-munduan orokortzen ari den beste errealitate gordin bat: kontratu partzialen igoera nabarmena. 2008an Hego Euskal Herrian kontratu guztien %13,30 ziren partzialak, orain berriz, 2015eko azken datuen arabera, kontratuen %18,38 da partziala, duela zazpi urte baino bost puntu gehiago. Kasu horretan, gainera, estatuko datuak ( %15,7) hiru punturekin gainditzen ditu Hego Euskal Herriak.

Atal honetan ordea, kontratu partzial horiek onartzeko langileek emaniko arrazoiak azpimarratu nahi genituzke. Batetik, duela zazpi urte, kontratu mota hori sinatzen zuen %10,1ak ikasketekin uztartzeko egiten zuen, egun soilik %3,8ak egiten du arrazoi horrengatik. Bestalde, 2008an, bestelako lanik ez zutelako kontratu partziala onartzen zutenak %30,7 baziren, egun, sinatzen dutenen %54,8k bestelako aukerarik ez duelako onartzen duela dio. Kontratu partzial horiek onartzeko hirugarren arrazoi garrantzitsu bat ere bada: haur edota senitartekoen zaintzarekin uztartzea. Hori ere, noski, kopuruetan jaitsi egin den arrazoia da. Ondorioz, eta laburbilduz, kontratu partzialen kopurua etengabe handituz doa eta horretarako arrazoiak jada ez dira ikasketa edo zaintza-lanekin uztartzea, bestelako lanik topatzen ez delako baizik.

Kontratu partzialen esparruan, aurrerago gehiago sakonduko badugu ere, bereziki latza den egoeraren berri eman nahi genuke: Hego Euskal Herrian kontratu partzialen %79,6 emakumeek sinatzen dituzte eta estatu mailan %72,5. Gauzak horrela, sistema kapitalista patriarkarraren defendatzaileek eta haren morroi-lanak egiten dituzten zenbait komunikabidek ezin digute esan kontratu mota horiek borondatez onartzen ditugunik, inposatzen zaigun prekarietatearen adibide garbia direnean.

Lan munduko prekarietatearen tasa edo neurgailu berri baterako proposamena

Lehen aipatu dugun bezala, zaila da prekarietatea zer den zehaztea, are gehiago neurtzea. Dena den, badira egungo krisiaren ondorioak soilik langabezian kokatu nahi dituztenak, errealitatea bera larriagoa bilakatzen duen egoera ekidinez.

Zentzu horretan, garrantzitsua izan daiteke, lan-munduaren alorrean, hiru daturen batuketaren ondorioz sortzen den tasa kontutan hartzea: langabetu kopurua, lana topatzeko itxaropena galdu dutenen kopurua eta aipatutako kontratu partzial "behartuena".

Grafikoak erakusten duen bezala, 2008tik hona, langabezia tasa asko igo da baina, era berean, lana topatzeko itxaropena galdu dutenen kopuruak eta bereziki, gogoz kontrako kontratu partzialak ikaragarri igo dira. Zehazki, eta hirurak gehituz, 2008an 235.100 pertsona baziren, 2015eko azken datuen arabera, jada 346.800 gizon eta emakume dago egoera zail eta prekario horietan.


Soldatak eta prestazioak jaitsi

Duela urte batzuk "mileuristaz" mintzo ginen. Egun 1.000 euro jasotzea hainbat eta hainbat lanetan helburu zaila da.

Langabezia igo, behin behineko kontratuak hedatu, iraupena murriztu edota kontratu partzialak areagotzen direnean, horrek guztiak ere, soldatan eragin zuzena du. Langabeziak eta lan-erreformek autopista jarri diete enpresariei hitzarmen kolektiboak deuseztatzeko eta aipatu dugun guztiaz gain soldaten beherakada nabarmena burutzeko. Azken urteotan, bereziki, zerbitzuak deritzoten sektore zabalean, soldatak apenas igo dira eta, aldiz, sortu diren lanpostuek oso soldata baxua dute. Duela urte batzuk "mileuristaz" mintzo ginen diru-sarrera gutxi zituen pertsonaz hitz egiteko, egun 1.000 euro jasotzea hainbat eta hainbat lanetan helburu zaila da.

Prestazioei dagokienez, azpimarragarriak dira aplikatu dituzten murrizketen ondorioak. Egun, langabezian gelditzen denari dagozkion prestazioetarako hilabeteak asko murriztu dira, baita jasoko duen kopurua bera ere. Eta kontutan har dezagun, geroz eta gehiago dira, gainera, iraupen luzeko langabetuak eta horren ondorioz inongo prestaziorik jasotzen ez dutenak (105.000 pertsona Hego Euskal Herrian).

Pobrezia hedatzen

427.830 Hego Euskal Herrian 427.830 pertsona dago bazterketa soziala eta pobrezian edo beronen arriskuan

Aipatu ditugun kontratu prekarioen ugaltzea, soldaten jaitsiera, prestazioen murrizketak... horiek guztiak hedatzen ari dira gurean eta, lehen aipatu dugun bezala, arrakala soziala areagotzen ari da. Ezartzen ari diren politika ekonomikoek gutxi batzuk aberastea dute helburu eta ondorioz gehienok prekarietatera edo pobreziara kondenatu nahi gaituzte, gutxi batzuen aberastasunak besteon miseria eragiten baitu. Bai, miseria eta pobrezia. Horiek ere gurean hedatzen eta iraunkortzen ari diren errealitatea dira, milaka pertsonen duintasuna zuzenean erasoz eta bazterketa sozialaren atariraino bultzatuz.

Lehen aipatu dugun pobrezia energetikoa baino harago doa egoeraren larritasuna. Europako Kontseiluaren aholkulari den Pobreziaren eta Bazterketa Sozialaren Aurkako Europako Sareak kaleratu berri dituen datuen arabera, Hego Euskal Herrian 427.830 pertsona dago bazterketa soziala eta pobrezian edo beronen arriskuan eta horietatik 112.760 pertsonek pobrezia material larria pairatzen dute, hau da, beren eguneroko behar materialei aurre egiteko benetako arazo larria dutenak.

Pobrezia, beraz, jada ez da zerbait marjinala, pobrezia, gurean erroak botatzen ari den fenomeno arriskutsua da, ezinbestean politika publikoen lehentasuna ere beharko lukeelarik.

Ahaztuak eta esplotatuenak: emakumeak eta gazteak

Prekarietateak emakume aurpegia du

%79,6 Hego Euskal Herriko kontratu partzialen %79,6 emakumeek sinatzen dituzte

Lehen, prekarietatearen gaia jorratu dugunean, datu lazgarri bat eman dugu: Hego Euskal Herriko kontratu partzialen %79,6 emakumeek sinatzen dituzte, jakinik kontratu partzialak dituzten pertsonen erdiak baino gehiagok, jardunaldi osoko lanaldia nahiago lukeela. Hego Euskal Herrian, enplegu partziala duten 10 pertsonetatik bakarrak soilik nahi du enplegu partzialean aritu, beste guztiek, enplegu partziala izateko beste arrazoi batzuk dituzte, erdiak baino gehiagok lanaldi osoa aurkitzen ez dutelako da. Kasu horretan, baldintza subjektiboak langabeziaren antzekoak izatera iristen dira: ordu gutxi batzuk ari naiz lanean ez didatelako gehiago egiten uzten, eta irabazten dudana ez da duintasunez bizitzeko nahikoa.

%35,6 Emakumeen soldata %35,6 igo beharko litzateke, batez beste, gizonezkoen soldatara iritsi ahal izateko

Esan bezala, gogoz kontrako partzialtasunak prekarietatea dakar, nahitaez soldata baxuagoa esan nahi baitu. LABek duela gutxi gizon eta emakumeen arteko soldata-arrakala aztertzerakoan datu esanguratsua eman zuen: Hego Euskal Herrian, gizonen urteko soldata gordina, emakumeena baino 7.807 euro gehiagokoa da. Edo beste modu batean esanda, emakumeen soldata %35,6 igo beharko litzateke, batez beste, gizonezkoen soldatara iritsi ahal izateko. Soldata-arrakala hori, gainera, txikitzen baino areagotzen ari da, "krisiaren" aitzakiapean azken urteotako "edozerk balio du" kontsigna betez.

2008an emakumeon soldata %31,5 igo behar bagenuen gizonezkoen soldatarekin parekatzeko, 2013an, esan bezala, %35,6 igo beharrean geunden. Zentzu horretan, emakumeen kasuan ere, bereziki larriak dira soldata baxuenetan eman den bilakaera negatiboa:

  • 5 urtetan (2008-2013) soldata baxuenak jasotzen dituzten emakumeen %10ari soldata %18,8 murriztu diote Nafarroan, urtean batez besteko 7.450 euroko soldata izatetik, 6.049 eurokoa izatera pasa dira (504 euro hilabetean); EAEn, berriz, %5,7 jaitsi diete, 8.362 eurotatik 7.889ra (657 euro hilabetean). Kontuan hartu behar da, Hego Euskal Herriko gizon eta emakumeen batez besteko orokorra hilabetean 2.184 eurokoa zela.
  • 5 urtetan (2008-2013) soldata baxuenak jasotzen dituzten emakumeen laurdenari soldata %7,3 murriztu diote Nafarroan, urtean batez besteko 12.037 euroko soldata izatetik, 11.164 eurokoa izatera pasa dira (930 euro hilabetean); EAEn, berriz, %2,1 jaitsi diete, 12.998 eurotatik 12.730ra (1.060 euro hilabetean). Gogora dezagun, Hego Euskal Herriko gizon eta emakumeen batez besteko orokorra hilabetean 2.184 eurokoa zela.

Euskal Herriko gazteak: formakuntza europarra, enplegu espainiarra

Hego Euskal Herriko gazteen lan-egoera erabat lotuta joan da azken urteotan estatu espainiarreko gazteek pairatu dutenarekin, ez ordea, europarrek izan duten bilakaerarekin.

Gazteen egoera sozioekonomikoari erreparatzen diogunean, ezinbestean, langabezia datu lazgarrietatik hasi beharrean gaude: 2015ean, 25 urte bitarteko gazteen %40 langabezian zegoen eta 25-34 urte bitarteko gazteen %18.

Hain zuzen ere, Hego Euskal Herriko gazteen artean eman den enplegu-galera, estatu espainiarraren berbera izan da:

  • 2008tik 2015era, Hego Euskal Herriko 24 urte bitarteko gazteen enpleguen erdiak baino gehiago (%55,1) galdu ziren (48.200 lanpostu); estatu espainiarrean zertxobait gehiago (%56,3).
  • 2008tik 2015era, 25-34 urte bitarteko gazteen enpleguen %37,6 suntsitu ziren, guztira 142.375 lanpostu gutxiago; estatu espainiarrean zertxobait gutxiago (%35,8).

Beraz, 35 urtetik beherako gazteen artean, enplegu suntsiketa izugarria izan da, guztira 191.000 lanpostu suntsitu baitira 7 urtetan. Gainera, 2015ean ere, 24-35 urte bitarteko gazteen lanpostuak suntsitzen ari dira, 2014rekin alderatuta 5.100 lanpostu gutxiago baitaude.

Herri gisa etorkizuna lapurtzen ari zaigun odoluste honek erantzule argi bat du: estatu espainiarreko lan-harremanak.

Beraz, ikus dezakegun moduan, estatu espainiarreko lan-harremanen doktrina jarraitzen duten Hego Euskal Herriko lan-harremanek gazteei ez diete enplegurik eskaintzen, zergatik, ordea, Europako iparraldeko herrialdeen pareko formakuntza badute?

Beraz, gazte oso formatuak dauzkagu. Giza kapital oso kualifikatua, hori bai, prekarietatea nagusi den lan-harreman batzuen baitan.

Eta lana aurkitzen dutenean, zein baldintzetan da?

  • Hego Euskal Herriko 16 eta 34 urte bitartean lanean dauden gazteen erdiak aldi baterako kontratua du eta laurdenak lanaldi partziala.
  • Gainera, lanaldi partziala duten gazteen %65,1 lanaldi osoaren bila dabil; bereziki esanguratsua da datu hau, 2008an lanaldi partzialean zebiltzanen %37,4k soilik bilatzen baitzuen lanaldi osoko lanpostu bat. Hau da, gazteek lanaldi partzialak onartu behar dituzte besterik eskaintzen ez zaielako.
  • Beraz, 2014an, 16 eta 34 urte bitartean, langabezia eta prekarietatean dauden gazteak Hego Euskal Herrian %36,2 dira.

Azkenik, egoera honen guztiaren ondorio gordinera iristen gara: atzerriratzea. Hego Euskal Herritik 18 eta 34 urte bitartean atzerrira joan diren gazteen proportzioa estatu espainolekoaren oso antzekoa denez, ezin esan dezakegu emigrazioa Ebrotik beherako arazoa soilik denik. Are gehiago, 2008tik 75.463 gazte joan dira Hego Euskal Herritik atzerrira bizitzera. Zentzu horretan, urte gordinenak 2011tik 2013ra izan ziren, atzerrira joan ziren gazteen kopurua bikoiztu egin baitzen.

Ondorioz, eta amaitzeko, esan dezakegu sistema kapitalista eta patriarkarraren bultzada neoliberal berri baten aurrean gauden honetan, gutxi batzuen mesedetan jendartearen gehiengoaren bizi baldintzak nabarmen okertzen ari direnean eta estatu espainola horri aurre egiteko traba hutsa besterik ez denean, emakumeak eta gazteak direla zalantzarik gabe, pobrezia, prekarizazioa eta langabezia gehien pairatzen duten sektoreak.

Ondorioak

  1. Krisia ez da "naturala". Egun Euskal Herrian bizi dugun egoerak erantzule argiak ditu: kapitalismoa, patriarkatua eta inperialismoa. Eta kapitalismoak bultzatzaile argi batzuk ditu: transnazionalak, politikari neoliberalak eta haien esku dauden komunikabide erraldoiak. Horien guztien bidez eredu ekonomiko bakarra existitzen dela sinetsarazi digute, egungo eredu kapitalista-patriarkar-inperialista eredu naturala dela, ez dagoela alternatibarik. Euren indarra, ordea, sinesmen horretan bertan dago, pixkanaka irauli beharrean gauden sinesmen huts horretan.
  2. "Krisitik ateratzen ari gara" edo lehengo lepotik burua. Langile eta herri-sektoreon ekonomia ez da hobetzen ari, aitzitik dirudunen mozkinak etengabe ari dira gorantz egiten. Gaur egun, kapitalismoa bi oinarriren baitan ari da berrezaugarritzen: batetik, sektore eta zerbitzu publikoen desmantelamenduaren bitartez lapurreta masiboa eraginez; eta bestetik, langabezia kopuru handi bat iraunkortuz, lanpostu bat dutenen bizi- eta lan-baldintzen prekarizazioa ere hedatuz.
  3. Haien aberastasuna, gure miseria da. Krisi iruzurtia aitzakia hutsa izan da kapital metaketarekin jarraitu eta, partida erraldoi honetan, langile-klase eta herri-sektoreei geroz eta abantaila handiagoa ateratzeko. Sistema kapitalista patriarkarraren diru- eta botere-goseak ez du mugarik, ez pertsonen bizitzaren gainetik jardun behar badu, ez eta planetaren iraunkortasuna bera ere baldintzatu behar badu ere. Kapitalismoa existitzen denetik horixe baino ez da: aberatsek pobreak eta ingurumena esplotatzen dituzte. Neoliberalismoak, ordea, koxka bat estuago bihurtu du afera: sektore publikoa eta eskubide sozialak murrizten diren bitartean, aberatsak pobreak esplotatzea naturaltzat jotzeko balore-sistema osoa barnerarazi nahi digu
  4. Hispanozentrismoak jendarte justua eraikitzeko aukera guztiak zapuzten dizkigu. Estatu espainiarra herrien kartzela ez ezik, herritarrona ere bada. Langile eta herri-sektoreok ez dugu gure interesen alde egingo duen proiekturik garatzeko aukerarik estatu espainiarrean. Atzerakoia ez ezik, estatu espainiarra erabat bidegabea, ustela eta errepresio-zalea da.
  5. Estatu espaniarra porrot egin duen estatu bat da. Lurralde-kohesioaren ikuspuntutik ez ezik, baita ikuspuntu ekonomiko batetik ere. Higiezinen eta porlanaren burbuila puztu zuten lehenik, 2009ko krisiak zulora eraman zituen arte. Orain estatuko oligarkiak, penintsula osoa Europako hirugarren adinaren erresidentzia bihurtu nahi duen honetan, basamortu industrialaren kondena da gure ekonomiari egiten zaion eskaintza bakarra. Eta halako egitura ekonomikoarentzat, horren araberako lan erreformak ere inposatzen zaizkigu: zerbitzu merkeen ekonomia gailenduko bada, honi atxikituta doazen kontratu prekarioen araberako lan erreformak.
  6. Euskal Herriari bat zein bestea inposatzen zaizkio.Gure ekonomia egiturak Europako beste herrialdeetako ekonomiekin antzekotasun handiagoa badu ere, inposatzen zaizkigun politikak eta legeak, zein hemengo agintari koldarrek duten hispanozentrismoaren ondorioz, egunetik egunera antzekotasun handiagoa dugu bai ekonomia egituran zein lan harremanetan.
  7. Langabezia, prekarietatea eta pobrezia jaun eta jabe. Aipatzen ari garen guztiaren ondorioz, eta krisitik ateratzen ari garela dioten bitartean edota lan erreformak onartu eta urteak pasa direnean, langabezia murriztu ez eta berau iraunkortzen ari da. Langabetu kopuru handi horrek lan harremanen indar korrelazioan eragiten du zuzenean kapitalaren alde eta lan baldintzen aurka. Ondorioz, prekarietatea hedatzen doa gure artean: behin behineko kontratazioak, kontratu partzial behartuak, soldaten eros ahalmenaren galera... Horrek guztiak, noski, pobrezia egoeran du eragina, jada gurean 300.000 laguni zuzenean edo zeharka eragiten diena.
  8. Prekarietatearen aurpegia: Emakumeak eta gazteak. Pobreziak, langabeziak eta prekarietateak ez diote berdin eragiten pertsona orori. Ezbairik gabe, emakume eta gazteak gara horien eraginik gordinena pairatzen dugunak. Emakumea buru duten familia monoparental askok pairatzen duten pobrezia, bereziki emakumeei inposatzen zaizkigun kontratu partzialak edota soldata miserableak eta gazteek bizi dugun egoera prekarioa atzerrirako maleta ere inposatu arte, aipatzen ari garen egoeraren adibide lazgarrienak izan daitezke. Horixe da estatu espainolaren eta egungo sistema kapitalista eta patriarkarraren eskaintza jendartearen erdiarentzat, emakumeontzat, eta herri honen etorkizuna den euskal gazteriarentzat.
  9. Honen guztiaren aurrean zer? Estatu duina eraikitzeko garaia. Aipatzen ari garen guztia, duela hiru hamarkada martxan jarritako ofentsiba neoliberalaren ondorioak dira, kapitalismoaren azken krisiaren baitan indarberritu nahi dutena eta guk geuk, ezkerreko sektore eta herri sektoreok kalean borrokatu eta ideien borrokan gailendu behar duguna.

Kapitalismoaren ohiko zapalkuntza eta lapurretari, zerbitzu sozialen eta sektore publikoaren deuseztapena eta lan eskubideen desagerpena erantsi nahi dioten honetan, horien defentsa egitea estrategikoa bilakatzen da langile klasearentzat eta ondorioz herriaren gehiengoarentzat.

Aldarrikapenaz harago, proposamen zehatz eta garatuekin alternatiba izan badela erakusteko ausardia nahikoa behar dugu, besteak beste, EHBildu lana sortu, banatu eta duintzeko egiten ari den lanketatik eratorri daitezkeen proposamenek erakutsi dezaketen bezala.

Azkenik, baina indar bereziz, hemen deskribatu dugun errealitateari aurre egin beharreko tresnaz mintzatu behar dugu. Arnaldo Otegi berriki "estatu duin" baten beharraz mintzo zitzaigun eta Abian prozesuaren baitan, Euskal Sozialismoa helburu, estrategia independentista eraldatzailea da proposatzen duguna euskal estatua eraikitzeko. Euskal Herriak, ezbairik gabe eta lehenbailehen, estatu propio bat behar dugu herri burujabeaz izateaz gain, emakume eta gizon burujabeak bermatzeko.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.