ALBISTEAK

Hernaniko Kronikan egindako elkarrizketa:

Hitzaldia emango du gaur Arkaitz Rodriguezek, Sortuko bozeramaileak, 19:00etan Biterin. Independentismoaren egoeraz eta erronkez ariko da, eta berarekin hitz egin du Kronikak.

Independentismoa izango du Arkaitz Rodriguezek, gaurko hitzaldiaren muina. Egoerari eta erronkei buruz ariko da Sortuko bozeramailea, arra­tsal­deko 19:00etan hasita Biterin. Berarekin hitz egin du Kroni­kak, eta aurreratu du, «oinarri nahikoa» badagoela, sinisteko prozesu soberanista gauzatu daitekeela; eta oraingo egoera aprobetxatu beharra daukala Euskal Herriak.

Independentismoaren erronkei buruz ariko zara. Zein dira erronka horiek?
Erronka nagusia da, gehiengo independentista bat artikula­tzea, eta horretarako, ikusi dugu prozesu soberanista bat abiatu beharra dagoela. Iritsi da unea, Euskal Herrian ere prozesu bat martxan jartze­koa, Eskozian eta Katalunian beza­la, zeinaren helburua izango den estatu propio bat eraikitzea.

Diozu orain dela momentua, prozesua abiatzeko. Zergatik?
Kataluniak guztiz aldatu du panorama politikoa, eta azke­nean lortzen badute desko­nexio prozesua gauzatzea, guri ere ate bat zabalduko zaigu. Guk ez dugu beste egoera bat planteatzen, lortuko dutela baizik. Eta gauzak ez dira ber­dinak izango, horren ondoren. Momentu hori aprobetxatu be­ha­rra aukagu, ezin dugu pasa­tzen utzi aukera hau.

Sortuk 2026rako planteatu du euskal errepublika osatzea. Erreala da epe hori?
Gu konbentzituta gaude baietz, erreala dela, lortu daitekeela. Eta hori esateko, erreparatu diegu Eskoziari eta Kataluniari. Haiek, gutxi asko, hamar urteren buruan eraman dute aurre­ra, prozesu guztia.

Eta nola planteatzen duzue prozesu hori?
Garbi daukaguna da, ekinez egiten dela, Kataluniak eraku­tsi digun bezala. Artur Masek azaldu zuen aurrekoan, Donos­­tiako Kursaalen, duela bost urte, Katalunian %20 inguru zegoela burujabetzaren alde; eta orain, berriz, gehiengoa da, erdia baino zerbait gehi­xe­a­go, alde dagoena. Hemen, berriz, %35 inguru dago buru­ja­betza­ren alde gaur egun, eta beste %20 batek edo, uste du auto­no­mia gehiago be­harko genu­ke­ela. Beraz, oinarri na­hi­­koa badaukagu, sinisteko pro­ze­sua aurrera eraman daite­keela, eta martxan jarri behar dugula. Oraintxe, indepen­den­tismoaren erronka nagusia da, prozesua martxan jartzea.

Guk, Zohardia ponentzian, planteatu dugu estrategia bat, Euskal Herri osorako izango dena, baina hiru prozesu era­tzaile ezberdin izango dituena, esparru administratibo bakoi­tze­ko bat: EAE, Nafarroa eta Ipar Euskal Herria. Metafora bat erabili ohi dugu hori azal­tzeko: azken geltokiak, zazpi lurraldeak bilduko ditu, baina geltoki horretara iristeko, hiru trenbide daude. Ba esparru admi­nistratibo bakoitzak bere trena dauka, eta gai izan behar du, bere erritmo propioan, azken geltokira iristeko.

Independentziara iritsi gai­tezke zatika, edo denak batera, baina hiru prozesutan. Uste du­gu, hori dela modurik era­gin­­korrena eta azkarrena, azken helburura iristeko.

Eta bide horretan, zein paper jokatzen du martxoaren 19ko herri galdeketak?
Oso garrantzitsuak dira herri galdeketa hauek. Erabakitze eskubidea gauzatzeko ariketa mo­duko bat dira, eta aukera ema­ten dute, ikusarazteko in­de­­pendentziaren aldeko boron­datea dagoela.

Baina planteatzen duguna da, zerbait sinbolikoa izatetik, pasa behar dela galdeketa oro­kor eta lotesle batetaz hitz egi­te­ra, eta datak zehazten hasi.

Espetxetik atera eta urtebetera Berriak Arnaldo Otegiri egindako elkarrizketa:

Gaur urtebete irten zen espetxetik Otegi, sei urte pasan 'Bateragune auziko' zigorra pairatu ostean. Barruko eta kanpoko lanak egin ditu hilabeteotan, eta baikor da, euskal estatuaren alde gero eta kontzientzia handiagoa dagoelakoan.

Irten zen kartzelatik Arnaldo Otegi, eta «lehendakaririk onena herria» dela esan zuen. Justu gaur urtebete izan zen hori, Logroñoko (Espainia) espetxe atarian, jende eta hedabide askoren aurrean. Bateraguneko epaiagatik ia sei urte eta erdian eduki zuten preso, ETAren jarduera armatuaren bukaeraren sustatzaile nagusietakoa izan arren, eta kartzelatik irten aurretik sentitzen zuen ardura bat. «Jakitun nintzen espektatiba bat zegoela eta bizkar gainean zama handia neukala. Horregatik esan nuen herria dela lehendakaririk onena. Proiektuak ezin dira eraiki pertsona baten bueltan, herri baten inguruan baizik». Atera zen Otegi (Elgoibar, Gipuzkoa, 1958) espetxetik –«gauean hasi pentsatzen zein agurtu nuen, eta ez nekien»–, atsedenaldi bat hartu zuen, eta berriro plaza politikora. Ondorio bat atera du Sortuko idazkari nagusi eta EH Bilduko bozeramaileak: «Nik uste dut inauguratu dela estatugintzaren fasea».

Azken urte honen nondik norakoak aztertzeko eta etorkizunaz mintzatzeko elkartu da BERRIArekin, Azpeitian (Gipuzkoa), Sanagustin kulturgunean. Estimatzen ditu kultur zentroak, «Europa progresistara begira jartzen gaituztelako». Kultura jo du, oro har, funtsezkotzat. «Denetik irakurri behar dela esaten diet belaunaldi berriei». Berak, ordea, espetxetik atera zenetik «dezentez gutxiago» irakurri du. Orain Salvador Segui katalan militante anarkistari buruzko biografia batekin dabil: El Noi del Sucre. «Katastrofetzat» du gutxiago leitzea. Politikaren lehen lerroan egoteak «egunerokotasunaren burbuilan bizitzera» eramaten duela iritzi dio, «urgentziekin bizitzera», eta une lasaiagoak aldarrikatzen ditu. «Gure artean aipatzen dugu berreskuratu beharra dugula kartzela atariko pausa hori. Batzuetan, bilera luzeak egitera baserri batera joaten gara. Oso emankorrak izaten dira».

Kirola ere preso zegoenean baino gutxiago egiten du. Azpeitian dagoela-eta oroitu du garai batean Xoxotera sarri joaten zela. Justuki, hango aterpetxeko maizter ohi batek agurtu du Sanagustinen. «Orain San Pedrora joaten naiz batzuetan, goizean goiz, etxetik gertu dudalako». Itxura ona du.

Hurrengo urteko sanferminetan 60 urte beteko ditu. Zer uste du, euskal gizarteak aurreko garaiekin ala Euskal Herriaren etorkizun politikoarekin lotzen duela? Bi gogoeta egin ditu. Bata: sektore batzuek iraganarekin lotu nahi dutela. Bestea: euskal estatua eraikitzeko lan bat baduela egiteko berak ere. Iraganaz: «Kartzelatik irtetean gauza batek harritu ninduen: sektore batzuk oso erasokor zeuden nirekin. [Urkullu] Lehendakariaren adierazpenak gogoratzen ditut, esaterako. Ondorioztatu nuen nik ordezkatzen dudan esparrua ez dutela ikusten bazkide modura, arerio modura baizik. Nigan zentratu zuten estrategia, ezker abertzalearen ibilbidea garaitu nahian, ni beti iraganarekin lotuz, sekula ez etorkizunarekin. Beraz, askoren itxaropena zen EH Bildu EAEko bozetan hirugarren geratzea, 11-12 legebiltzarkiderekin. Ez zuten asmatu» –18 aulki, eta bigarren indarra, aise–.

Ikusmira, etorkizuneanArnaldo Otegi 11

Aitortu du ezker abertzaleak lana egin beharko duela oraindik aurreko zikloa ixteko. Gainera, Otegi bera asko inplikatu da Sorturen birfundazioan, orain urtebete Euskal Herrira bueltatzean etxea ez baitzuen ongi ikusi, baina gustura dago emaitzekin. Orain barruko beste lan bat du: EH Bilduren egituraketa, «fronte zabala» eratzeko. «Helduko diot horri ere». Baina, batik bat, euskal estatuaren egitasmoan du jarria begia. «Konplizitate asko josi beharra dago».

Preso zutenean, Otegik adierazi zuen «ondo informatutako baikor bat» zela. Orain ere uste du informazio ona duela, eta berretsi du baikor dela. «Jende askorekin hitz egiten dut, eta gehiagorekin hitz egin beharko dut estatugintza garatzeko. Garrantzitsua da erradiografia bat egitea. Antzematen ari naizena da, oraindik oso era apalean bada ere, sektore askotan gero eta nabarmenagoa dela euskal estatuarekiko aldekotasuna; enpresa arloan, adibidez». Kulturgintzan eta euskalgintzan ere «gauza interesgarriak» ei datoz.

Baina herri honek ondorioztatu al du estatu propio bat behar duela? Iazko ekainean berripaper honetako elkarrizketan ezetz zioen Otegik, eta hori izan zen izenburua. «Oraindik ez du ondorioztatu hori», dio berriro. «Baina duela pare bat urte baino kontzientzia handiagoa dago. Oraindik ez du eduki ondorio sozial masibo bat. Faktore batzuk daude horren atzean, eta bat da hemen inork ez duela altxatu izan euskal estatuaren bandera, inork ez duela mahai gainean jarri eztabaida bat, zer onura ekonomiko ekarriko lituzkeen, dependentziak zer kalte dakartzan...». Garrantzitsuak iruditzen zaizkio azkenaldian ekonomialari batzuek euskal pentsio sistemaren bideragarritasunaz taxututako azterketa edota EHUko zenbait irakaslek euskal estatuaren onarpen mailaz egindako ikerlana. «Halako gehiago behar ditugu, eta forma bat eman, antolatu». Hori egiten baldin bada, prozesuari etorkizun ona ikusten dio. «Hemen badago sentimendu independentista garrantzitsu bat. Katalunian bere garaian baino orube handiagoa dugu». Antolatzen hasi behar.

Antolaketa: I, II, III, IV eta V

Antolaketa (I). Otegik ikusten du bere agenda antolatu beharra duela. «Neure eguna neuk antolatzen dut, eta pixka bat desastrea naiz horretan... Prentsako agenda komunikazio taldeak antolatzen dit; nazioartekoa, nazioarteko taldeak, baina beste guztia neuk, eta... Modu profesionalagoan egin behar dugu lan, zorrotzago. Estatu propio baten aldeko prozesuan lan handia egin behar da, eta agenda zabala izatea eskatzen du horrek».

Antolaketa (II). Prozesua garatzeko eztabaida «nazionala» antolatu behar dela pentsatzen du. «Garrantzitsua da eztabaida lasaia eta sakona egitea, jakiteko herri honek hogei urtera non eta nola egon behar duen». Baina nork hartu behar du eztabaida antolatzeko lema? EH Bilduk ez, Otegiren esanetan. «Estatu propioaren aldeko ibilbide bat egin nahi badugu, ibilbide hori ezin da izan EH Bilduk egindakoa, gero besteei eskaintzeko. Ez luke funtzionatuko. Interesa duten guztien artean osatu behar da». Oraingoz, aukera modura ikusten ditu Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan autogobernuaz egitekoak diren eztabaidak, betiere modu irekian egiten badira. «Parlamentuan egin behar dira eztabaidak, baina herritarrekin eta eragileekin ere bai. Sumatzen dugu kalean badagoela interesa. Izan ere, erabaki behar dena da Gizarte Segurantza guk kudeatuko dugun, edo pentsio sistema, industria politika... Eztabaida hori ezin da alderdien artean soilik egin».

Arnaldo Otegi 02Futbolean jokatutakoa da Otegi –«gol pila sartzen nuen»–, eta, «zuk Leo Messi ez baduzu, talde lana da funtsezkoa». Proposamena: «Prozesuaren zuzendaritza partekatua sortzea» Think tank independentista eratzea aitatu du. «Konfiantza eraiki behar da».

Antolaketa (III). Noren artean hori? EAJren EBB ez du ikusten horretan: «Ez du asmorik prozesu subiranista baterako». Beraz? «Nahi dugunok hasi behar dugu». Joxe Elorrieta ELAko idazkari nagusi ohiak bere azken liburuan idatzi du ezker subiranismoaren metaketa behar dela, prozesua hortik hasteko. «Gu prest gaude horretarako», dio Sortuko idazkari nagusi eta EH Bilduko eledunak. Espazio horretan ikusten ditu «herri mugimendu pluralak» ere. «Baina gure helburua da denborarekin sektore guztiek egitea horren alde». Horra heldu aurretik, Ahal Dugu? «Argitu behar du zer egin nahi duen».

Lehenik, gehiengo sindikala lankidetzan hastea nahitaezkotzat jo du. «Kartzelatik irtetean, harrigarria egin zitzaigun ikustea ELAren eta LABen harremanak hautsita zeudela». Gauzak bideratuz omen doaz, «zorionez». Aitortu du alor sindikaletik ekarpen garrantzitsua egin dezaketela, «eta ados, izan behar dute autonomia eta interpelatu behar dituzte instituzioak», baina eskaera bat egin dio ELAri: «Konpromiso politikoa ere agertu behar du. Zer behar dugu nazionalki eta sozialki? Burujabetza. Horren egitura juridiko-politikoa? Euskal estatua». Garrantzia eman dio Elorrietak liburuan, «bi aldiz sikiera», prozesu «independentista» aipatzeari; «ELAren hiztegian berria da hitz hori».

Otegi konbentzituta agertu da «prozesu subiranista aurrera badoa gizarteak ezkerrera» egingo duela. «Hori pasatu da Eskozian eta Katalunian. Zergatik? Zuk gehiengoa nahi baduzu, zure XXI. mendeko programa politiko eta sozialak gehiengoaren interesak babestu behar ditu, iraganetik datorrena ongi gordez betiere, jakina». Haren iritzian, EAJk «beldurra» dio bilakaera sozial horri. «Baina gu hasi egingo gara».

Antolaketa (IV). Hasi, baina zer erritmotan? Lizarra-Garazin eta Loiolan, ezker abertzaleak, buruetako bat Otegi zela, ez zuen agertu pazientzia handirik. Ikasgai al dute? Beste galdera batekin erantzun du: «Nork azkartuko edo motelduko du prozesua? Jendeak. Katalunian bezala». Sortuk bere planean jarri du data bat euskal errepublikarako: 2026a. Horren bila, zer lurralderekin? Planteamendu konfederala ere badute: hiru esparru juridiko-administratibo, norabide bera, erritmo propioak. «Hego Euskal Herrian estatuak hipoteka bat ezarria du lurralde zatiketarekin. Hori gainditu nahi dugu. Gainera, eremuetako independentismoek elkar elika dezakete. Katalunian ari gara ikusten».

Antolaketa (V). Nazioarteko diplomazia lana da, haren aburuz, antolatu behar den beste atal bat. «Ezker abertzaleak sekulako lana egiten du kanpoan, estatuekin ere hitz egiten baitugu –baina aldagai ekonomikoa ere txertatu behar da, euskal ekonomia saltzeko–. EH Bilduk ere egiten du lan bat, eta [Juan Jose] Ibarretxe urteotan nazioartean egiten ari dena inportantea da. Baina ez dago plan nazionalik. Jauzi bat behar da». Garbi dauka «herri gisa» aurkeztu behar dutela munduaren aurrean.

Arnaldo Otegi 10Ondorioak

Ondorioz, Otegik nabarmendu du euskal estatua lortzeko fasea dela hau. «Ez gaude aldarrikapen fasean; egitekoan gaude». «Autonomismoa hilda» dagoela jo, eta «estatu modura funtzionatzen» hasteko deia egin du. Besteak beste, mentalitatea aldatzeko. «Kataluniatik atera dudan ondorioetako bat da mentalki deskonektatu egin dutela. Atzera-bueltarik ez du».

Hamaikagarrenez esan du Espainiako Estatua ez dela «demokratizatuko», ez dituela aitortuko nazio aitortza eta erabakitzeko eskubidea, eta galdetu du zer egingo duen EAJk orduan: «Ibarretxe planetik behera ibili?». «Gainera, Katalunia joaten bada, estatuak kontzertu ekonomikoa kenduko digu. Edo Kataluniako autonomia ezabatzen badute, zertaz hitz egin behar dugu Autogobernu Batzordean? Hortik saio bat egiteko prest gara, baina horra mugatu gabe».

Urtebete da Otegi kartzelatik atera zela. Kostatuta, baina autoan joan zitzaion antxoa usaina –kostako andre baten oparia kotxean ahaztu egunetan...–. «Jende asko» hurbildu zaio. «Municheko aireportuko une bat dut gogoan. Neska gazte batek –ez zen euskalduna– esan zidan pozten zela klase ekonomikoan bidaiatuko nuelako. Benetan, uste dut jendeak pertzepzio ona daukala gutaz».

Info7 irratiak egindako elkarrizketa:

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.