ALBISTEAK

 

‘Gora Herria! Basque people’ ekimeneko ehun aktibista boluntario bildu dira eguerdian Kontxako hondartzan errefuxiatuen eta migratzaileen egoera salatzeko eta bestelako politikak eskatzeko. 2.000 gurutze inguru iltzatu dituzte hondar gainean, iaz Mediterraneo itsasoan hildako pertsonak gogora ekartzeko eta tragedia hori salatzeko. Era berean, otsailaren 3an, Donostian egingo den manifestaziora joateko deia egin du ekimenak.

Maider Lazkano bozeramailearen esanetan, “lotsagarria da Europako Batasuna eta estatuak gai honen inguruan izaten ari diren jarrera: giza eskubideak urratzen ari dira”, adierazi du. “PSOEren Gobernuaren faltsukeria”, nabarmendu du, besteak beste, ‘Aita Mari’ itsasontziari itsasoratzeko baimena ukatzeagatik. Era berean, Macronen Gobernuaren itxikeria ere izan du hizpide, aplikatzen ari den berehalako kanporatzeak direla-eta. “Eta era berean, onartezina da Eusko Jaurlaritzaren utzikeria”, salatu du Lazkanok.

“Horren aurrean, herritarrak antolatu egin dira Euskal Herrian, etorkinei behar bezalako harrera egiteko. Txalotu egin nahi ditugu egunero lan horretan dabiltzan boluntarioak eta udalak. Beharra duenari laguntzea printzipio ukaezina da. Euskal Herriko instituzioei zera esan nahi diegu: ultraeskuina ez da borrokatzen bere diskurtso eta praktiken aurrean atzera eginez, baizik eta herri ekimenak babestuz eta dagokigun ardura geure eginez”.

Irungo Harrera Sareak ‘Euskal Herria, #HarreraHerria’ manifestazioa egin eta biharamunean etorri da Kontxako ekimena. Lazkanok dei egin du datorren larunbatean, otsailaren 3an, Donostiako eragileek antolatutako manifestaziora joateko, gainera. Manifestazioa 12:00etan abiatuko da Bulebarretik, ‘Pertsona guztiak, eskubide guztiak’ lelopean.

BETE GABEKO KONPROMISOAK

Ekimen honen bidez, milaka migratzailek eta errefuxiatuk pairatzen duten egoera lazgarria ikusarazi du Gora Herria! ekimenak. Izan ere, iaz 2.000 pertsona hil ziren Meditarreo Itsasoan, eta Euskal Herrian mila asilo eskari egin ziren. Era guztietara, gobernuek hartutako konpromisoak bete gabe jarraitzen dute. Iaz, esaterako, Espainiako Gobernuak hitzemandako kopuruaren %11 baino ez zituen hartu, eta Frantziakoak %22 baino ez. Gobernuek ez dute bere lana egiten eta gainera herritar boluntarioen lana oztopatzen dute.

Errefuxiatuen etorreraren aurrean hiru neurri proposatzen ditu Gora Herria! ekimenak: batetik, eskua luzatu, beharra duenari lagundu; bigarrenik, xenofobiari aurre egitea, eskuinaren gezurrei aurre eginez; eta hirugarrenik migrazio behartuaren oinarrian dauden arrazoiak borrokatu.

Euskal Herrian ez dugu eskumenik herri gisa zer harrera politika egin nahi dugun erabakitzeko. Burujabetza behar dugu, harrera politika hobe bat eta egoki bat egin ahal izateko, herri gisako erronka honi nola heldu erabakitzeko.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.