ALBISTEAK

 

Argalaren hilketaren 40. urteurrenean, Arrigorriagan, Arkaitz Rodriguezen hitzartzearen transkripzio osoa:

Jose Miguel Beñaran Ordeñana “Argala” oroitzeko bildu gara gaur hemen, Arrigorriagan, bere jaioterrian. Bera oroitzeko, eta bere izaera bikoitza aldarrikatzeko: militante politiko izaera, batetik, estatu-terrorismoaren biktima izaera, bestetik.

Beste ezeren gainetik, militante politikoa izan zen Argala. Herri honen askapen nazionalarekin eta sozialarekin engaiatua. Baita ere munduko gainerako herriekin, eta, bereziki, herri horietako langile- eta herri-sektoreekin, ezin argiago bazuen ere “Euskal Herriaren askatasunaren alde borrokatzea dela Euskal Herriko langileok horiekiko guztiekiko egin dezakegun elkartasun-ekintza handiena”.

Euskal Herriarekin eta bertako zein kanpoko langile- eta herri-sektoreekin engaiatu zen, eta, hain zuzen ere, engaiamendu horren ondorioz, herri honetako hamarnaka milaka seme-alabek bezalaxe, errepresioa, erbestea eta heriotza pairatu zituen.

Militante politiko gisa, ekarpen politiko-intelektual handiak egin zizkion Euskal Herriaren askapen prozesuari. Guztietan garrantzitsuena, trantsizio garaiko analisia izan zen. Bere belaunaldiak argi ikusi zuen trantsizio demokratiko deiturikoa ez zela trantsizio bat, baizik eta “trantsakzio” bat, guztia “lotuta eta ondo lotuta” uztea helburu zuena. Argi ikusi zuen espainiar konstituzioaren eta haren baitako autonomia-estatutuen eskutik Euskal Herriak ez zuela ezagutuko ez benetako demokraziarik, ez benetako justiziarik, ez benetako askatasunik, ez benetako bakerik. Argi ikusi zuen frankismoaren oinordetzarekiko haustura demokratikoaren beharra. Eta argi ikusi zuen, baita proposatu ere, Txibertan, horretarako, fronte demokratiko-subiranista zabala osatzearen beharra.

Bada, 40 urte geroago esan dezakegu belaunaldi hark bete betean asmatu zuela analisi politiko horrekin. Esan dezakegu gaur orduan baino askoz ere gehiago garela analisi horrekin bat egiten dugunak: Euskal Herriko gizartearen gehiengoa, Kataluniako gizartearen gehiengoa, eta espainiar estatuko sektore sozial zabalak. Eta esan dezakegu analisi horrek inoiz baino gaurkotasun handiagoa duela.

40 urteren ostean, esan dezakegu “Argalaren” belaunaldiak bete-betean asmatu zuela trantsizioari buruzko analisi politikoa egiterakoan. 40 urte geroago, beraz, berresten dugu 78 erregimenak ezer gutxi duela demokratikotik. Nahierara aukeratutako estatu-burua daukan erregimena ez da demokratikoa; are gutxiago, diktadore batek nahierara izendatu bazuen. Ez da erregimen demokratikoa armen indarraz baliatuta autodeterminazio eskubidea ukatzen diena Kataluniari, Euskal Herriari eta Estatuko gainerako herriei, eta Espainiaren batasuna inposatzen duena. Ez da erregimen demokratikoa agintzen ari dena jendea ez denean, IBEX-35 baizik; pertsonak etxegabetzen dituena bankuak erreskatatzeko; milioika haur eta pentsiodun prekarietatera eta geroz eta txirotasun handiagora zigortzen dituena; txiolariak, raperoak edo Altsasuko gazteak espetxeratzen dituena ustelak, bortxatzaileak eta torturatzaileak kalean uzten dituen bitartean. Eta, jakina, ez da erregimen demokratikoa 36ko kolpe faxista eta 80 urter, Franco hil eta 40 urtera, 100.000 errepublikar, komunista, anarkista eta independentista bide bazterretan hobiratuak dituena.

40 urte geroago, berresten dugu frankismoak 78ko erregimenaren muinean errotuta segitzen duela. Hori bakarrik ez: frankismoa suspertzen ari da PP-ren, Ciudadanos-en eta VOX-en neo-falangismoaren eskutik, eta, gaur da eguna, horren ondorioz, demokrazia formala bera arriskuan dagoena.

Orduan bezalaxe, Euskal Herriak benetako demokrazia, justizia, askatasuna eta bakea ezagutuko baditu, beharrezkoa du 78ko erregimenarekiko haustura demokratikoa, beharrezkoa du autodeterminazio-eskubidea, eta beharrezkoa du burujabetza. Eta, orduan bezalaxe, horretarako, ezinbestekoa da fronte demokratiko-subiranista zabala egituratzea, bai Euskal Herrian, bai estatuko gainontzeko herrietan, bai, bereziki, horien guztien artean. Izan ere, haustura demokratiko hori ez da estatutik etorriko; ez dago horretarako baldintzarik. Haustura demokratiko hori etorriko da estaturik gabeko nazioetako burujabetza prozesuen eskutik.

Beraz, espainiar ezkerrari dei egiten diogu, bere burua ezkertiartzat duten espainiar guztiei, gisa horretako aliantza bat babes dezaten, faxismoaren aurkako aliantza bat, demokraziaren aldekoa, herrien erabakitze-eskubbidearen aldekoa eta abar. Dei egiten diegu Euskal Herriko eta Kataluniako prozesu-subiranistekin konpromisoa har dezaten, hori baita aukera bakarra, bere kasuan eta soilik bere kasuan, Espainiako Estatua demokratizatzeko; hori baita aukera bakarra, bere kasuan eta soilik bere kasuan, Espainian ere eredu sozial eta ekonomiko bidezko bat eraikitzeko. Dei egiten diegu Argalak esaten zuena onar dezaten, barnera dezaten eta errespeta dezaten: “Euskal langileok ez gara espainiarrak ez eta frantziarrak ere, hutsik euskaldunak baizik, eta haiekin lotzen gaituena ez da nazio berekoak izatea, klase berekoak izatea baizik”.

Militante politikoa izateaz gain, Argala estatu-terrorismoaren biktima ere bada, espainiar estatuaren soldatapeko mertzenarioek hil baitzuten, portzierto, Espainiar Konstituzio loriatu hori bozkara eraman eta 15 egun eskaxera. Bada, gaur da eguna bere hilketak argitu gabe jarraitzen duena. Gaur da eguna ez espainiar estatuak ez berau sustengatzen duten alderdiek beren ardura beren gain hartu ez dutena, ez hilketa horrena, ez eta herri honen kontra erabili duten biolentzia guztiarena ere. Eta gaur da eguna espainiar estatuak herri honen kontra biolentzia erabiltzen jarraitzen duena. Dispertsioa biolentzia delako. Presoen zigorrak bidegabeki luzatzea biolentzia delako. Euskal Herriari nahiz Kataluniari erabakitzeko eskubidea indarrez galaraztea biolentzia delako. Eta garaileen eta garaituen, onen eta gaiztoen, justuen eta injustuen errelato bat inposatzen saiatzea ere biolentzia delako.

Zentzu horretan, egunotan, berriro ere, EAJ, PSOE eta PP, eskuz esku, nor baino nor gehiago eta “demokratago”, betiko kondena-exijentzietara bueltatu dira. Beste behin ere, “zoru etikoez”, “kalte injustuez” eta abarrez mintzatu dira, noski, soil soilik ezker abertzaleari zuzenduta, eta soil soilik ETAren biolentziaz eta ETAren biktimez ari direla. Bada, hainbat gauza esan nahi diegu:

  • errepideetan 16 hildako, espetxeetan 12, eragin dituen dispertsioa diseinatu eta sustengatu zutenek; urte luzez GALen PSOErekin gobernatu zutenek; Tturko, Ina Zeberio, Rosa Zarra edo Kontxi Sanchiz hil zituztenek; berriki, Iñigo Cabacasen hilketaren erantzuleen inpunitate osoa bermatu duten horiek ez daukate inongo zilegitasunik inori etika-lezioak emateko.

  • Estatu-terrorismoa diseinatu, antolatu eta finantzatu zutenek; Lasa eta Zabala bahitu, torturatu, hil eta kare bizitan lurperatu zituztenek; milaka eta milaka euskal herritar torturatu izanaren erantzuleek; aste honetan bertan Espainiako Kongresuan PP-rekin eta C’s-kin eskuz esku tortura iker zedin oztopatu duten horiek ez dukate inongo zilegitasunik inori etika-lezioak emateko.

  • Eta noski, 36ko kuneteroek, Europako alderdi korruptoeneko kideek, frankismoa errefusatzeari uko egiten dioten horiek, Arabia Saudi bezalako “demokraziei” dozenaka milaka tona bonba saldu dizkiotenek, Irak bezalako herrialdeetara gerra egitera joan eta ehunka milaka lagun hil izanaren erantzule diren horiek ez daukate inongo zilegitasunik inori etika-lezioak emateko.

Sinistarazi nahi digute hemen gatazka ETArekin hasi zela, edo are hemen ez dela gatazka politikorik izan; sinistarazi nahi digute hemen biolentzia bakarra, eta biktima bakarrak, ETArenak izan direla; sinistarazi nahi digute gerra zikina, legeen bihurritzea, tortura, komunikabideen itxiera eta abar luze bat gure irudimenaren fruitu baino ez direla direla; sinistarazi nahi digute ETAko militanteak terrorista hutsak zirela…

Bada, argi esango dugu beste behin ere, inork zalantzarik izan ez dezan: ez dugu errelato hori sekula onartu, ez dugu errelato hori onartzen, eta ez dugu errelato hori sekula onartuko. Batetik, ez daukalako zerikusirik herri honetan egiazki gertaturikoarekin. Eta, bestetik, eta batez ere, halako errelato baten gainean ez dagoelako bake justu, egonkor eta iraunkor bat eraikitzerik.

Dei egiten diegu PNV-ri, PSOE-ri eta PP-ri, utz diezaiotela garaileen eta garaituen errelato bat inposatzen saiatzeari; dei egiten diegu behingoz onar dezaten beren biolentziaren eta eurek eragindako sufrimenduaren gaineko ardura, Ezker Abertzaleak dagoeneko egin duen bezala, eta ETAk berak egin zuen bezala; eta dei egiten diegu utz diezaguten gure errelatoa egiten, gure memoria aldarrikatzen, gureak oroitzen… askatasunez eta bakean.

Guk ez daukagu asmorik inori gure ikuspegia inposatzeko; baina, era berean, argi eta garbi diogu: ez dugu onartuko inork guri inposa diezagun zer esan behar dugun, zer pentsatu behar dugun eta are zer sentitu behar dugun.

Aurrera begira jarrita, Argalak hitzetik hortzera ibili ohi zituen hiru balore, hiru printzipio, hiru irakaspen aipatu nahi nituzke: konpromisoa, antolakuntza eta borroka.

Konpromisoa. “El único que puede solucionar los problemas del pueblo, el único que puede solucionar los problemas de los trabajadores, es el propio pueblo, son los propios trabajadores”. Beraz, ez delegazionismorik, ez erosokeriarik. Euskal Herria aske eta gizarte-eredu justu baten aldarrikapena partekatzen duen inortxo ere ezin da etxeko sofan, begira-begira, gelditu. Konprometitu beharra dago. Zeinek ahal edo nahiago duen horretan, baina konprometitu. Herriak bakarrik salba dezake herria.

Antolakuntza. “Todos debemos organizarnos en alguna cosa”, esaten zuen “Argalak”. “Soilik bere burua ongi antolaturiko herriak lor ditzake helburu handiak”, ere bai. 78an bezalaxe, geure buruak antolatu behar ditugu herrietan, lantokietan, ikastetxeetan. Eta geure buruak antolatu behar ditugu Sortun, LABen, Ernain eta, bereziki, EH Bildun. Azken hau baita, 1978an Herri Batasunak bezalaxe, egungo egoeraren aurrean alternatiba bat daukan indar politiko bakarra; espainiar estatuaren aurrean makurtu ez den bakarra; borrokatzeko prest dagoela frogatu duen bakarra. Azken hau da XXI. mendeko Herri Batasuna.

Borroka. Borrokak ekarri gaitu honaino; borrokak ekarri du zutik eta bizirik gure herria XXI menderaino, eta borrokak eramango gaitu askatasunera. Zentzu horretan, esana dugu: oinetakoak aldatu ditugu, bideak aurreko bera izaten segitzen du.

“Ezin izan zena izango da” dio gaurko ekitaldiaren leloak. Eta horrekin bi ideia ekarri nahi izan dugu gogora:

  • Frankismoaren oinordetzarekiko hautsi eta herri burujabetza eta askatasuna erdieste aldera indarrak batzeko saiakera izan zen Txiberta. Orduan ez zen posible izan. Alabaina, 40 urte geroago bai, aipatu norabidean indarrak batuz gero, posible izango da; herri honek lortuko ditu askatasuna eta bakea; herri honek lortuko du estatu independente, sozialista, feminista eta euskaldun bat.

  • Duela 40 urte Arrigorriaga militarki okupatu eta debekatu egin zuten “Argalari” azken agurra eman ahal izatea. Bada, 40 urte beranduago, esanguratsuki, hitzak neurtu beharrean gaude, mingainari kosk egin beharrean, esan nahiko genukeen guztia esan ezinda. Baina, ez egin dudarik, iritsiko da eguna libreki oroitu ahal izango dituguna. Are, iritsiko da eguna omenaldi onena egingo dieguna, ez inork ez ezerk galarazi ahal izango ez duena: garaipena.

Bada, horretarako guztirako, Argalak esango lukeen bezala, “ánimo y a organizarse y a pelear”

Gora Euskal Herria askatuta!

Gora Euskal Herria sozialista!

Gora Euskal Herria feminista!

 

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.