ALBISTEAK

 

‘Bada garaia. Presoak Kalera’ lelopean, eguberrietan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako espetxeetara martxa bana eta Iruñean manifestazioa deitu ditu KALERA KALERAk. Ernai, LAB eta SORTUk partekatzen duten dinamikak unearen garrantzia nabarmentzeaz gainera, parte hartzeko deia egin du konponbide integralaren beharra azalerazteko.

Ezker abertzaleak egindako borrokari eta lanari esker Estatuaren espetxe-politika ankerra baldintzatzea eta pitzatzen hastea lortu du. Orain, PSOE Gobernuan dela, gure ildoa egokitzen asmatu behar dugu. Finean, Estatuaren politikarekin apurtzeko eskemak baliagarria izaten segitzen du, baina egoera berrira egokitu behar dugu. Unea ondo interpretatu behar dugu. Horretarako, konponbidearen agenda adostu behar dugu euskal jendartearekin. Ez da ezker abertzalearen auzia, Euskal Herrian, bizikidetza eta bakea lortzeko, denok dugu ardura aurreko zikloa era integral batean ixteko. Horrek eskatzen du gure konpromisoari eustea, guk daukagun arduraz jabetzea. Estatu espainiarraren blokeoa eta garaituen eta garaileen eskema gainditzeko ezinbestekoa izango da gu guztion lana eta kemena. Guk ez badugu egiten ez baitu inork egingo.

Hori dela eta, KALERA KALERAk uste du sufrimendu guztiak amaitzeko presoen eta iheslarien egoera konpontzea premiazkoa dela. Horregatik, eskubideen aldarrikapenetik konponbide integralerako agenda batera salto egitea proposatu du.

Konponbidearen agenda horrek lehentasunei heldu behar die lehenik eta behin, fase honetan. Egoerarik urgenteenei irtenbidea bilatu behar diegu: preso guztiak Euskal Herriko espetxeetara gerturatu behar dira (ez 500, ez 250 kilometrora); gaixorik diren presoek kalean egon behar dute; ibilbide penitentziarioan aurrera egiteko, lehenengo gradua sistematikoki erabiltzeari utzi behar zaio eta Europak agintzen duen moduan, beste estatuetan betetako zigorrak konputatu behar dira.

Gatazka politikoaren esponente nagusiak dira preso eta iheslari politikoak. Sufrimenduarekin lehenbailehen amaitu behar dugu. Orain da garaia. Bada garaia presoak kalera.

  • Abenduak 22. Zaballara martxa. Subillanatik 11:00

  • Abenduak 22. Iruñean manifestazioa. Autobus geltoki zaharretik, 18:30

  • Abenduak 30. Martuteneko Espetxe Martxa. 10:30, Zinkoenea (Hernani). 11:00, Egiako epaitegia. 12:00etan Martuteneko espetxean.

  • Abenduak 31. Basaurira espetxe-martxa. 12:30 Basauriko udaletxe plazatik.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.