ALBISTEAK

Eneko Compainsen adierazpenak:

• Gaurkoan, nire tortura salaketa artxibatua izan dela iragartzera natorkizue. Oztopoz beteriko ibilbide juridikoa egin ondotik (hainbat artxibo eta Auzitegi Konstituzionalaren babesa tartean) Nafarroako Entzutegiak nire salaketa artxibatzea erabaki du, orain aste batzuk emandako auto lotsagarri baten bidez.

• Dakizuenez, guztia 2010ko irailaren 14an hasi zen. Egun horretan komunikabide gehienek EKINeko buruzagitza atxilotua zela iragarri zuten, 9 euskal herritar, tartean ni. Gutxi izan ziren gertatzen ahal zitzaigunaren gainean arreta jarri zuten medioak, hilabete eta urte haietan tortura salaketak iraunkorrak baziren ere.

• Egun haietako emaitza jakina da. 4-5 egunez benetako infernua bizi izan genuen. Zorionez, zauri gehiago ala gutxiagorekin, onik atera gara denak, eta horregatik, gaur egin nahi dudan lehen gauza nire kideekiko mirespena adieraztea da, erakutsi duten erresilentzia ahalmenagatik. Zuekin harro beti!

• 2010eko urrian bertan sufritutako guztiagatik tortura salaketa ipintzea erabaki nuen. Beste hainbestetan bezala, ikerketa eraginkor bat egiteko determinazioa hutsaren hurrengoa izan zen, eta hala, Iruñeko epaitegiak lehenik eta Nafarroako Entzutegiak gero, kausa artxibatu egin zuten inolako ikerketa diligentziarik egin gabe. Azkenean, Auzitegi Konstituzionalak, Estrasburgoren jurisprudentzia bere eginez (7 ziren ordura arte Europatik jasotako zaplasteko judizialak) ikerketa berriz ere abiatzea exijitu zuen.

• Horrela, nire defentsak urteetan eskatutako frogabideak praktikatu behar izan ziren: 1) Niri deklarazioa hartzea (7 urte beranduago!) 2) guardia zibil eta auzi-medikuei deklarazioa hartzea 3) Istanbuleko protokoloaren aplikazio txostena erantsi… eta abar.

• Orain hilabete batzuk, aipatu diligentziak eginik, Iruñeko epaitegiak berriz ere kausa artxibatu zuen, eta gure errekurtsoaren ondotik , Nafarroako Auzitegiak berdina egin du azken astetan emandako autoan. Hori guzti hori arrazoibide lotsagarri batean oinarrituz.
     ◦ Epaileek diotenez, kasu honetan ez da ahozko epaiketarik egingo nire tortura testigantza ez baitago beste frogabide batek berretsia. Eta hori dio nahiz eta nire kasuan torturak inkomunikazio aldian salatu nituen (auzi medikuaren aurrean); habeas corpusa eskatu nuen torturengatik (egungo barne ministroak komisaldegitik pasa edota nirekin elkarrizketatu ere egin gabe ukatu zidana); eta gainera, salaketa Marlaska epailearen aurrean berretsi nuen inkomunikaturik nengoela.
     ◦ Hori aski ez eta autoak Istanbuleko protokoloa berrespenerako elementu bezala deskartatzen du, nahiz eta gaur egun tortura testigantza baten egiazkotasuna finkatzeko dagoen elementu aurreratuena den
     ◦ Horrekin guztiarekin aski ez bada, zer gehiago egin nezake? Guardia zibilei nire gorputzean tortura-aztarnak uzteko eskatu?

• Ondorioa argia da: berriz ere torturaren inpunitatearen arkitektura osoari berrespen judiziala eman zaio. Une honetan Estrasburgok exijitutako formalitate batzuk betetzen badira ere, Espainiako botere judizialak ez du ikerketa eraginkorrik egin nahi tortura borrokatzeko.

• Kontrara, urte guzti hauetan estrategia argia jarraitu da: tortura onartu, bultzatu eta saritu, berriki egin diren kazetaritza ikerketa lan zenbaitek argi utzi duten bezala.

• Horrek zera adierazten du argiki: 78ko erregimenak, demokrazia izatetik urrun, askoz antza handiagoa daukala Turkiarekin, demokrazia kontsolidatuak izan daitezkeen Suedia, Uruguay edota Boliviarekin baino, adibide batzuk jartzearren baino ez.

• Nire aldetik, azken kontu bat: gaur bukatutzat ematen dut torturaren aurkako nire bataila judiziala. Energia eta esfortzu gehiegi gastatu ditugu honezkero antzua suertatu den bide horretan. Baina ez dezala inork pentsa etxera joango naizenik. Kalean egongo naiz, milaka eta milaka herritarrekin batera, torturen biktimentzat justizia, aitortza, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak exijitzen. Bake justu baten alde egin dezakedan ekarpenik onena delakoan nago.

Erregimenaren aldeko hainbat lobbyk epaileengan eragiten duten presioa salatu du Sortuk

Haritz Romeok 2 hausnarketa plazaratu ditu Eneko Compainsen kausaren artxiboari lotuta:

1.Torturaren ebidentziari dagokionez:

-Torturatzaileen zigorgabetasuna eskandalu bat da. Berriro ere, dohainik atera zaie. Auzitegi nazionalaren onespenarekin Eneko eta bere kideak krudelki torturatuak izan ziren beren militantzia politikoa baieztatu eta konfesioak lapurtu nahian. 120 sufrimendu ordu ideiak espetxeratzeko.

-Ez omen du garrantzirik Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak Estatu espainiarra 7 aldiz zigortu izana 7 euskal herritarren tortura salaketak ez ikertzeagatik, horietatik 3 nafarren tortura salaketengatik hain zuzen ere. Torturaren Prebentziorako Batzorde Europarrak 10 atxiloturen tortura salaketak sinesgarritzat hartu izana ez omen da garrantzitsua ere.

-Euskal herrian torturatu dela ebidentzia bat da, jende guztiak daki hori. Ikerketa eta txosten ezberdinetan akreditatu da tortura militante independentisten kontra erabili dela. Horien artean kokatzen da Eusko Jaurlaritzak berriki bultzatutakoa, EAEn 4000 kasu baino gehiago egiaztatu dituena.

-Noizko horrelako ikerketa bat Nafarroan? Zeren zain dago Nafarroako Gobernua herrialde honetan izandako tortura kasuak ikertzeko? Ezinbestekoa da gertatutako guztia egiaztatuko duten ikerketa tekniko eta independenteak egitea. Pertsona hauek guztiek Estatuaren funtzionarioen esku izandako sufrimenduaren onarpena eta erreparazioa merezi dute.

2. Bigarrenik, kausaren artxiboak honako galdera sortzen digu: Nafarroako botere judizialak zergatik begiratzen du beste alde batera?

-Perspektiba bakar batetik uler daiteke: boteregune batzuei ez zaie interesatzen epailetzak egiazko ikerketa lana egin eta hauek bezalako gertakariak argitzea.

-Oso kezkagarria da Erregimenak, hau da, UPN, PP, PSN, Opus Dei eta konpainiak hainbat estamentutan duten eragina. Nafarroako Epaitegiak modu independente eta objetiboan justizia banatu baino, bere sententzien bidez hainbat eliteren interesak babesten ari da.

-Erregimenaren aldeko hainbat lobbyk epaileengan egiten duten presioaren jabe gara. Eremu ezberdinetan izandako sententziak ulertzeko modu bakarra da eta horiek guztiak ildo nagusi bati erantzuten diote: nafar jendartearen eskubide eta askatasunen gainetik status quoaren defentsa lehenestea. La manada, ikurrina Udaletan jartzeko debekuak, D ereduko haur eskolak, lan eskubideen urraketa... sententzia hauek guztiak Nafarroan gauzak egiteko modu bakarra mantenaraztera datoz.

-Gauzak horrela, nafar epailetzaren irain areagotze honen aurrean Sortuk honako konpromisoa hartzen du: Nafarroako erakundeetan Erregimenak duen eragina desegiteko esfortzuak biderkatzera goaz. Iraganera lotzen gaituzten tentakulu guztiak mozteko ordua da, Nafarroan aldaketa politiko eta sozialean aurrera egiteko ate eta leihoak irekitzen jarraitzeko unea da.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.