ALBISTEAK

SORTUk bat egiten du Euskal Herriko Mugimendu Feministak azaroaren 25erako deitu dituen mobilizazioekin eta testuinguru honetan egin duen irakurketarekin.

Salatu nahi dugu egungo “justizia” ez dela halakorik. Mugimendu feministak egin duen irakurketarekin bat eginez, justiziak eta bere hierarkiak ikuspegi patriarkal eta punitibo hutsa birproduzitzen dutela salatzen dugu. Esparru horretan ematen den asistentzia eta eskaintzen diren prozedurak hutsunez beteak daude, erasoak pairatu dituzten pertsonen kaltetan.

Zoritxarrez, gaur-gaurkoz, euskal erakundeek ez dute eskumenik esparru judizialean behar den aldaketa eragiteko, ez eta sexuen arteko berdintasuna arautzeko. Horrek gure interbentzio gaitasuna kaltetu eta mugatzen du.

Indarkeria sexistaren adierazpideak berritzen ari dira, eta gero eta konplexuagoak dira. Gure interbentzioa eraginkorra izatea helburu badugu, kontuan izan behar dugu indarkeria matxista emakumeok pairatzen dugun botere-harreman eta diskriminazio-egoera mantentzeko tresna dela. Hau da, egungo protokoloak eta interbentzio bideak hobetu egin behar dira, eta soilik egungo sistema errotik aldatuta gaindituko da indarkeria sexista. Erronka honen tamaina barneratu behar dugu, beraz.

Hori guztia kontuan izanda, gure ustez Euskal Herrian badago sentsibilitate, indar sozial eta antolatutako eragile nahikoa indarkeria matxistari aurre egingo dion interbentzio eraginkorra diseinatu eta martxan jartzeko. Horrek eztabaida politiko sakona eskatzen du, interbentzio koordinatu bat eta tresna eraginkorrak, komunitate gisa, herri gisa. Prozesu hori garatzeko, ezinbestean, emakumeon protagonismoa eta ahotsa behar da.

Bien bitartean, eragile orok badugu ardura indarkeria sexistaren espresio orori aurre egiteko. SORTUk badu horretarako barne tresna bat, eguneratzen ari garena, eta filosofia horrekin bat egin nahi duena. Zero tolerantzia eta eraldaketaren ikuspegian oinarritzen da.

Horregatik guztiagatik, SORTUk uste du bestelako baloreetan oinarritutako sistema judizial bat izango duen euskal demokrazia eraikitzea behar-beharrezkoa.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.