ALBISTEAK

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Bateraguneko bost auzipetuek epaiketa justurik ez zutela izan berretsi ondoren, SORTUk sententziaren balorazioa eskaini du prentsaren aurrean. Agerraldian haietako lau izan dira (Sonia Jacinto, Rafa Diez, Arkaitz Rodriguez eta Miren Zabaleta). Bosgarrenak, Arnaldo Otegik, ezin izan du parte hartu atzerrian baita. Hauxe da Arkaitz Rodriguezek adierazitakoa:

 

Atzokoa egun beltza izan zen Espainiako Estatuarentzat. Bi sententzia ezagutu genituen eta biek agerian uzten dute Estatua erabat antidemokratikoa dela, justizia manipulatzen baitu Espainiaren batasuna eta elite ekonomikoa defenditzeko. Horrek guztiak ezker abertzaleak azken 40 urteotan egindako analisia berretsi baino ez du egiten: haustura demokratikoa beharrezkoa da, herri- eta langile-sektoreen mesedetan.

Bateragune auziko sententziari dagokionean, lehenik bihotz-bihotzez eskerrak eman nahi dizkiegu azken urteetan haien elkartasuna erakutsi diguten milaka lagun eta antolakunderi, bai Euskal Herrian, bai Katalunian, bai Estatuko gainerako lurraldeetan, bai mundu zabalean.

Atzoko sententziak egiaztatzen du denbora guzti honetan egia esan dugula eta Estatua gezurretan aritu dela. Gure atxiloketaren eta kartzelaratzearen bidez, ezker abertzalearen estrategia aldaketa oztopatzen ahalegindu zen Estatua. Estrategia politiko-militar batetik estrategia politiko eta demokratiko hutsera igarotzea oztopatu nahi izan zuen. Azken batean, ahalegina egin zuen oztopatzeko herri honetan burujabetzaren alde existitzen den gehiengoa politikoki eta instituzionalki eragingarri bihur zedin. Horretarako, errelato faltsu bat eraiki zuen, eta gero juridikoki jantzi egin zuen.

Orain, gauza bera egiten ari dira Katalunian. Auzitegi Gorenean eta Auzitegi Nazionalean buruzagi independentista kataluniarren aurkako prozesuak gure aurka erabili zuten prozesuaren ezaugarri eta helburu berberak ditu. Bateragune katalana dela esan dezakegu.

Orain, lehen bezala, justizia instrumentalizatzen da, errelatu faltsu bat eraikitzen da, eta atxilotuek indarkeria-estrategia baten baitan jardun zuten ideia proiektatzen dute. Fartsa-epaiketa baten bidez, politikoa baino ez den erabaki bat jantzi nahi dute. Orain, orduantxe bezala, botere judizialak estatu-estrategia bati eutsi dio. Arazoa ez baita Murillo edo Llarena; arazoa da Estatuaren estrategia osoa, proiektu politiko jakin baten zerbitzura dagoena. Eta orain, lehen bezala, helburua da kataluniar gizartearen gehiengoaren borondatea neutralizatzea.

Eta galdera hau da: zergatik dihardu Estatuak modu horretan? Espainiako estatuak ez du eskaintza demokratikorik ez Euskal Herriarentzat ez kataluniarentzat, eta demokratikoki euskal eta kataluniar gizarteak seduzitzeko gaitasunik ez duenez, GAL judizialera jotzen du, justiziaren instrumentalizaziora, legeak bihurritzera, brunete mediatikora, errepresio gordinera... Indarkeriara, azken batean, justiaziaren instrumentalizazioa indarkeria baita, legeak helburu politikoekin bihurritzea ere indarkeria den moduan, eta, nola ez, iazko urriaren 1ean Katalunian egindakoa ere indarkeria den moduan.

Argi eta garbi esan beharra dago: Estatua da bere helburu politikoa inposatzeko indarkeria erabiltzen duen bakarra. Kolore bateko gobernua ala bestekoa izanda ere gertatzen da, argi eta garbi.

Estatuak bere bere estrategia bortitza alboratu behar du. Bide politiko eta demokratikoetara urratsa egin behar du. Bere proiektu politikoa, Espainiaren batasuna, indarkeriaz inposatzeari utzi behar dio.

Estatuak bere errepresio-artsenal guztia desarmatu behar du, salbuespen-legedia eta -epaiketekin amaitu behar du. Horrez gain, Euskal eta kataluniar presoak bahitu politiko gisa erabiltzeari utzi behar du. Azken batean, estatuak eskubide nazionalak eta gehiengoaren borondatea onartu beharra du Euskal Herrian eta Katalunian. Bidegurutze historiko honetan, euskal herritarrok eta kataluniarrek indarrak batu behar ditugu eta estrategiak adostu, hauteskunde alorrean, politikagintzan eta gizartean, bai Madrilen aurrean bai Bruselaren aurrean. Jakin badakigu Espainiako Estatuak ez duela ibilbide hori borondatez egingo.

Abestiak dioen moduan, elkarrekin bultza eginez gero laster eroriko da.

Horrez gain, konfiantzarako dei egin du SORTUk. Lehen ere ez zuten lortu eta orain ere ez dute lortuko: euskal herritarrok eta kataluniarrek bakearen, demokraziaren eta justiziaren aldeko borroka hau irabaziko dugu.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.