ALBISTEAK

Txiki eta Otaegiren fusilamenduaren 43. urteurrenean, Arkaitz Rodriguez SORTUko idazkari nagusiak Ahaztuak-ek antolatutako oroimen-ekitaldian parte hartu du Zarauzko hilerrian. Hona hemen bere adierazpenak:

“Gaur, Juan Paredes Manot “Txiki” eta Angel Otaegi, Frankismoaren azken fusilatuen memoria aldarrikatzera gatoz. Era berean, faxismoaren aurka eta gure herriaren askapen sozial eta nazionalaren alde borroka egin zuten ehunka eta ehunka euskal herritar ere omendu nahi ditugu.

“Errelato propioa egiteko eskubidea dugula aldarrikatu nahi dugu. Herri honetan gertatu denari buruzko errelatoak anitza izan behar du, errelatoen aniztasuna behar dugu, bestela esanda. Guk ez diogu inori inposatuko geure ikuskera, baina, modu berean, ez diogu inori onartuko garaileen eta garaituen errelato bat inposatzea. Ez dugu onartuko zintzoen eta gaiztoen, justuen eta injustuen errelatorik inposatzea.

“Batzuek sinestarazi nahi digute herri honetan ez dela gatazka politikorik egon, herri honetan ETAren indarkeria baino ez dela existitu, etakideak terrorista hutsak zirela edo geure imaginazioan baino ez direla existitzen milaka pertsona torturatu edota estatu-indarkeriak hildako jendea. Ezker abertzaleak ez du errelato hori onartuko, lehenengo eta behin, ez duelako zerikusirik benetan gertatu denarekin; eta bigarrenik, horrelako errelato batekin ezin delako bakea eta bizikidetza eraiki.

“Horrez gain, zera salatu nahi dugu: orain dela 40 urte frankismoa zuritzeko Legea ezarri zen. Zigorrik gabe utzi zituzten frankismoaren krimen guztiak, eta gure herriaren eta Espainiako Estatuaren artean gatazka luzatu zuen. 40 urte geroago, gisa horretako beste lege bat onartzeko asmoz dabilenik ere bada, azken 40 urte hauetan Estatuak eragindako krimenak berriz ere zigorrik gabe uzteko, gatazkaren konponbideari irtenbide justu eta iraunkor bat eman beharrean. Onartezina eta erabat arduragabea da.

“Herri honek bake justu eta iraunkorrerako eskubidea du eta hori lortzeko zera behar da: biktima guztien aitortza eta erreparazioa; egia osoa azaleratzea; eta herri honek bere etorkizuna modu libre eta demokratikoan erabakitzeko eskubidea onartzea eta errespetatzea”.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.