ALBISTEAK

 

Egun gutxi barru, kalean izango da Iratzar Fundazioak argitaratzen duen 'Erria' aldizkariaren bigarren zenbakia. Gogoeta egiteko funtsezko edukiak jasotzen ditu herri honen askapen nazional eta soziala lortzeko lanean dugun guztiontzat: estatu-egiturak eta boterea eraikitzeko gakoez luze eta zabal mintzatu dira Zuriñe Gojenola eta Pello Otxandiano SORTUko Herrigintza idazkariak; Anaiz Funosasek Ipar Euskal Herriko prozesu sozial, politiko eta instituzionalaren nondik norakoak argitu ditu; argitalpenean erreparatu zaie trantsiziozko justiziari, eremu urbanoen garrantziari, ekonomia neoliberalaren faltsukeriari, kontzientzia feministari, Txabi Etxebarrieta eta trantsizioko kultura politikoaei, berdintasuna riEskandinaviako herrialdeetan....

Horrez gain, perspektibaz idatzitako artikulu bat ekarri digu Rafa Diezek 'Erria' aldizkarira, 'Txibertatik estatus berri baterako akordiora' izenburupean. Hemen uzten dizuegu, aldizkariaren aurrerapen gisa, irakurketra aproposa baita Lizarra-Garaziko akordioaren 20. urteurrena ospatzen dugun egun honetan:

 

Txibertatik estatus berri baterako akordiora

EAJk eta EH Bilduk EAErako estatus politiko berriaren oinarrien inguruan lortu duten akordioa esanahi eta garrantzi politiko handiko urratsa da. Euskal Herriaren zati bati soilik dagokion arren, une politiko honetan ezker abertzalearen estrategia nazional independentistan izango duen eragina ukaezina da.

Akordioaren garrantziaz ohar gaitezen, ezaugarri bertsuak dituzten bi koiuntura aipatuko ditugu. Batetik, frankismoaren agonia eta trantsizioaren hasiera. Koiuntura hartan, akordioak eta konpromisoak bilatu ziren trantsizio horretarako oinarri sendo batzuk adoste aldera (askatasun demokratikoak eta Hegoalderako autonomia, euskal nazioa eta eskubide nazionalak aitortuz). Bestetik, gaur egungo koiuntura, zeinean nazio aitortzarako eta burujabetzarako marko bateranzko trantsizioa abiatu dugun, hiru faktore nagusiren eraginez: Hego Euskal Herriko autonomia-amejoramendu markoaren agorpena, ezker abertzalearen aldaketa estrategikoa eta ETAren desagerpena. Halaber, eta estrategia nazional baterako oso garrantzitsua den balio erantsi gisa, Euskal Elkargoa sortu da eta lehen urratsak egiten ari da. Euskal Herri kontinentalak azken 200 urteetan lehen aldiz lortu duen marko instituzionala da eta, haren jarduera esparrua mugatua den arren, eragin nabariko aktore politiko gisa legitimatu da. Horri dagokionez, nabarmentzekoak dira Kanboko goi bileran izandako inplikazio “instituzionala” –ETAren erabakiari proiekzioa emanez– eta Frantziako Estatuan presoen inguruan egindako kudeaketa politikoa.

Frankismoaren bukaera – trantsizioaren atarikoa – Txiberta

Frankismoaren garaian, belaunaldi berri bat EAJren geldikeriaren eta kontserbadurismo ideologikoaren aurrean altxatu zen eta borroka nazionala garai hartako pentsamendu korronteekin uztartu zituen mugimendu emantzipatzaile bat garatzeari ekin zion, Kuba, Aljeria eta nazio askapenerako beste mugimendu batzuk eredutzat hartuz. Ia bi hamarkada iraun zuen borroka horren ostean, frankismoak trantsizio prozesu bat diseinatu zuen, helburu argi batekin: indar sozialen korrelazio berriek bultzaturik Hego Euskal Herrian nahiz Espainiako Estatuan “aldaketaren” alde altxatzen ari ziren olatuak neutralizatzea.

Erreformaren eta hausturaren arteko dialektika une politiko hartako ezaugarri nagusia izan zen, eta zeharo markatu du Estatu aparatuek –polizia, judikatura, botere ekonomikoak, hedabideak…– orduz geroztik izan duten bilakaera. Demokrazia formal batera egokitzeko “birmoldatu” baziren ere, funtsean aparatu horiek guztiek frankismoaren oinordeko gisa jardun dute gaur egunera arte. Bestetik, PSOEk, PCEk, EAJk eta CIUk erreformaren aldeko hautua egin izanak zaintzapeko trantsizio ordenatua erraztu zuen. Frankismo politiko-soziologikoa, berriz, itxuraldatzen joan zen eta alderdi berriak osatu zituen: UCD, AP eta, azkenik, nola ez, Fragaren Alderdi Popularra (PP).

Funtsean, garai hartan planteatu zen arkitektura instituzionala (konstituzioa eta estatutuak) ez zen izan “erreforma” negoziatu zuten alderdien lana, baizik eta beren borroka politiko eta sozialaren bidez frankismoa higatu eta baldintzatu zuten erakundeen eta gizarte sektoreen lorpena. Hau da, sistema halabeharrez iritsi zen konstituzio “horretara” eta “egungo” estatutuetara, bere borondatearen kontra, ia bi hamarkadako borrokaren ondorioz kontzientzia nazional eta sozialak egindako aurrerapena asimilatzeko asmoz. Norbaitek uste al du, esaterako, trantsizioa berdina izango zela Carrero Blancorekin? Norbaitek uste al du ENAMen borroka tartean egon ez balitz frankismoaren oinordekoek gogo onez onartuko zituztela estatutuak, hasieran “kafea guztientzat” eta azkenean “deskafeinatua guztientzat” eredua ezarrita ere? Gaur egungo estatutu markoa arrakalaz josita eta oso murriztuta dagoen arren, EAJk inolako lotsarik gabe aldarrikatzen du bere negoziazio “abileziaren” eta apustu historikoaren fruitua dela, baina, egiari zor, eduki haiek ENAMeko erakundeok EAJren eta haren buruzagien absentzia ia erabatekoarekin egin genuen borrokaren eta bultzatu genuen indar korrelazioaren ondorio izan ziren.

Abagune historiko hartako bidegurutze politikoan, orduko ezker abertzalea herri akordio bat lortzen ahalegindu zen (Txiberta), frankismoaren aurkako borrokan metatutako giza kapitala xahutuko luketen bide “erreformistak” eragotzi nahirik, baina EAJk borroka horren “intxaurrak” jaso nahi zituen eta uko egin zion haustura demokratikoaren aldeko ezein konpromiso hartzeari. Honako hauek izan ziren euskal esparru nazionaletik haustura demokratikoari begira proposatu ziren konpromisoen oinarriak: preso politikoen askatasuna, erakunde independentisten legeztapena, autodeterminazioa eta lau herrialdeetarako estatutua.

Beraz, Txibertako elkarrizketak abertzaletasunaren bi “arimen” arteko konbergentzia taktikorako lehen saiakera izan ziren. Haien osteko dibergentzia politikoak 80ko hamarkada osoa eta 90eko hamarkadako urte gehienak markatu zituen, harik eta beste inflexio puntu bat iritsi zen arte: Lizarra-Garazi.

Lizarra-Garazi: alferrik galdutako aukera

Hego Euskal Herriko agertoki politikoaren etorkizunari begirako bi estrategia ezberdin elkartu ziren Lizarra-Garazin. EAJk EAE mailako “kudeaketaren” eta “instituzionalizazioaren” aldeko hautua egina zuen (sektore postfrankistek PSOEri inposatu zioten lurralde zatiketa onartuz), loapizatuta eta bere gauzatze praktikoan guztiz baldintzatuta zegoen autonomia estatutu baten bidez. Instituzionalizazioak bi helburu nagusi zituen: gure herriaren nerbio garrantzitsuenetan aurrera egitea (euskara, kultura, industria) eta, horrekin batera, egitura “administratibo” osoaz jabetzea, ENAMen estrategiari gorputza ematen zion mugimendu sozial eta sindikala neutralizatzen joateko. Horri dagokionez, gogorarazi beharra dago “erreformaren” sindikatuak ez zirela CCOO eta UGT soilik. Izan ere, ELAk Gernikako estatutua babestu zuen eta monopolio erregimenean instalatu zen administrazio publiko berrian.

Hala ere, garai hartan, oinarrizko eduki politiko batzuen inguruan bi eremu abertzaleen arteko konbergentzia lantzeko aukera sortu zen. Bi izan ziren abagune horretara eraman gintuzten faktore nagusiak: batetik, eredu autonomikoaren inguruko inboluzio gero eta handiagoa Estatuaren aldetik –transferentzien izoztea, lege organikoen eta Auzitegi Konstituzionalaren bidezko higatzea…–; bestetik, ENAMen erresistentzia, nazio aitortza eta burujabetza aldarrikatuz eta, horrela, EAJk bere egin zuen Konstituzio-Estatutu-Amejoramendu diseinua baldintzatuz. Lizarra-Garazin gaude.

Lizarra-Garazin planteatu ziren oinarriek erreferentzia nazional bat ireki zuten, lehenbiziko aldiz, mugimendu abertzalearen estrategian, eta konbergentzia puntu nahikoa ziren etapa politiko berri bat irekitzeko, baina azkenean, aurreko hogei urteetan bi sektoreak ezaugarritu zituzten joerek akordioa zapuztu zuten. Batetik, EAJri kohesioa eta borondate politikoa falta zitzaizkion Estatuaren aurrean zeukan ‘status quo’-a arriskuan jarriko zukeen konfontrazio demokratiko bati ekiteko. Ez zegoen horretarako prestatuta. Bestetik, zaila zen ezker abertzalearen kultura politiko-militarra epe laburrean bideratzea eta egokitzea. Hau da, Txibertan sortutako estrategia dibergenteen ostean eraiki ziren joerek pisu handia izan zuten, Lizarra-Garazik XX. mendearen amaierako “eredu katalan” moduko bat irekitzeko zeukan ahalmena baino indartsuagoak izan ziren.

Lizarra-Garaziko saiakeraren porrotaren ostean, autonomismoaren eta burujabetza markoaren arteko trantsizioa gelditu egin zen. Testuinguru horretan, EAJk eta ezker abertzaleak beste “saiakera” batzuk egin zituzten, zeinek bere aldetik, hala nola, hurrenez hurren, Ibarretxe Plana eta Loioa. Lizarra-Garazik utzi zituen txingarretatik piztutako suak izan ziren, baina ez ziren euskal muskulu sozial osora hedatu. Gizarterik gabeko prozesuak izan ziren, instituzionalak edo isilpekoak, eta, azkenean, fase politiko bat agortu zuten. Gutxienez, ezker abertzalean hala ikusi genuen aldaketa estrategikoari ekin genionean.

Aiete-Kanbo – Aldaketa estrategikoa

Aldaketa estrategikoa egitera eraman gintuen hausnarketa konbentzimendu sendo batetik abiatuta egin zen: ezinezkoa da autonomiaren eta burujabetzaren arteko trantsizio politikoa egitea estrategia politiko-militar baten markoan. Horretarako, ezinbestekoa da beste etapa bat irekitzea borroka politikoaren euskal agertokian. Autonomismoaren kontrako borrokaren uzta jasoz, euskal gizarteak indar korrelazio berri bat artikulatu behar du, nazio aitortza, erabakitzeko eskubidea eta burujabetza politiko eta ekonomikoa helburu eta oinarri. Horrekin batera, indartu egin behar da ezker abertzalearen proiektu estrategikoa, hau da, Euskal Errepublika sozialista, euskalduna eta ez-patriarkala.

Aietetik Kanboraino ETAk hartutako erabakiekin batera, ezker abertzale osoaren erabaki autonomoak forma eman dio fase politiko berri honi. Hego Euskal Herrian, mapa instituzionala sakonki aldatu da. Gaur egun, ezker subiranista-independentista EAJren alternatiba bakarra da EAEn, eta erregimena bota duen aldaketaren gehiengoaren funtsezko kidea Nafarroan. Ipar Euskal Herrian, testuinguru politiko berriak aldarrikapen bateratuak indartu ditu eta, besteak beste, hiru herrialdeen lehen aitortza instituzional-administratibo bat egitera behartu du Paris. Bestetik, borroka armatua euskal ekuazio politikotik desagertu izanak Estatuaren estrategiaren bizkarrezurra hautsi du, kohesio sozialari eusteko eta subiranismo politikoa neutralizatzeko tresna gisa erabiltzen baitzuen borroka antiterrorista. Azkenik, Kataluniako prozesuaren bilakaerak eta Estatua erantzun politiko bat emateko gai ez izateak inork espero ez zuen irismena hartu duen “fronte” bat ireki dute Katalunian.

PP eta EAJ aldaketa politikoaren prozesua geldiarazten saiatu dira. Horretarako, Estatuak bahitu gisa erabiltzen ditu presoak, eta EAJk inboluzio politikoa bultzatu du arlo nazionalean eta inboluzio kontserbadorea termino ideologiko-sozialetan. Horren ondorioz, aldagai instituzional horien garapena ez zen uztartzen ari dinamika sozial konbergente eta progresibo batekin. Baldintzak emanda zeuden. Teorikoki, antolakuntza subjektuak ere bai. Baina, berriro ere, EAJ ez zen ausartu Estatuari aurre egitera goraka ari zen ezker subiranistaren eskutik, eta beste eragile batzuk –haien artean ELA– egoera berriarekin espekulatzen aritu ziren, beraien interes espezifikoei kalte egingo zien beldurrez.

Horren guztiaren ondorioz, bizpahiru urtez nolabaiteko nahasmena eta zailtasunak egon ziren autonomismoaren osteko fase honi ekiteko. Orain, berriro diogu, 77-79ko trantsiziokoaren antzeko bidegurutze batean gaude. Berrogei urte geroago, sakontasun politiko handiko dekantazioen bidegurutze batean gaude, pairatzen ari den lurralde krisia konpontzeko eskaintzarik eta terapia estrategikorik ez daukan Estatu baten aurrean.

Horri dagokionez, Txiberta berri bat ekiditeko tenorean gaude. Konbergentzia bat artikulatzeko aukera dugu, Euskal Errepublika eratzeko bidean jauzi kualitatibo bat egitea ahalbidetuko diguten oinarri sendo batzuen gainean: nazio aitortza, erabakitzeko eskubidea, euskal eskala demokratiko eta sozial baterako botere-funtsa, gure autogobernu-burujabetza markoen blindajea, eta euskal eta nafar subjektuen eta Estatuaren arteko aldebikotasuna marko konfederal batean.

EAJk eta EH Bilduk EAEn adostu duten Oinarri eta Printzipioen akordioa Txibertan ezinezkoa izan zen eta Lizarra-Garazin, Ibarretxe Planean edo Loiolan garapenik gabe utzi genuen elkargune historiko hori izan daiteke, nahiz eta Podemosek “zikin” jokatu duen, eredu plurinazional eta konfederal bati uko eginez. Ezker abertzaleak horizonte kolektibo hori bultzatu eta eraiki nahi du, arlo instituzionalean nahiz sozialean herri honek jauzi politiko bat egin dezan Euskal Errepublikarantz aurrera egiteko estrategian. Garrantzi handiko “eskailera maila” politiko bat igo ahal dugu, gure mapa nazionala jostearekin batera.

Egoera onean iritsi gara une eragakigarri honetara: behar adinako indar korrelazio instituzionala, jauzi politikoaren bizkarrezurrean –erabakitzeko eskubidea– posizio irmoak dituen mugimendu soziala, euskal eskalan txertatzen ari diren eta ardatz nazionala indartzen duten dinamika sektorialak eta, horizonte kolektiboa berreskuraturik, ahalmen ikaragarria daukan erakunde sarea. Aurrera egiteko unea da.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.