ALBISTEAK

[Amaia Izko abokatuak torturatu talde zabal batekin eskainitako hitzartzea]

Torturaren Biktimen Nazioarteko egun honetan ezin gara ixilik gelditu. Izan ere, milaka dira Espainiako komisaldegietan torturak jasan dituzten herritarrak. Horien guztien minak ere aitortza behar du bakean eta bizikidetzan oinarritutako herri batean bizi ahal izateko.

Orain egun batzuk, nire atzean dauden herritarrek eta beste askok, izua, beldurra eta oinazea berriro sentitu zuten Fernando Grande-Marlaska epailea barne-ministro izendatu zutela jakitean. Min izugarria. Ez da gutxiagorako: Auzitegi Nazionaleko instrukzio-epaile zenean, bere bulegotik ehunka euskal herritar igaro ziren, egun batzuk poliziaren esku inkomunikaturik eman ondoren, eta torturak salatu zituzten. Marlaskak atxiloketetan ez zuen inolako neurririk ezarri tortura saihesteko, gehienetan espresuki eskatu bazitzaion ere. Atxilotuak bere aurretik modu nabarmenean suntsituta pasa arren, dozenaka pertsonak bere aurrean torturak salatu arren, Marlaskak beti ezikusiarena egiten zuen, mespretxuz erantzuten ez zuenean.

Instrukzio-epaile guztien artean, bere ardurapean atxilotutakoen tortura-salaketa gehien pilatu dituen epaileetako bat dugu Marlaska. 223 euskal herritarrek era guztietako tratu txarrak eta torturak salatu zituzten haien atxiloaldietan. Ondoren, Istanbulgo protokoloak egiaztatu du tortura-salaketa horiek benetakoak zirela.

Horrez gain, 2004az geroztik, Estrasburgoko giza eskubideen auzitegiak bederatzi aldiz kondenatu du Espainiako Erresuma, tortura salaketak behar den moduan ez ikertzeagatik; horietatik, sei lagnen kasuan Marlaska bera zen instrukzio epaile.

Lazgarriak dira Marlaskaren atxiloaldien torturatuen lekukotzak. Horien artean, Tortura Prebenitzeko Europako Batzordeak sinesgarritasun osoa eskaini zion komisaldegian bortxatu zuten Beatriz Etxeberriaren kasuari edota Estrasburgoko giza eskubideen auzitegiak Espainiako erresuma zigortu zuen Igor Porturen eta Mattin Sarasolaren kasuak.

Guztira, ikaratzeko moduko 223 testigantza dira. Honelako epaile anker bat barne-ministro izendatzeak tortura jasan duten guztiak iraindu ez ezik, sentitzen duten mina ere areagotzen du.

Izendapen honek eragiten duen larritasuna dela eta, torturatuek eta ezker abertzaleak zera adierazi nahi dugu torturaren biktimen aldeko nazionarteko egun honetan:

  • Fernando Grande-Marlaska barne ministroari exijitzen diogu eragindako minaren aitortza egin dezan. Bere jardunak tortura ahalbidetu zuen, bai ETAk ekintza armatuak egiten zituen sasoian baita ondoren ere. Torturatutako pertsonek erreparazio moral hori behar-beharrezkoa dute.

  • Kasu askotan, tortura bidez lortutako inkulpazioak eta autoinkulpazioak izan dira jendea zigortzeko froga bakarra. Egoera hau ere, lehenbailehen aintzat hartu beharko da eta hausnarketa sakona egin beharko da horren inguruan.

  • Ireki berri zaigun agertoki berri honetan, justizia trantsizionala aplikatzeko aukera paregabea dute Marlaskak berak eta Sanchezen Gobernuak. Ezker Abertzalea prest dago hamarkada luzez bizi izan dugun gatazkaren konponbidean ekarpena egiteko gainerako eragile guztiekin batera, justizian, bizikidetzan eta bakean oinarritutako gizarte justu bat eraikitzeko.

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.